En directo
«Joko aldetik ez dugu hasiera ona egin, baina garaipen oso garrantzitsuak lortu ditugu»
Sailkapena kontuan hartu gabe, Irene Ogiza (Durango, 2000) Athleticeko kapitainak esan du Realaren aurkako derbiak «politak» eta «beti parekatuak» izaten direla. Baloiarekin «sentsazio oso onak izan ez» dituzten arren, «puntuak batzen segitzea» dute xede: «Etorriko dira baloiarekin sentsazio onak».
«Joko aldetik ez dugu hasiera ona egin, baina garaipen oso garrantzitsuak lortu ditugu»
Talde eraginkorra da Athletic. Denboraldi batean bai, eta bestean ere bai erakusten du. Hori ondotxo daki Irene Ogiza taldeko kapitainak. «Futbola halakoxea da. Askotan ondo jokatzen duzu eta ez duzu irabazten, eta alderantziz. Gura dugu puntuak lortzen segitu, eta gero etorriko dira sentsazio onak baloiarekin». Dena-emanda aterako dira zuri-gorriak zelaira. Ohorea ez ezik, zerbait gehiago ere badagoelako jokoan. «Garaipena lortzen duenak laugarren postuan ipiniko da, eta horrek motibazio gehigarria du».
Alor pertsonalean, joan den denboraldi erdia ez zen batere xamurra izan Durangoko erdilariarentzat, min hartuta egon baitzen —ezker belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen—. Otsailean, baina, ametsetako itzulera izan zuen kapitainak. Kopako final-laurdenetan azken penaltia berak sartu zuen. «Inoiz ahaztuko ez dudan momentu bat da». Futbolak gozotik ere baduelako.
Asteko entrenamenduetan baduzue sentsazio bereziren bat? Asteburu berezia dator eta...
Bai, igartzen da. Orokorrean aste guztiak izaten dira lehiakortasun askokoak, baina aste hau berezia izaten ari da, badakigulako denok derbia datorrela. Gogo gehiagoz, ahal bada.
Derbia beti da partida berezia, baina denboraldi honetan, sailkapenean ere estu-estu zaudete. Haiek laugarren eta zuek bosgarren bi puntura. Ohorea bakarrik ez, zerbait gehiago ere badago jokoan.
Bai, derbiak beti izaten dira bereziak, baina orain gauden momentuan postuengatik apur bat gehiago dago jokoan. Garaipena lortzen duenak laugarren postuan ipiniko da, eta horrek motibazio gehigarria du.
Joan den denboraldian zuek irabazi zenituzten bi partidak, bai Anoetan, bai San Mamesen. Min hartuta denbora luzez egon zinen, San Mamesekoa harmailetatik ikusi zenuen, eta Anoetakoan jada osatuta jokatu zenuen. Gogoan dituzu?
Bai, pasa den denboraldiko derbiak irabazi genituen. San Mamesen lesionatuta egon nintzen, baina Reale Arenan jokatu nuen. Garaipena lortu genuen Nahikariren gol batekin. Ea errepikatu dezakegun, dena-emanda ariko gara.
Partida inoiz baino parekatuagoa ikusten duzu? Edo ez hainbeste?
Ez dakit kanpotik zelan ikusten den, baina barrutik beti parekatua ikusten dut. Halako partidetan baloiarekin ez bazaizu ateratzen nahi duzuna, apur bat defentsa lanetan ateratzen duzu indarra edonondik, derbia delako, eta ondorioz, beti egoten dira parekatuta. Partida oso politak izaten dira.
Elene Guridi Realeko jokalariak esan zuen derbiak partida «zikinak» izan ohi direla. Ez dela hainbeste jokatzen, alegia. Zuk ere hala uste duzu?
Egia da lehen minutuetan apur bat urduritasuna igartzen dela, tentsio hori igartzen dela, baina gero uste dut orokorrean politak izaten direla, gola sartzeko aukera askorekin. Nire ustez ikusteko politak izaten dira.
«Egia da lehen minutuetan apur bat urduritasuna igartzen dela, baina gero uste dut orokorrean politak izaten direla»
Zer egin behar duzue hiru puntuak etxera ekartzeko?
