En directo

Naiz Irratia

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala zuzenean eskainiko du NAIZ Irratiak

Txapela bakarra, eta hori soinean janzteko zortzi buru prest. Igandean izango da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala, eta NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko du (16:30). Horren atarian, Amagoia Mujika lankidearekin eta txapeldunari txapela jantziko dion Estitxu Arozenarekin izan gara.

Audio_placeholder

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala zuzenean eskainiko du NAIZ Irratiak

Loading player...
Igandean ospatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. NAIZ Irratiak zuzenean emitituko du, 16:30etik aurrera. (Iñigo URIZ / FOKU)
Igandean ospatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. NAIZ Irratiak zuzenean emitituko du, 16:30etik aurrera. (Iñigo URIZ / FOKU)

Guztia prest, aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela soinean nork jantziko duen besterik jakitea ez da falta. Horretarako zortzi hautagai daude: Eneko Fernandez, Eneko Lazcoz, Joanes Illarregi, Julio Soto, Xabat Illarregi, Xabier Silveira, Josu Sanjurjo eta Saioa Alkaiza. Azken biak lehen aldiz izango dira final batean, eta Alkaizaren kasuan, bera izango da oholtza gainean bertso-deman arituko den bakarra. Guztiak ere maila ona emandakoak dira txapelketan zehar Amagoia Mujika lankidearen ustez, eta horregatik uste du finalak ere «osagai on guztiak» dituela final ikusgarri bat izateko.  

Estitxu Arozenak izango du txapeldunari txapela janzteko «ohorea» igandean; zortziak ere berarekin bertso eskolan jardundakoak dira, eta aldi horretatik «ilusio berezia» egiten diola ere aipatu du. Ondo daki berak zer den oholtza-gainean aritzea, baita finalean izatea ere. 17 aldiz aritu izan da iraganean txapelketan, eta 1995.urtean txapela jantzitakoa ere bada. «Une berezia» dela aitortu du. 

NAIZ Irratiak, zuzenean

Azken orduetan nahikoa gora-behera ari da izaten finalaren ospakizunak. Txapelketa ez da osasun egoeratik salbu izan, baina lasaitasun mezua igorri nahi izan dute Nafarroako Bertsozale Elkartetik. Jakitear da zer gertatuko den Gobernuak Auzitegi nagusiari egin dion Covid ziurtagiriaren eskaerarekin; elkartetik diote, ordea, finalerako ez dela beharrezkoa izango, salbuetsita egongo baita horretarako. 

Edonola ere, bertaratu ezin duenak, Iruñeko Anaitasunako giroa etxetik bertatik edo dagoen toki horretatik jasotzeko aukera izango du, NAIZ Irratiak zuzenean emitituko baitu finala. Asier Iriondo izango da saio berezi horren gidaria, eta 16:30ean hasiko da. 

Jaurlaritza Logoa