En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Ortzadarra dugu zeruan eta ez dugu iraganera itzul gaitezen utziko, aurrean izango gaituzte»

Ia 25 urteko ibilbidea egina dute Seiurte taldekoek. Berrizen elkartu ziren Ekain, Iñaki eta Iokin Elortza anaiak eta Julen Oarbeaskoa eta ez dute etenik egin 1997tik hona. Zortzigarren estudioko lana aurkeztu berri dute MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

«Ortzadarra dugu zeruan eta ez dugu iraganera itzul gaitezen utziko, aurrean izango gaituzte»

Loading player...
Topa eginaz ospatu zuten ‘Cabo Cañaveral‘ diskoa bukatzean Seiurte taldekoek. (Ibai ELORTZA)
Topa eginaz ospatu zuten ‘Cabo Cañaveral‘ diskoa bukatzean Seiurte taldekoek. (Ibai ELORTZA)

2017an atera zuten aurreko diskoa Seiurte taldekoek, 20. urteurrena ospatuz. Oraingoan, lau urte beranduago, ‘Cabo Cañaveral’ atera berri dute Elorza anaiek eta Julen Oarbeaskoak.

Dena arrapaladan etorri da, singlea ostiralean eta diskoa larunbatean. Ezin eutsiaren ondorioa edo gehiegi pentsatu ez izanarena da hori?

Ez dugu marketin kontuetan lan gehiegi egiten. Egia da singlea bideokliparekin atera nahi genuela,, baina atzeratzen zihoanez, gure buruari esan genion «goazen dena ateratzera eta listo». Inork ez gintuen espero eta nahi duguna egin dugu.

Laugarren anaiak, Ibaik egin behar zuen bideoa?

Ez, kasualitatea! Berari eskaini genion baina semeekin-eta nahikoa lan duenez, ezetz esan zigun. Baina etorriko da bideoklipa!

Garaiezinak zaretenaren sentsazioa izango duzue ezta? 24 urte elkarrekin.

Diskoari emateko aukeretako bat bazen, pentsatu genuen izenburu hori ematea, ‘Garaitezinak’, baina gehiegizkoa iruditu zitzaigun. Hala ere, badugu garaiezin eta beterano sentsazio hori.

Diskoa irekitzen duen ‘Nondik agertu zinen’ kantuan, «eman eskua eta bagoaz» esaten duzue. Sentsazio hori zer sortzen da, denbora galdu izana sentitu duzuelako-edo?

Denborarik ez dugu galdu, baina bai bizipen asko. Nahi eta nahiez denoi eragin digun zerbait da eta derrigor hitzetan azaldu behar zen hori guztia. Bai abesti honetan eta baita ‘Bi mila eta hogei’ kantuan ere hitz egiten da ea nola berreskuratu galdutako hori guztia.

Ukitu pop nabarmena du, baina zuek edo Eñaut Gaztañagak sartu ditu sintetizadoreak?

Guk maketan grabatu genituen sinte horiek guztiak. Oinarrizko ideiak eraman genituen estudiora eta Eñaut Gaztañagak hobetu eta aberastu ditu atzetik.

Zuek sortzeko eta entseatzeko nola moldatzen zarete?

Ez daukagu bereziki zaila. Julen eta biok Berrizen bizi gara eta asteburuetan-eta elkartzen gara. Pandemiak zentzu horretan lagundu digu, ostalaritza itxita eta kontzertuak murriztuta erabat, ez zegoen beste aukerarik. Lokalean egiten dugu lan Julenek eta biok eta gero Iñakik Tolosan aberasten ditu abestiak.

Saltsa askotan zaudete sartuta, batez ere Ekain; auskalo zenbatetan dabilen.

Nik ere ez dakit esaten… Proiektu nagusia Morgan du eta gero Cobrarekin ere badabil. Madrilen mila proiektu txiki ere baditu eta gurekin ahal duenean jotzen du.

Eta nola ordezten duzue sortzen ari zaretenean?

Maketetan eta programazioak sartzen ditugu. Entseatzen eta sortzen gaudenean ez dugu denok batera jotzen, hortaz, ez da hain arraroa guretzat. Gauzak sortu eta bata bestearen gainean jartzen joaten gara.

