En directo
Bizitza bizitzeko dela esanaz irekitzen du diskoa Ilargi Arrizabalagak (Lezo, 2000). Duela bi urte, 2019an, hartu zuen diskoa kaleratzeko erabakia. «Kuadrillan gitarra askotan jotzen nuen eta batek behin esan zidan egunen batean aterako nuela zerbait. Orduan hasi nintzen kantuak sortzen, cover bideoak sarera igotzen, bakarkako kontzertuak ematen eta diskoari forma ematen. Azken egunotan ez dut coverrik igo, baina jarraituko dut horretan ere, ikasteko balio didalako eta besteen kantuekin nahi dudan mezua zabaltzen jarraitu dezakedalako horrela», kontatu digu Ilargik MusikHaria saioan.
‘Sinetsi’ kantuan bizitzaren zama gainean sentitzen dutenei bizitzeko esaten die Ilargik: «Arte dramatikoa eta musika munduan ibilita, positiboa izatea beharrezkoa da. Baina nire inguruan bere etorkizuna planifikatzen ari dira asko, pisu bat erosteko pentsamenduak eta guzti dituztenak badira; etxe baten sarrera zenbat kosta daitekeen eta halakoak begiratzen ari direnak. Eta ni, bitartean, nire ikasle pisuan. Haiei begiratzen diet eta bizitza bizitzeko daukagula eta bakarra dela esan nahi diet kantuarekin».
Izen bitxia eman dio diskoari, ‘Killasisa’ eta haren jatorria ere azaldu digu Ilargik: «Killasisa kitxuaz ilargi loreari ematen zaion izena da. Nire lehen lorea izatea nahi nuen diskoa eta Ilargi izena dudanez, bada, Erik Bengoetxeak azalean ere hori jarri du. Lore hori da killasisa. Gainera, txikitatik badut halako obsesio moduko bat loreekin».
Kantuak gitarrarekin konposatzen ditu Ilargik eta Iker eta Haritz Lauroba izan ditu bidaide diskoa grabatzeko garaian. «Axular Arizmendiri abestiak bidali nizkion, bere AME estudioan grabatu nahi nuelako albuma eta hark jarri zidan Ikerrekin harremanetan. Gauzak horrela, bera arduratu zen konponketez. Kantuak Ikerri aurkezterakoan urduri nintzen, demoak lagunek gogoko zituztelako, baina zer esango dizute bada lagunek! Hala ere, lehen harremanetik ongi konpondu gara eta estudioan Haritzek bateriak jo zituen eta Ikerrek gainerako instrumentuak. Nire txanda iritsi zenean, ahotsak grabatzekoa, pandemia etorri zen eta luzatu egin zen guztia. Antsietate puntu bat ere banuen, kantuak jendeari erakusteko gogoz nintzelako», azaldu digu Arrizabalagak.
Ekoizpenaren arduraduna Axular Arizmendi izan da: «Iker Laurobak asko lagundu didan arren, abesti batzuetan Axularrek kantuak moldatzeko lizentzia hartu du. Instrumentu denak organikoak izatea nahi nuen eta kanturen batean edo bestean elektronika sartu zuen galdetu gabe. Ez nuen berez halakorik nahi, baina kantuan sartu eta gero, elektronikak gauza politak dituela ikusi dut eta adiskidetu naiz horrekin».
Erlazio bat puskatzearen ying eta yanga
Maitasun erromantikoan sinisten ote duen ere galdetu diogu Lezoko musikariari eta erantzuna argia izan da: «Etxean sekulan ere ez gara Disney zaleak izan. Hala, ‘Betirarte’ abestian betirako maitasuna aldarrikatu nahi izan dut, ez Disneyk saltzen digun plastikozko maitasun hori, faltsua dena eta kapitalismoaren irudiak dituena. San Valentin ospatu eta halakoak albo batera utzi eta benetako maitasuna da gustatzen zaidana. Familiakoak, lagunak, bikotea… dena delakoa maita dezagun, baina maita dezagun benetan».
Erlazio baten bukaerari buruz hitz egiten du ‘Izan ginen’ abestian, baina modu positiboan kontatzen du etete hori abestian: «Harreman batzuk bukatzen dira eta ez da zertan beti borrokatu. Ez nintzen maitasun harreman erromantiko batean oinarritu ‘Izan ginen’ idazterakoan eta zerbait besterik gabe bukatu daitekeela kontatu nahi izan dut. Batzuetan oroitzapen politekin geratuta nahikoa dela». ‘Agur’ abestian berriz ilunagoa da kontatzen duen bukaera hori: «Krisi momentu batean idatzi nuen, ikasketak uztear egon nintzen une batean. Batzuetan harreman baten bukaera iristen da eta ez dugu onartu nahi. Hala, sufrimendua luzatzen dugu alfer-alferrik denean. Nik zorionez buelta eman nion eta oraindik ere Dantzertin jarraitzen dut karrera bukatzeko bidean. Hirugarren maila bukaeran nago, urte kaotikoa izan da, baina dagoeneko bukatzen ari da eta oporretarako gogoz nago».
Aurten musukoarekin egin behar izan dituzte antzerki eskolako lanak eta horrek jendaurrera irten eta musukoekin daudela ikustean abantaila emango ote dion galdetu diogu Ilargiri: «Begiradak eta adierazkortasuna beste modu batean landu behar izan ditugu aurten. Hartara, lehen lerroan dauden ikusleen begiradak ulertzeko gai izango naizelakoan nago eta feedback hori jasoko dudala uste dut. Irakaslearen kasuan, esaterako, urte honetan garbi ikusten nuen begiradarekin zerbait gogoko zuen edo ez».
