En directo
Bideo-jokoen munduaren jarraitzaileek eta zaleek ilusio handiz bizi izan dituzte azken egunak. Iaz kale egin ondoren, ESA elkarteak Electronic Entertainment Experience azoka formatu digitalean egin du aurten. Aldaketa ugarirekin baina bere oinarriak mantenduta bizi izan dugu 2021eko E3a: hau da, bideo-joko mordoa iragarrita.
Horretarako enpresa eta garatzaile handiek aurkezpen propioak egin dituzte. Horien artean Capcom, Bandai Namco, PC Gaming Show-a eta askoz gehiago egon dira, baina benetan esanguratsuenak Xbox eta Nintendo izan dira, zalantzarik gabe.
Aurkezpen hauetan erakutsitako bideo-jokorik interesgarrienak zerrendatzeari ekin diogu irratsaioan. Falta ezin ziren The Legend of Zelda: Breath of the Wild-en jarraipena, Halo Infinite edota Starfield abentura interesgarriei buruz mintzatu gara, baina baita ustekabean iragarri dituzten proposamenei buruz ere.
Esate baterako, Nintendoren Metroid saga ezagunak atal berria jasoko du hainbat urteren ondoren Mercury Steam garatzailearen eskutik: Metroid Dread. Kostata, baina From Software estudio japoniarra George R.R. Martin idazlearekin batera garatzen ari den Elden Ringek azkenik jaso du jostagarritasun trailerra; urtarrilaren 21ean estreinatuko da. S.T.A.L.K.E.R 2: Heart of Chernobylen atal grafikoak liluratuta utzi gaitu, eta gauza bera gertatu da Xboxen aurkezpenean ikusitako Forza Horizon 5 ederrarekin.
Guzti hauei eta askoz gehiagori buruz entzuteko aukera edukiko duzu Game Erauntsia irratsaioaren hirugarren atalean. Hemen ikus dezakezue saio osoa: