En directo

NAIZ Irratia
Entrevista
Eider Mendoza
Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea

«Errepideen mantenua bidesariekin ordaintzen ez bada, zergen bidez egingo da»

Gipuzkoako egoera politikoaren errepasoa NAIZ Irratian, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailearekin. Errepideen zein hondakinen kudeaketa defendatu du eta erresidentzietako lan gatazkaz, berretsi du «sindikatuen eta patronalaren artekoa» izan behar duela konponbideak.

Audio_placeholder

«Errepideen mantenua bidesariekin ordaintzen ez bada, zergen bidez egingo da»

Loading player...
Eider Mendozak NAIZ Gunean eman du Gipuzkoako egoeraren berri.
Eider Mendozak NAIZ Gunean eman du Gipuzkoako egoeraren berri. (NAIZ Irratia)

Liskar betean dira Gipuzkoako garraiolariak eta Gipuzkoako Foru Aldundia, bidesariak direla-eta, Aldundiaren asmoa baitzen hainbat errepidetan garraiolariek soilik ordaintzea errepideak erabiltzeagatik. Aukera hori atzera bota dute auzitegiek. Azken polemika, Bergara eta Beasain arteko A-636 errepidean gorpuztu da, bertan dagoeneko jarri baitute erabiltzaile orok ordaindu beharreko bidesari berria. Horixe da GFAren helburua Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak dioenez, errepidea erabiltzen duenak baino ez ordaintzea. «Errepideen mantenua bidesariekin oradaintzen ez bada, zergen bidez egingo da» esan eta gaineratu du Europar Batasunak zehaztutako ildoak betetzen ari direla: «Europako zuzentarauak dioena da erabiltzeagatik ordaindu behar direla errepideak».

Adierazpenak datutan jarri ditu Mendozak: «15,5 kilometroko errepide honen (A-636  errepidea) urteroko mantenua 2,5 milioi eurokoa da». Zerga bidez ordainduko balira, «horrek sekulako inpaktua izango luke» Gipuzkoako aurrekontuan bozeramailearen arabera. Mendozak iradoki du bestelako obra edo lan batzuk ezbaian egongo liratekeela.

Hondakinen kudeaketa

Erraustegi hitza zuzenean aipatu ez badu badu ere, Mendozak lurraldean egin duten hondakinen kudeaketaren defentsa egin du. «Azpiegitura nagusia martxan da, zerbitzua ematen du eta inolako arazorik gabe. Zorionez irtenbidea eman diogu azken urteetan genuen arazo handi bati». Kritiken aurrean, gogorarazi du erraustegia martxan izan aurretik Gipuzkoako hondakinak beste lurralde batzuetara bidaltzen zirela. «Hori ez zen irtenbide bat», nabarmendu du Mendozak.

Udalak proiektuaren aurkakotasuna agertu duen arren, Bergarako hondakinen tratamendurako zentroa eraikitzeko aukera ez du baztertu nahi GFAk; «aukera guztiak mahai gainean daude» Mendozaren arabera. Azaldu duenez, inork ez du halako azpiegiturarik nahi «bere etxean» baina beharrezkoak direla dio.

Erresidentziak

Aldaketarik ez da eman Gipuzkoako adinekoen egoitzetako lan gatazkari dagokionez. Bi urtetik gora dira jada greban bertako langileak. «Aldarrikapenak zilegi» direla esatearekin batera, Aldundiak orain arte esandakoari eutsi dio Mendozak, alegia, «aldarrikapen horiei irtenbide bat emateko patronalak eta sindikatuek mahai baten inguruan eserita egon behar dute. Guk kontratatzen ditugu zerbitzuak eta beraiek lortu behar dituzte adostasunak».

Jaurlaritza Logoa