En directo

Torturaren aitortza, aldarri amaigabea

Joxe Arregi Espainiako poliziaren torturen ondorioz hil zenetik 38 urte betetzear direnean, Iratxe Sorzabalek Guardia Zibilaren esku jasandako torturak berretsi ditu aste honetan Espainiako Auzitegi Nazionalean. Sortuk manifestazioa egingo du larunbat honetan Bilbon 'Alde hemendik' lelopean.

Audio_placeholder

Torturaren aitortza, aldarri amaigabea

Loading player...
Sorturen ekintza torturaren aurka, Gasteizen, Espainiako gobernuaren ordezkaritzaren aurrean
Sorturen ekintza torturaren aurka, Gasteizen, Espainiako gobernuaren ordezkaritzaren aurrean (Endika PORTILLO | FOKU)

Torturaren aurkako eguna izango da igandea, Otsailaren 13a, Euskal Herrian. 38 urte beteko dira Joxe Arregi Carabanchelgo kartzelan hil zenetik, Espainiako Poliziaren torturek eragindako zaurien ondorioz. Torturaren aurkako egunaren atarian, aste honek erakutsi du Euskal Herrian tortura ez dela iraganeko kontua. Iratxe Sorzabalen lekukotza entzun dugu Espainiako Auzitegi Nazionalean eta Berriozarren Nafarroko torturatuen elkartea aurkeztuko dute larunbat honetan. Jorge Txokarro bertako kideak Naiz Irratian azaldu du aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak  izango direla elkartearen helburuak.

Egun berean, Bilbon manifestazioa deitu du Sortuk, Indautxuko Espainiako Poliziaren komisaldegira tortura salatzeko. Arantza Zuluetak Naiz Irratian gogoratu du Lakuako gobernuaren eskariz Pako Etxeberria forentseak egindako frogatu duela Espainiako poliziak 1785 herritar torturatu dituela azken urte luzeetan. Nafarroan oraindik ez dago errolda ofizialik, baina torturatuek eurek egindako lanari esker, mila kasu inguru erregistratu dituzte dagoeneko.

Ikusi nahi duenarentzat parez pare dagoen errealitatea da torturarena, baina maiz bazterrean eta ezkutuan geratzen dena. Nola atera argirara? Nondik? Galdera horiei erantzun asmoz abokatu bat, legebiltzarkide bat, mediku bat eta psikologo bat elkartu ditu EH Bilduk aste honetan mahai inguru batean. Bertan, Julen Arzuagak salatu du erakundeek torturaren benetako errelatoa egin gabe dutela, eta auzia ezkutatu nahi izan den arren pixkanaka argitara irteteten ari dela. Zuluetak uste du aurrerapusuak eman direla «egiaren inguruan», ez hainbeste «justiziaren inguruan». Azpimarratu du tortura «sistema oso bat» izan dela eta «erabaki politiko bat» egon dela praktika honen atzean.

Torturaren auzian mediku forentseak egin beharko lukeenaren eta egiten duenaren arteko tartea nabarmena da eta hau aztertu du, atestian aipaturiko mahai inguruan, Benito Morentin forentseak. Adibide adierazgarri bat jarri du mahai gainean, Torturaren Prebentziorako batzordeak jasotakoa: buruan deskarga elektrikoak jaso zituen atxilotu batena, Auzitegi Nazionaleko medikuek ez zuten ezer ikusi, Europakoek, berriz, bai, denbora pasa ostean artatu bazuten ere. Europara begira, nabarmentzekoa da Espainiako Estatua 12 aldiz zigortu duela Europar Batasuneko giza eskubideen auzitegiak torturak ez ikertzeagatik. Zuluetaren iritziz «Europak garrantzia handia izan dezake, bide horretan badago ibilbide nagusi bat».

Bitartean, tortura ez da iraganeko auzi bat, Amaia Izko abokatuak aste honetan gogoratu duenez, torturak jendea espetxean mantentzeko erreminta izaten jarraitzen du. Iratxe Sorzabal bera, torturapean lortutako autoinkulpazioan oinarrituta zigortu nahi dute. Zuluetak nabarmendu du EPPKko presoen erdia torturapean lortutako frogekin izan dela zigortua eta ondorioz zigor horik berrikusi behar direla aldarrikatu du.

Zulueta bera Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaiaren zain dago eta auzi honetan ere tortura presente dago. 13/13 sumarioaren baitan, euskal presoen eskubideen alde lan egiteagatik uztaileak epaituak izan ziren euskal herritarren artean, Naia Zuriarrain eta Saioa Agirrek atxiloaldian jasandako torturak berretsi zituzten epaile aurrean.«Ez dakigu noiz kaleratuko duten epaia, egoera oso zaila da, zain gaude gurekin zer gertatuko den jakiteko eta kasu honetan ere torturan oinarritutako frogak daude», esan du Zuluetak.

Jaurlaritza Logoa