En directo

Hegoi Belategi

Esloganak eslogan, Burgosen menpe jarraitzen dutela gogorazi dute trebiñuarrek

Gaztela eta Leongoak «ez dira gure hauteskundeak», diote Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkateak eta Paula Gonzalez Argantzon ikastolako langileak. Herritar gehienek nahi ez arren, bozkatzera deituta daude igande honetarako, Gaztela eta Leongo Juntak Trebiñu kontrolpean duen oroigarria.

Audio_placeholder

Esloganak eslogan, Burgosen menpe jarraitzen dutela gogorazi dute trebiñuarrek

Loading player...
Via Burgalesa-España Vaciada alderdiarenak dira Argantzunen agertutako afixa bakarrak.
Via Burgalesa-España Vaciada alderdiarenak dira Argantzunen agertutako afixa bakarrak. (Hegoi Belategi)

Trebiñu Araba da, dio esloganak. Helburu bat da bai, herritarren borondatea ere, ez ordea errealitate administratibo bat eta igande honetan egingo diren Gaztela eta Leongo Juntarako hauteskundeak horren eredurik onena dira, hamaika aldiz Arabaren parte izan nahi dutela adierazi duten Trebiñuko herritarrek, bozkatzera deituta baitaude. ez Arabarekin bat egiteko, baizik eta Gaztela eta Leongo presidentea aukeratzeko berriz ere. Argantzon eta Trebiñu udalerriek osatzen dute Trebiñuko barrendegia, Arabako bihotzean izan arren, administratiboki Burgosen parte dena. 2.000 biztanle inguru daude erroldatuta eta 1.600 bat bozkatzera deituak.

Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierrok argi dio: «Irabazlea abstentzioa izango da». Udal hauteskundeekin bat egingo ez dutenez, igande honetan mugimendu gutxi espero dute hauteslekuetan. Eta bide batez, komeni da gogoraraztea, 2019ko udal hauteskundeetan EAJk eskuratu zuela alkatetza Trebiñun, eta EH Bilduk Argantzonen. Herritarrek Burgosekiko duten deskonexioaren beste adierazle bat.

Egiari zor, ez dago batere hauteskunde girorik barrendegian; «oharkabean» pasako direla uste du Ortiz de Latierrok. «Ez ditut irakurri, baina esango nuke ez gaudela haien programetan. Hala izaten da normalean. Etxeetan propaganda jaso dugu, baina hona ez da inor etorri mitin bat egitera. Eta alderdi bakar batek jarri ditu afixak aste honetan». Via Burgalesa España Vaciada izan da alderdi hori. Abstentzio handia espero da beraz, Valladolideko Gobernuarentzako mezu indartsu bat. «Deituta gaude hausteskundeetara, baina hauek ez dira gure hauteskundeak», berretsi du Argantzongo alkateak.

Hamarkadak dituen aldarria

Bere sentitzen ez dituzten hauteskundeotan, eskari bakarra du Argantzongo Udalak irabazlearentzat: «Irtenbide bat», Ortiz de Latierrok dionez. Baina aurrekariak ikusita, ez du espero alkateak jarrera aldaketarik Juntan, ez behintzat PPk agintzen badu. Trebiñuko estatusari buruz hitz egiteko zirrikitu bat sor litekeela iradoki du Ortiz de Latierrok, baldin eta gobernu aldaketa bat dagoen, alegia, PSOE eta UP-ren arteko koalizio bat, akaso alderdi erregionalista baten babesarekin. Kasu horretan, Madrilen dagoen botere erlazio antzekoa legokeela dio, eta gobernu horrekin harremanak dituztela EH Bilduk eta EAJk. «Irtenbidea Madrildik etorriko da eta politikoa izango da», ondorioztatu du Ortiz de Latierrok.

Argantzuneko sarreretako bat, labro artean
Argantzuneko sarreretako bat, labro artean

Gobernu aurrerakoi batekin, aldaketarako aukera bai, baina ez du iraultzarik espero ezta ere Argantzungo alkateak, «haiek ez dira guregana etorriko. Guk joan beharko dugu». Ondorioz, hitz egiten hasteko borondate osoa du udalak, eta izango du baina egungo errealitate gordinaz jabetuz, «nahi ala ez Burgos gara. Mugitu behar gara hori aldatzeko», dio Pablo Ortiz De Latierrok.

Eskubideen ukazioa

Nahiak eta errealitatea banatzearen aldekoa da ere Paula Gonzalez. «Esloganak dio Trebiñu Araba dela, txikitatik entzun du hori. Baina errealitatea ez da hori eta horregatik gaude gauden bezala». Argantzon ikastolako langile eta Txingoka Kultur Elkarteko kudeatzaileetako bat da Paula Gonzalez. Eta bi eragile hauengan gorpuzten da Trebiñuko anabasa administratiboaren zentzugabekeria. Izan ere, Argantzonen ez, handik bost kilometrora dagoen Sagastietan erantzun die NAIZ Irratiaren galderei, Lehen Hezkuntzako ikasketak eskaini ahal izateko «hanka bat Araban sartuta» behar dutelako. Erriberabeitiko Sagastieta herriko gizarte zentrora eraman behar izan dute Lehen Hezkuntza, hori baita Arabako Foru Aldundiaren finantzaketa jasotzeko modu bakarra. Bide zaila egiten ari direna, baina bide egokia ere, haurrak ez baitira falta ikastolan.

Argantzon ikastolaren Sagastietako egoitza.
Argantzon ikastolaren Sagastietako egoitza.

Euskarak, noski, ez du inolako estatus ofizialik Gaztela eta Leonen. Are gehiago, Juntak ez du euskaldunik nahi, ezta euskara sustatzerik ere. Ongi asko dakite hori Txingoka elkartean. Euskaraz lan egiten dutela esan bezain laster, Juntak «ate guztiak itxi» egiten ditu, Gonzalezen esanetan. Ekintza ezberdinak antolatzen ditu Txingoka Kultur Elkarteak, betiere euskara gazteenen artean sustatzeko helburuarekin. Kasik ez dute harremanik Juntarekin, baimen kontuez harago, eta hala ere, oztopoen beldur dira. «Gure hizkuntza ezkutatu behar dugu, ez dakigulako zein izango den erantzuna. Agian oztopoak jartzen dizkigute». Banaketa administratiboak gorabehera, Trebiñu Araban dago eta ondorioz euskal lurralde bat da. Hala ere, Gaztela eta Leonek bertako biztanleei euren hizkuntza propioa ikastea ukatzen die. Gonzalezek dionez, «ez gara garrantzitsuak beraientzat» eta lan egitera ditu ditu eragile guztiak, trebiñuarrek aukera izan dezaten euren iritzia emateko.

Herritarrei hitza

Hauteslekuak Gaztela eta Leonen irekitzeko ordu gutxi falta direnean, ez dirudi ez trebiñuarrak bozkatzera joango direnik. Flor de Trigo kafetegiko zerbitzaria da Marino. «Ez gara bozkatzera joango ez dugulako inolako interesik Gaztela eta Leonengan, eta haiek ez dutelako interesik gurekiko» azaldu du. Atsekabetuta, nekatuta hein batean NAIZ Irratiari adierazi dio irtenbidea sinplea eta ezinezkoa dirudiela era berean, «Araba edo Burgos izan nahi ote dugun galdetu behar digute besterik ez. Baina ez zaie interesatzen».

Jaurlaritza Logoa