Aste honetan apur bat arreta gure jokoan jartzen ari gara. Egia da liga hasiera honetan ez ditugula eduki sentsazio oso onak baloiarekin, baina joan den asteburuan jokatu genuen partidan Betisen aurka garaipen ona lortu genuen, sentsazio onekin. Horri eman behar diogu jarraikortasuna. Gainontzeko partidetan egin duguna egiten badugu, eta gure ideiak baloiarekin hobetzen baditugu, seguruenik partida gure alde ipiniko zaigula. Defentsan, berriz, bete-betean egon behar dugu, gainean. Derbia den moduan bizi behar dugu.
Aipatu duzu azken partidetan jokoari dagokionez ez dituzuela sentsaziorik onenak izan. Betisen aurka 3-0 irabazi arren, jokoari dagokionez, zein irakurketa egiten duzu?
Zure aldetik ahal duzun guztia ipintzen duzu baloiarekin ondo egoteko, baina askotan ez da ondo ateratzen. Hala eta guztiz ere, egia da joko aldetik ez dugula hasiera oso ona egin, baina emaitzen aldetik, garaipen oso garrantzitsuak lortu ditugu. Hori ere futbola da. Askotan ondo jokatzen duzu eta ez duzu irabazten, eta alderantziz. Gura dugu puntuak lortzen segitu, eta gero etorriko dira sentsazio onak baloiarekin.
Alde ona da, oso talde eraginkorra zaretela, gutxirekin asko lortzen duzue.
Bai, hori da. Joan den denboraldian ere halako zerbait pasatu zitzaigun. Aukera gutxiekin puntu asko lortu genituen, partida asko irabazi genituen 1-0. Esan dudan moduan, hori ere futbola da. Berdin balio du 6-0 irabaztea edo 1-0. Orduan, horri garrantzia ematen diogu. Joko ona etorriko da, konfiantza osoa dugu proiektu honetan, eta lanean ari gara.
Azken partidetan aldaketatxo bat egin duzue. Baloi irteeran hiruko defentsarekin hasten duzue jokaldia, askotan Maite Zubieta izaten da hor atzeko lerrora jaisten dena laguntzera. Nola ikusi duzu taldea horrela jokatzen?
Ondo ikusten dut. Azkenean aurkariak guregan arreta gehiago ipintzen ari dira, eta mina egiteko beste modu batzuk begiratu behar ditugu. Momentuz ondo gaude. Gainera, azken partida irabazi genuen. Momentu onean gaude guztiak. Jarraikortasuna eman behar diogu horri, eta derbira guztiarekin joan.
Reala entrenatzaile berriarekin, nola ikusi duzu?
Jokatu genuen haien aurka Euskal Herriko Kopan. Oso talde ona da, kalitate handiko jokalariak dituena. Normalean Realak beti edukitzen du talde oso lehiakorra. Horregatik, prest egon behar gara edozertarako.
Joan den otsailean hasi zinen jokatzen, pixkanaka pixkana minutuak pilatuz. Justu, Kopako final-laurdenetan, Teneriferen aurka, garaipenaren azken penaltia sartu zenuen. Momentu oso polita izango zen zuretzat, denbora luzez berdegunetik kanpo egon ostean, horrela itzultzea...
Bai, ahaztuko ez dudan momentu bat da. Luzapeneko azken minutuak jokatu nituen, eta gero, azken penaltia bota behar izan nuen. Sartu nuen eta oso pozik taldearengatik. Pertsonalki ere bai, noski.
«Betisen aurka garaipen ona lortu genuen, sentsazio onekin. Horri eman behar diogu jarraikortasuna»
Sasoi honetan, ondo egon zarenean hasieratik jokatu duzu, partida bakarren bat kenduta. Egia da hor hiru partida deialdian sartu gabe egon zinela, min hartuta, baina oro har, gustura zabiltza? Belauna ondo duzu?
Bai, belauna oso ondo dut. Beldurrik gabe jokatzen dut. Denbora asko egon naiz zelaitik kanpo eta oraintxe bueltan gogotsu nago. Min apur bat izan nuen orkatilan, baina fisikoki ondo nago. Minutuak pilatzen ari naiz, eta oso pozik nago.
Bi gol jada sartu dituzu denboraldi honetan. Marka ona da erdilari batentzat.
Bai, oso pozik nago. Gainera, balio izan dute garaipena lortzeko, taldeak merezi izan duelako partida horretan. Kamiseta honekin golak sartzea beti da berezia; ea gehiago datozen.
Derbirako emaitza bat?
0-2 esango dut. Jone Amezagaren eta Clara Pinedoren golekin.