Diskoa indartsu hasten da eta atzetik datorren ‘Aurrean nauzue’ gordinago eta zikinagoa da. Benetan uste duzue iraganera itzuli nahi duela jendeak?

Abestian esaten dugu iraganera itzuli nahi dutela batzuk, zuri-beltzean bizitzera. Guk, zorionez, ortzadarra dugula zeruan eta ez dugula iraganera itzul gaitezen utziko, aurrean izango gaituztela, esan dugu.

Hasieratik kantua zikin zegoen edota estudioan gehiago zikindu da?

Maketan egiten duguna nahikoa fidel mantentzen da estudioan, han akaso aberastu eta abar egin daiteke, baina hasierako ideiari eusten diogu.

Diskorako soinu bilaketan asko aritu zarete? Torlojuari beste buelta bat eman diozuela iruditu zait.

Nik uste dut disko bakoitzean, konposizio aldetik, musikan, hitzetan… aurrerapauso bat ematen saiatu garela, baina batez ere sonoritate aldetik izan da saiakera hori. Duela hiru disko gordinagoa zen, orain programazioak, koroak eta halakoak sartu ditugu eta orain beste sonoritate bat du diskoak. Beti saiatu behar da aurrera egiten eta gainera bestela aspertu egingo ginatekeen. Eñautekin hori bilatzen dugu, soinu berriagoan, aktualagoan, sakontzea.

Eñaut horregatik hautatu ote duzuen galdetu nahi nizun, bera ere aldatu delako, ezta?

Taldea hobeto ezagutzen du eta elkarrekin hasi ginen hartan ez zuen gure soinua gehiegi aldatu nahi. Baina elkarrekin lan gehiago egin dugun heinean, sintetizadoreak, programazioak eta efektuak sartzeko askeago aurkitu du bere burua, berak beti errespetatu du Seiurteren esentzia eta gu oso pozik gaude.

Kantu pausatuagoa ‘Ahaztu dena’: efektuak, soinua, vocoderren bat…

Drive pelikularen fana nahiz eta baita Eñaut ere. Gauez, Los Angelesen, kotxea gidatzen… atmosfera hori bilatzen saiatu ginen, gaua eta ezinegonaren sentsazioa transmititzeko.

Esan duzun honekin ‘Neoizko kaleak’ hobeto ulertzen dut. Euskal Herrian ezagutzen duzu halako kaleren bat?

Drive pelikula hor ere buruan. Euskal Herrian ez dut ezagutzen, baina bidaiatuak bagara eta hiri handietan beti aurkitzen dira halako kale lizunak. Hemen ere atmosfera hori lortu nahi genuela esaten nion Eñauti eta sonoritate horren bila joan gara.

Hala ere kale horiek badute erakargarritik, ezta?

Bai, noski; sartu eta ez irtetea izaten da txarra. Kantuan diogu bidegurutzean kale horretara jo eta androide batean bihurtzen dela bat, irten ezinik geratzen den androidea.

Neoiaren dardara ere entzun dugu.

Justu komentatzen duzun guztia bilatzen saiatu gara eta benetan pozten naiz jendeak nabaritzen duenean. Ni abesti horretan neoizko kale estu eta txiki batean sentitzen naiz, bizio eta arrisku guztien artean. Txarra da hortik atera ezin izatea, baina hortaz doa abestia.

Kanpotik idatzia dago behintzat, kar-kar.

Bai bai.

‘Mezularia’ abestian irakurketa asko egon daiteke.

Errelatoaz hainbeste hitz egiten den honetan, abestiak berak esaten du aitzinako abestiak ere badirela errelato bat. Guk gaztetan kantatzen genituen abestiak bizi izan genuenaren kontakizuna dira. Eta esan nahi duguna da ea behingoz abestu genituen horiek guztiak aldatu eta orrialdez aldatzea lortzen dugun, ez dakit inoiz iritsiko den eguna baina.

Puri-purian dago gainera memoria historikoaren bueltan egin duten dokumental serieko Euskal Rock Erradikalari buruzko atala.

Buf, kasualitatez harrapatu ninduen eta gogo txarrez hartu ninduen. 10-15 minutu ikusi nituen eta ahaztu egin nuen, baina sare sozialetan ikusi nituen nirearen antzerako gogoetak eta lasaiago geratu nintzen.

Musikariak fokuan jarri dituzte.

