En directo

NAIZ Irratia

Oier Oa: «Lurralde debekuaren auzian aurrekari bat ezartzeko aukera dagoela uste dut»

Ostiralean pasako da epailearen aurretik Oier Oa, Frantziar Estatuan bizitzeko debekua ez errespetatzeagatik. ‘Kazeta’-ri eskainitako elkarrizketan «baikor» dagoela dio bere auziak aurrekari on bat ezarri dezakeelako antzeko egoeran diren beste militante independentisten kasuan.

Audio_placeholder

Oier Oa: «Lurralde debekuaren auzian aurrekari bat ezartzeko aukera dagoela uste dut»

Loading player...
Mobilizazioa Larresoron, Oier Oak bertan bizitzeko eskubidearen alde iazko azaroan. © Bob EDME
Mobilizazioa Larresoron, Oier Oak bertan bizitzeko eskubidearen alde iazko azaroan. © Bob EDME

2015eko apirilean utzi zuten aske Oier Oa, ETAko kide izatea egotzita lau urteko espetxe zigorra bete ostean. Donostiarra izatez, aspaldian Larresoron finkatua da eta bertakoa ditu bikotea eta hiru seme. Beste askoren kasuan bezala, berari ere espetxe zigorraz gain aske geratzean Frantziako Estatura sartzeko bizi osoko debekua ezarri zioten. Orain, debeku horri muzin egiteagatik auzipetu dute.

Ostiralean izango du lehen auzi saioa eta ‘Kazeta’ eta ‘Mediabask’-i eskainitako elkarrizketan «oso baikorra» dela dio, «uste dut badela aukera erreal bat debekuaren gaia, bumeran efektu bat eman eta konpontzeko, aukera bat izatea nire kasua gibeletik hainbat herritarren egoera konpon dadin». Auzirako ordu gutxiren faltan ez da garbia fiskalak zer eskari eramango duen, asteazkena arte ez berak ez bere abokatuak ez zekiten zer eskatuko zuen. Atzo, hamabi hilabeteko espetxe zigorra eskatuko ziotela jakinarazi zioten Oaren abokatuari, ordu gutxitan, ordea, eskari arinagoa izan zitekeela jakinarazi zioten. Azkenean halakorik balitz, eta Oak eskari hori onartuko ez duenez, ostiraleko saiotik epaiketa baterako hitzordua aterako litzateke.

Bere kasua ez dela isolatua dio Oak, «azken hilabeteetan izan dira hainbat atxiloketa antzeko egoeran diren pertsonenak», Igor Uriarteren kasua aipatzen du, adibidez. Izan ere, Frantziako justiziak militante independentisten kasuan maiz aplikatu duen zigor gehigarria da lurralde debekuarena, maiz bigarren mailan geratzen den arren gaia, «badira, noski, beste arrazoi askoz ere pisutsuagoak, preso eta deportatuen gaiak esaterako, eta debekuaren gaia beti beste plano batean geratzen da. Momentu honetan lehertu egin da gaia eta debekuaren kontua ezagutarazteko momentua ere bada».

Elkartasun uholdea

Izan ere, Oaren atxiloketak eta ondorengo auziak elkartasun uholdea eragin du Ipar Euskal Herrian. Babes ekimenak izan dira lantoki duen Baionako Bernat Etxepare Lizeoan, bizitoki duen Larresoro herrian eta pasa den astean sustengu ekimena aurkeztu zuten ikuspegi guztietako politikarien babesarekin. Sustengua adierazi diotenen artean dira Jean-René Etchegaray Elkargoko lehendakaria, Max Brisson eta Fréderique Espagnac senatariak, Vincent Bru diputatua eta Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea, besteak beste.

Lasaitzen nauena da maila batean herri honek, tendentzia politiko guztien ordezkapenarekin, epaitu nauela eta absolbitu nauela eta epaileak ere entzun eta erabaki bera hartu beharko lukeela uste dut

Jasotako babesa «sekulakoa» izaten ari dela dio Oak ‘Kazeta’-ri eskainitako elkarrizketan, «lasaitzen nauena da maila batean herri honek, tendentzia politiko guztien ordezkapenarekin, epaitu nauela eta absolbitu nauela eta epaileak ere entzun eta erabaki bera hartu beharko lukeela uste dut». Bere aurkako auzia lekuz eta garaiz kanpo datorrela uste du, «egon garenean orain dela hamarkada bat ehunka iheslari Laburdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoan egoera ez erregular batean, paperik gabe, eta orain garai hauetan, presoekin ere hurbiltze batzuk badirenean, kanporatzeekin hasteak ez du zentzurik».

Justiziak garaira egokitu beharko lukeela uste du Oak, «hemen herri batek erabaki du orrialdea itzuli behar dela, gatazkaren konponbidearen perspektiban ipini behar garela. Komunitate batean ez badago arazorik eta komunitate hori ados baldin bada, justiziak egokitu egin behar du hori babesteko. Momentu honetan aski da, egin beharko luketena da dosier horiek guztiak suntsitu eta normaltasun batera iragan».

Familiari pisua

Frantziak kanporatu ostean Donostian geratu zen, «injustua antzematen nuen, nire herrian bizitzeko eskubidea dudalako», eta auzibidean saiatu zen bere egoera zuzentzen, «bi aldiz egin dut helegitea eta bitan ezetz erantzun didate». Azkenean, Larresorora itzultzea erabaki zuen, bertan baizituen bikotea eta semeak, «egoera horretan bizi familiarra izugarrizko zama da, ezinezkoa da».

Bere aurkako auzibidea izan arren zigor nagusia bere bikoteak eta hiru semeek pairatzen dutela dio, «eta horretan bada kontraesana. Etengabe diote Frantzian gaudela, nire senideak frantziarrak direla baina gero frantses gisa dituzten eskubideak ez zaizkie bermatzen, ze estatuak behar luke euren segurtasuna babestu eta ari dira egiten euren aita kanporatu eta haiek euren herritik kanporatu. Aski da familiarrak erabiltzea, beste anitzetan erabili diren bezala».

Jaurlaritza Logoa