‘Maite dut’ abestiak badu halako bitxikeria bat. Duela urte dezente, 20 urte inguru, Pasaia-Lezoko Urtz taldeak ere izen bereko kantua kaleratu zuelako. Baina beste zentzu bat eman dio Ilargik oraingoan: «Hasiera batean kantua ez zen oso alaia. Gainera pelikula bat ikusten ari nintzela etorri zitzaidan ideia burura, besteak maitatu baino lehendabizi norbera maitatu behar dela alegia. Hartara, gero kantua alaiagoa bihurtu da. Ukeleleak berak energia positibo hori ematen diola esango nuke. Zuzenean oraindik ezingo dut ukelelea jo, baina aurrera begira hori ere sartzen saiatuko gara».
Kontzientzia politikoa goxotasunez adierazita
Karga politiko dezente duten hiru abesti ere grabatu ditu diskorako Ilargik. Horietako bat ‘Decidir’ deiturikoa da, Kataluniako independentzia prozesuaren inguruan idatzitakoa. «Gazteleraz egin dut, katalanekin komunean dudan hizkuntza delako eta ez dakidalako katalanez, ez naiz gai katalanez txukun abesteko eta saiatu naiz, e? Abestien bitartez utopikoki bada ere mundua aldatzeko nahia dut eta, bueno, kantu honekin salatu nahi izan dut polizia betiko moduan herritarren kontra modu basatian nola jarri zen. Aldarrikatu nahi izan dut, baita ere, demokrazia deitzen den honetan gutxienez aukeratzeko eskubidea izatea, bakoitzak erabakitzeko zer izan nahi duen. Alde edo kontra egongo zara, baina behintzat utzi aukeratzen», azpimarratu du lezoarrak.
’Munstroa’ kantuan, bestalde, kapitalismoaren aurka agertu da abeslari gaztea: «Guk nahi gabe bada ere kapitalismoari ekarpenak egiten dizkiogu, esaterako, Inditexen erosten dugulako tarteka besterik ezean. Haurrek, ordea, ez dute horren guztiaren errurik eta gizarte kapitalista oso gogor bat uzten ari gara haientzako. Eta ez dute halakorik merezi. Nire kontzientziak geroz eta gehiago eramaten nau kontsumo arduratsu batetara, nahiz eta kapitalismoaren biktima bat gehiago naizen eta askotan kontraesanetan erortzen naiz. Baina kontzientzia lantzean dago gakoa eta batzuk gutxieneko hori ere ez dute. Aldaketa baten beharra daukagu eta bakoitzak bere esku dagoen hori egitea da minimoa».
Sororitatearen inguruan idatzitako abestia da ‘Marea morea’, memoria ariketa bat ere egiten duena aldi berean. «Generorik ahulenarena idazterakoan banuen beldur pixka bat, baina lagunek ongi ulertu zuten. Ironiaz esanda dago, ez baikara genero ahulena ez indarrik ez duena. Gainera, irakasle batekin haserretu nintzen duela gutxi kontu horrekin berarekin. Abestia idazterakoan ‘La manada’-ren kasua eta Nagore Laffageren kasua izan nituen abiapuntu bezala. Sororitatea ezinbestekoa da, justiziaren esku geratzen bada guztia, alferrik gabiltzalako. Ikusi besterik ez dago Manadakoek izandako trataera eta Laffageren hiltzailea dagoeneko libre eta lanean dagoela jakinda», salatu du Agirrezabalak.
Ikasitakoa praktikan jarriz
Bideoklip ugari kaleratu ditu eta ea ikasitakoa erakusteko edota ikasketa prozesu moduan hartu duen galdetu diogu Ilargiri: «Aurten ikus-entzunekoen inguruan aritu gara ikasten justu eta ikasitakoa praktikan jartzeko balio izan dit. Teorikoki gauza bat da, baina gero praktikan beste bat eta asko ikasteko balio izan dit. Kamera aurreko hainbat kontu nola diren ikusteko, plano mugimendu batek zer transmititzen didan ikusteko… Hartara, musika eta arte dramatikoa lotzeko modu bat ere izan da niretzako. Horrez gainera, diskoaren proiektuarekin produkzioari buruz ikasi dudana ere praktikan jarri dut: diskoaren salmenta, prentsarekin harremanak edota kontzertuak lotzea. Dena nik egin dut eta, akatsak egin ditudan arren, haietatik ere ikasten ari naiz».
Zuzenekoetarako taldea osatu du eta ekainaren 17an Ormaiztegiko Musikale zikloan emango duen kontzertuan aurkeztuko du banda: «19 urtetik 22 urte bitarteko musikariak izango dira, Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako jendea eta benetan gogotsu gaude denok ere oholtza gainera igotzeko». Gazteak dira eta Ilargiri ere gaztetasun hori nabaritzen zaio: «Ohituta nago naizena baino gazteago naizela esaten didaten momentuetara. Hamasei urte ditudala entzun dut askotan, eta 18 urte nituen garaian, akaso, amorrazioa ematen zidan toki batzuetara sartzeko NAN-a eskatzen zidatelako, baina orain aukera gisara ikusten dut. Antzerkian nerabe paperean aritu naiteke oraindik ere!»
Diskoak momentu honetan fisikoki eskuratzeko moduan daude Donostiako Hontza liburu-dendan, Lezoko AEKn eta Errenteriako Landare tabernan. Bestela, baita Hontzaren webgunean edota nire bandcamp orrialdean. «Kontzertuetan ere eskuratzeko modurik izango da, Ormaiztegikoaz gainera, Lezon abuztuan izango da kontzertu bat eta Donostian uztailerako beste bat ixtea espero dut».