Presio handia izango zuten edota manipulatuak izan ziren. Beren ibilbideari ukapen bat egin beharrean aurkitu ziren. Eta justu abesti honetan diogu garai hartako bizipen horiek abesti bihurtu zirela eta orain eskatzea halako damu publiko bat, oso gogorra da.

Beste inon ez dut ezagutu musikariei halakorik eskatzen.

Antza momentu horretan gaude, denaz damutu beharreko garaian. Eta guk dioguna da garai hartako kantuetan hori horrela bizi eta sentitu genuelako dela.

‘Cabo Cañaveral’ ironikoki progresioaren ikur moduan hartu daiteke, baina badu atzetik beste zerbait. Estatu Batuak eta Mexikoren arteko gatazka hori ere entzun daiteke kantuan.

‘Cabo Cañaveral’, fabeletan jaiotako Mexikoko borroka libreko borrokalari batean oinarritzen den pertsonaia da. Noski, horrez gainera, espaziora bidaiatzen dutenen irteera puntua da. Bakoitzak bere ideia egiten du eta konfusio bat sortzen da, eta hori ere oso polita da.

Cabo Cañaveral maskaraz nazkatuta dagoela esaten duzue, egoera etsigarrian.

Borrokan dagoenean dena dirdira eta txaloak dira eta argiak itzaltzean nekatuta eta gogaituta dagoen pertsona bat dagoela maskararen azpian, hori da kontatzen duguna.

«Bi jaso eta bat eman», esaldi horrek ongi laburbiltzen du abestia eta borrokalari askoren egoera zaila.

Hori esaldia izan zen kantuaren oinarria. Bizitzan berari eta askori tokatzen zaion egoera delako.

Diskoaren azala oso garbia da, ez dakit diseinua nork egingo ote zuen.

Dena bezala guk egin dugu. Ordenagailua hartu, argazki bat aukeratu eta zonalde bat handituta sortu da azala. Buelta handiegirik ez diogu eman eta oso polita geratu delakoan nago. Idazterakoan titulua ere dena itsatsita geratu zen eta, lehenengoan gauzak horrela ateratzen direnean onenak izaten direnez askotan, horrela utzi genuen. Saltsan hasi ginen eta emaitza hori izan da, pozik gaude.

Koloreek espaziorako bidaia iradoki dezakete, egia esanda. Baina diskoaren titulua idatzi duzuen bezala, Seiurte ere horrela idazten duzue.

Behin horrela hasi ginen eta, besterik gabe, horrela jarraitu dugu.

Non salduko duzue?

Bada ez dugu horretan ere pentsatu. Printzipioz kontzertuetan lortu ahal izango da eta Durangoko azokan ere egon da eskuragarri Musika Zuzeneanen standean eta Azokako online plataforman uste dugunez. Hala ere, norbaitek lortu nahiko balu, idatzi sare sozialetatik eta esango diguzue.

Estoldetan zigilua, zuen zigilu propioa da ezta?

Baserrian lokala dago eta hari eman genion izena da Estoldetan, eta hortik dator izena.

Kontzertuak lotuta dituzue?

Bada, honetan ere, beste gauzak bezala, pausoz-pauso goaz. Oraindik ez gara inora idazten hasi ez ezer, zorionez bizpahiru dei jaso ditugu eta urtarrilaren 22an Tolosako Bonberenean izango gara. Diskoa kontzertuak emateko kaleratu dugu eta interesa duen edonork idatzi diezagula.

Bestela reggaetoia dantzan bukatuko dugu… Zuek ere eman duzue pauso hori?

Ez, ez, ez… Hori bakarrik falta zaigu! Horrela atera zitzaidan letra, Reggaetoia dantzan, Lagako hondartzan, postmoderno jaia Hiltegixen… Nork esango ote zidan horri buruz idatziko nuenik eta erdi positiboan? Baina tira, askok duen iritzia badakigu zein den musika horren inguruan eta guk ere antzerakoa dugu. Duela hogei urte aldatu egingo nuen letra, gaur egun ez zaigu inporta halakoak idazterik eta horrela utzi dugu.

Akaso topatuko zaituztegu hortaz postmoderno jairen batean.

Hala bedi! Hor erosoago sentituko ginateke!

Jaurlaritza Logoa