En directo

NAIZ Irratia

Patrizia Velez (Etxerat): «Presoak ez dira espetxetik ateratzen sendatzera, hiltzera baizik»

«Mendekuan» oinarritutako espetxe legediaren ondorioz, gaixo dauden 19 euskal presoek laguntza baino, oztopoak izan dituztela salatu du Etxerat Elkarteko Patrizia Velezek, gogoraraziz askok kalean behar luketela. Mati Iturralde sendagileak espetxean gaixo izatearen ondorioez ohartarazi du.

Audio_placeholder

Patrizia Velez (Etxerat): «Presoak ez dira espetxetik ateratzen sendatzera, hiltzera baizik»

Loading player...
Naiz Irratiaren estudioan eman du larriki gaixo dauden euskal presoen berri Velezek.
Naiz Irratiaren estudioan eman du larriki gaixo dauden euskal presoen berri Velezek. (NAIZ Irratia)

Gaixotu eta ganorazko arreta medikua jasotzea herritar guztiek aitortua duten eskubidea da. Edo hala behar luke behintzat, baina ez da halakorik gertatzen, larriki gaixo dauden euskal preso askoren kasuan. Oztopoak, atzerapenak... ohikoak dira haien artean, eta maiz, tratamendua jasotzeko aukera ematen dietenean, beranduegi da, Antton Troitiñoren kasuan bezala.

«Presoak ez dira espetxetik ateratzen sendatzera, hiltzera baizik. Sendatzera atera beharko lukete, ez baitira uztargarriak gaixotasun larriak eta espetxea», adierazi du Patrizia Velez Etxerateko bozeramaileak.

Troitiñorena irregulartasunez jositako kronika bat da: diagnosi berantiar baten ostean, haren irteera tramitatzeko dokumentuak «Auzitegi Nazionalaren labirintoetan galdu zen», Velezek gogorarazi duenez. Azkenean tratamendu paliatiboa jasotzen hasi zenerako, uko egin zion honi Troitiñok, uste zuelako ez zela bateragarria tratamendua jasotzen zuen bitartean ospitaletik espetxera joan-etorriak egiten aritzea. Espainiar Estatuak bere legedi propioari kale egin ziola dio Velezek, «Estatuak presoaren ongizatearen bermatzaile izan behar du».

Antton Troitiñori arreta emateko prozesua azkarragoa eta gizatiarragoa izan zitekeen, Estatuak badituelako mekanismo zehatzak gaixo dauden presoentzako. «Legediak gomendatzen du 70 urtetik gorako preso gaixoak kalean egotea», dio Etxerako ordezkariak.

Baina euskal presoen artean badira 70 urte baino gehiago izan, gaixo egon eta espetxean jarraitzen dutenak, nahiz eta kondenaren 3/4 beteak eduki, Velezek gogorarazi duenez: «Salbuespen legedi batenpean izateagatik oztopatzen zaie etengabe epetxetik ateratzea sendatzeko».

Antton Troitiñorena gainera, ez da kasu isolatu bat, 19 direlako gaixo dauden euskal presoak, horietatik hiru oraindik ere «Euskal Herritik urrun», Velezen arabera. Aipatu du era berean, dezente hobeagoa dela euskal espetxeetan eskaintzen zaien arreta, Euskal Herritik kanpokoetan baino.

Arreta desegokiaren ondorioak

Edonork gara dezake gaixotasun bat, edo edonor gaixotu daiteke. Baina, espetxeak gaixotzen du? Nola eragiten du espetxeak osasunean? Etxerat elkarteak koordinatuta, euskal preso politikoei osasun arreta eskaintzen dien medikuetako batek, Mati Iturraldek, ondorioen berri eman dio Naiz Irratiari. «Argi ikusi dugu zigor luzeek eta espetxeak berak, gaixotasun propioak sortzen dituela», ohartarazi du.

Gaixotasun degeneratiboak eta psikiatrikoak aipatu ditu Iturraldek espetxean maiz agertzen direnen artean. Eta gaixotasunak sortzeko tokia soilik ez, ohiko gaixotasunak larriagotzeko faktore gisa aipatu du espetxea sendagileak; «gaixotasun arrunt bat, arazo larri bilakatzen da espetxean».

Aukerak izan bai, baina horiei biderik ez zaiela ematen aintzat hartuz, «mendekuan» oinarritutako eredu batetaz mintzo da Velez. «Legeak dio espetxea ez dela leku bat gaixo egoteko, ez duela laguntzen. Baina hori da gertatzen dena gure lagun eta senideen artean», deitoratu du.

Gaixoaz harago, espetxean dagoen gaixoaren gertukoek ere sufritzen dute. Lierni Armendariz Galizan dago preso egun eta tiroideetako karzinoma bat du diagonostikatuta. Haren egoeraren berri eman du ere, Naiz Irratiaren uhinetan, Armendarizen bikotekideak.

Bi kontsulta galdu zituzten espetxeak berezko dituen oztopoen ondorioz. «Espetxea berez zailtasunen erreinua bada, zer esanik ez gaixotasun larri bat duzunean», esan du, eta deitoratu kartzelak ez daudela prestatuta gaixo diren presoak artatzeko.

Jaurlaritza Logoa