En directo
Borderline: Mugarik gabeko kulturgunea
Ekainaren 4ean inauguratu zuten Hendaiako Borderline Fabrika. Artistek beren lanak publikora zabaltzeko erabilera anitzeko espazio bat da eta datozen egunetarako egitarau zabala dute antolatuta dagoeneko.
Borderline: Mugarik gabeko kulturgunea
Pasa den astean ireki zituen ateak Hendaiako Borderline Fabrikak. Publiko zabalari zuzendutako kulturgunea izateaz gain, artista erresidenteak laguntzera bideratutako proiektua ere bada Borderline Fabrika. Izan ere, artistek, haien sorkuntza artistikoa erakusteko espazio bat izango dute eskura, eta publikoarekin elkarlanean sortutako ekintzak aurrera eraman nahi dituzte bertan. Gainera, sortzaile erresidenteen jarduna eta ekonomia egonkortzea du helburu, haien sorkuntza, nolabait erraztuz.
Txoko atsegina eta lasaia da kafe baten bueltan arteaz gozatzeko. Jatorri eta hizkuntza anitzetako jendeak zeharkatutako geltokiaren auzoan dago Borderline Fabrika. Etengabeko lanaren emaitza da proiektu hau. Izan ere, duela lau urte, ilusioak bultzatuta, hasiera eman nahi izan zioten proiektuari, Borderline fabrikara eramango zituen txartela eskatuz: «S'il vous plaît, un billet pour aller à Borderline Fabrika».
Sortze bidean oztopo ugari izan badituzte ere, lortu dute proiektua martxan jartzea. Inaugurazio ekitaldian, kafea hartzeko aukera izan zen lehenik, eta aurkezpenari ekin zioten segidan. Bertako jende ugari bildu zen Borderlinen, betiere, zegokion aforoa mantenduz eta segurtasun neurriak errespetatuz. Antzerkiak eta antolatzaileen hitzaldiek osatu zuten ekitaldia, eta publikoaren esker oneko txalo beroek borobildu zuten goiza.
Borderline Fabrikako lan taldea. (Bob EDME)
Borderline Fabrikaren sortzaile eta antolatzaileetako bat da Ander Fernandez, eta berak argi du zein izan diren proiektua aurrera eraman ahal izateko arrazoiak: «Gehienok kultur-sortzaileak gara eta nahi genuen lan egiteko toki bat eta publikoarekin gure lanak elkarbanatzeko toki bat».
Eskaintza zabala
Fernandezek azaldu duenez, gogo handiz eutsi diote proiektu berri honen hasierari. Izan ere, kontatu duenez, egitarau zabala dute ekainaren 12tik aurrera: zirkua, kontzertuak, antzerkia… eta bestelako ekintza dinamiko ugari. Gainera, jendearen harrera ere ona eta beroa izaten ari omen da, sarrerak gutxinaka agortzen baitoaz: «Gure harridurarako, lehenengo gaualdiko sarrera guztiak agortu dira. Zirko gaualdi bat izango da, sei zirku-artistak eta bi musikarik osatuko dutena, beraz, espero dugu beste ekitaldiak ere betetzea».
Antolatzaile eta artistak ilusioz beterik daudela dio Fernandezek, luzaroan borrokatu baitute Borderline Fabrika sortu ahal izateko: «Askotan proiektatu dugu irekiera hau eta beti atzeratzen joan da, beraz, kartutxoak eta ideiak baditugu. Orduan, proiektuari begira, pozik eta ilusio handiz gaude». Antolatzaileek diotenez, experiementazioaren bidetik sortutako arteari egingo dio lekua bereziki Borderline Fabrikak, eta emakumeek gidatutako sorkuntzari arreta berezia eskainiko diotela ziurtatu dute.
Aktorea eta ipuin kontalaria da Imanol Espinazo, eta bat egin du hark ere Borderline Fabrikarekin. Haren ustez, ezinbesteko dute artistek Borderline Fabrika bezalako elkargune bat. Izan ere, asko dira euren jarduna publikora zabaldu nahi duten artistak, eta jardun horri espazio bat eman izanak pozten du Espinazo: «Artistek baditugu ideiak, pasioa eta ilusioa, baina leku bat behar dugu gure lanak erakutsi ahal izateko. Orain badugu espazio bat, publikoari irekita dagoena, eta oso pozik gaude».
Hendaiatik harago
Espinazok azaldu duenez, Borderline Fabrika ez da Hendaiara soilik mugatzen den espazio bat. Beste herri eta auzoetako jendeari ere egiten dio dei proiektuak; eurak ere igo daitezen tren berera, bat egin dezaten proiektuarekin eta anima daitezen bertaratzera: «Iruneko, Donostiako, Oreretako, Oiartzungo... jendeari esan nahi diogu, etorri daitezela Borderline Fabrikara».
Ateak ireki ditu beraz Borderline Fabrikak. Bide zuzena hartu du, eta okertu gabe iritsi da lehen geltokira, publikoari igotzeko gonbitea eginez. Aipatu bezala, egitarau zabala dute antolatuta ekainaren hamabitik aurrera: zirkua, antzerkia, kontzertuak… denetik izango da bertan. Antolatzaileek argi dute bide luze baten hasiera besterik ez dela, eta ilusio handiz emango dituztela Borderline Fabrikaren aurrera begirako urratsak.