En directo

NAIZ Irratia

«Ez dute baloratu lurralde debekuak Oierren bizitza pribatuan duen eragina»

Frantses Estatuan bizitzeko debekua hautsi izana eta Fijait fitxategiaren betekizunak urratu izana leporatuta, Baionako auzitegian epaiketa izango du astearte honetan Oier Oa donostiarrak. Bere abokatua Amaia Rekarterekin hitz egin dugu epaiketa atarian.

Audio_placeholder

«Ez dute baloratu lurralde debekuak Oierren bizitza pribatuan duen eragina»

Loading player...
Etxepare lizeoko ikasleek Oier Oa lizeora bueltatu dadila eskatzeko eginiko elkarretaratze bat. (Guillaume FAUVEAU)
Etxepare lizeoko ikasleek Oier Oa lizeora bueltatu dadila eskatzeko eginiko elkarretaratze bat. (Guillaume FAUVEAU)

Gora-beherez jositako ibilbide judiziala da Oier Oa donostiarrarena; une honetan errekurtsoa du jarria Kasazio Gortearen aitzinean, pasa den abenduan Parisko Dei Auzitegiak lurraldean bizitzeko debekua ez altxatzea erabaki ostean; debeku hori ezabatzea ez zela «onargarria» ebatzi zuen auzitegiak. Nolanahi ere, «errealitate hori kontuan hartu beharko du» Baionan astearte honetan duen epaiketak, bi prozedura paralelo izan arren «batak besteari eragin handia baitio». Horregatik, Baionan astearte honetan izango den epaiketa atzeratzea «aukera bat izan daiteke», errekurtso horrek ematen duenaren zain. 

Zehazki, 2020ko azaroan atxilotua izan ostean, indarrean duen lurraldean bizitzeko debekua hautsi izana leporatuta epaituko dute Oa astearte honetan. Hiriburun atzeman zuten, Baionako lizeora lanera bidean zihoala, erabakia baitzuen Oak, arriskuak arrisku, Lapurdin bizitzea bere bikote eta haurrekin batera. Abokatuak zehaztu du ez dagoela jakiterik zer gertatuko den Baionan, aukera aunitz daude zabalik, baita zigortua izatearena ere. Bide hori hartuko balu, izan zigor ekonomikoa, izan penala, Oaren egoera pertsonala aintzat hartua izan dadila galdegingo dutela eman du aditzera Rekartek; zigorra (etorriko balitz) «zintzilik geratzea eskatzea» ere ez dutela baztertzen azaldu du. 

Delitu bikoitza

Ez da izango delitu horrengatik epaitua bakarrik astearte honetan, fijait fitxategiaren betekizunak urratu izana ere leporatzen baitiote. 2015az geroztik dago indarrean zerrenda hori, Parisko atentatu yihadistez geroztik. Honek aldiro non diren ezagutara ematea behartzen ditu zerrendan direnei; Rekartek zehaztu du Oak ez duela betekizun hori bete, baina jakina zela zein izan den bere azken 20 urtetako egoera: «Larresoron bizi izan da bere betiko bikotearekin, familia handitu du, Bernat Etxepare lizeoan izan du bere lana...». Hortaz, bi delitu horiengatik epaituko dute astearte honetan. 

Igor Uriarteren aurrekaria

Deigarria da Oaren auzia, aintzat hartuz badirela gisa bereko auziak bestela konpondu direnak. Igor Uriarteren kasua da bat; lurralde debekua ezarri zion epaile berak erabaki zuen gerora debeku hori kentzea, eta gaur gaurkoz lasaitasunez bizi daiteke Uriarte bizitokia duen Urruñan. Horrek erakusten du, Rekarteren esanetan, epaileek ez dutela «doktrina orokorturik»: «Borroka bat da pertsona bakoitzaren kasuan». 

Fiskalaren jarrera giltzarri izan zen Uriarteren kasuan, baina Oarenean jarrera «erabat hertsia» ikusten dute: «Ez dute baloratu debeku horrek Oierren bizitza pribatuan duen eragina». 

Elkartasuna epaitegi atarian

Oak Ipar Euskal Euskal Herrian libre bizitzeko duen eskubidea aldarrikatzeko, mobilizazio aunitz izango dira astearte honetan. Hainbat eragilek bat egin dute euskal presoen bizitza baldintzatzen duen salbuespen legedia desagerrarazteko deiarekin.

 

Jaurlaritza Logoa