En directo
«Buruak atsedenaldi bat eskatzen dit, pentatloiari dagokionez»
Andoni Iruretagoiena Euskal Pentatloi Sariko historian sartu da bere laugarren txapela eskuratuta, laugarrena jarraian. Azken honekin, Joxe Mari Olasagasti eta Xabier Zaldua gainditu ditu palmaresean. Orain pentatloiak atseden hartuko du 2026 arte, baita Izeta VI.ak lan hauetan ere.
«Buruak atsedenaldi bat eskatzen dit, pentatloiari dagokionez»
Pozik eta penatuta, biak batera; halaxe azaldu zen Andoni Iruretagoiena “Izeta VI.a” Euskal Pentatloi Sariko laugarren txapela eskuratu eta ordu gutxira NAIZ Irratian. «Pozik» historia egin duelako, eta «penatuta», etxeko lanetan marka egina bazuen ere 30 minututik jaistea lortu ez duelako.
Historia egin duzu.
Bai. Lau urte maila horretan egotea eta lau urtetan txapela lortzea benetan zaila da. Oso pozik nago; lau marka jarrita, historiako palmaresean goiko aldean geratu gara; beraz, gustura egoteko moduan gara.
Zertxobait triste ikusi zintugun bi helburuetako bat ezin izan zenuelako bete. Orain, hotzean, pozak indarra hartu al du tristura horren gainetik?
Pozak indarra hartu du, baina badut tristura baino pena puntu hori. Aizkoratik jaitsi nintzenean, banuen 30 egiteko aukera, baina korrikan, egun hauetako tentsioa, presioa ageri zen, Xabatekiko begirada... Horrekin betekada puntu bat eman zidan. Gorputzak ezin zuen korrika gehiago egin eta minutuko 20 segundo joaten zitzaizkidan. Horrela ez dago marka egiterik.
Korrikan komeriak. Akaso, probaren hasieran, harria jasotzen eta plazan behartutakoaren ondorioz?
Bai. Azkenean, Xabatek bere kartak atera zituen, marka jarri zuen harrian, azkar atera zen eta guk ere jaso behar genituen. Ikusita zegoen, aurreko urteetan bezala, hiru minutu edo hiru minutu pasatxo harriak jasota txapela lortzea oso zaila izango zela. Eta eskerrak denbora horretan jaso genituen harriak eta horren bitartez lortu genuen txapela.
Uste duzu, hasiera horretan, Xabati aldentzen ez uzteari baino zureari begiratu izanez gero posible izango zela 30 minutuko langa hori jaistea?
Ez dakit. Horretaz aritu gara debatitzen etxean; egun hauek bueltaka egoteko izaten dira, zer hobetu zer ez... Nik uste dut harriak hiru minutuko erritmoan jaso izan banitu, Xabatek giza proban plaza erdian egingo zuela eta horri buelta ematea oso zaila da. Behin kana-erdiko buelta ematea hemen oso zaila da.
Dena den, zure markarik onena minutu bat eta bi segundo hobetu zenuen.
Bai. Azkenean, pixkanaka-pixkanaka beheraka goaz. Iaztik bi minutu jaistea nahi genuen; ez da posible izan, ahalegindu gara eta pozik egoteko lan bat da. Lan ona egin genuen.
«Hurrengo urtean saiatuko gara aizkoran gehiago hobetzen eta pixka bat disfrutatzen, azken urte hauetan ni gehienbat irabazi beharrak sorturiko presioak izorratu bainau»
Pentatloiak atseden hartuko du, 2026ra arte. Bi urte dituzu dena ederki prestatzeko.
Orain nik ere atsedenalditxo bat hartuko dut. Uste dut hurrengo urtea lasai hartuko dudala eta hurrengo urtearen amaieran-edo hasiko naizela pentatloiarekin. Aukera polit bat dut hurrengo urtean aizkoran dauden aizkolari handienen aurka jokatzeko. Hurrengo urtean saiatuko gara aizkoran gehiago hobetzen eta pixka bat disfrutatzen. Azken urte hauetan ni gehienbat presioak izorratu nau. Plazara joaten naiz irabazi behar horrekin eta besteak joaten dira “bueno, irabazten badugu, askoz ere hobeto, eta galtzen badugu, ba bai, Izetak irabazi du”. Hori ikusten dut eta pixka bat horretaz deskonektatu nahi dut, disfrutatu plazan dena irabazten bilatzeko. Hori botatzen dut faltan.
Ikusita 30 minutuko langaren arantza hori duzula, etenaldi honek, pertsonalki, ezinegona sortzen al dizu bi urte luze gerta daitezkeelako?
Ez. Eman didan bakarra da poza. Gorputzak baino gehiago, buruak pentatloitik atsedenaldi bat eskatzen dit. Lau urteak oso gogorrak egin zaizkit. Bigarrengo urtean 31:36ko denbora egin nuen eta hirugarrenean ez nuen egin eta presio bat zen nik neuk eta jendeak sartzen zidana. Atsedenaldia ondo etorriko zait.
Aurten aurkariek maila oso ona eman dute.
Bai. Nik uste dut Pentatloia behetik gora datorrela; jendea prestatzen ikasten ari da prestakuntzarekin, denok ari gara ikasten. Nik uste dut Euskal Pentatloian kiroltasun handia eta borrokatzeko gogo handia dagoela, eta jendea prestatu egiten da pila bat. Maila handia ikusi genuen.
Zalduak utzi egingo du, seigarren izanda eta zure eskuetatik txapel bat ere jasota.
Ilusio berezia egiten zidan Zalduari omenaldi bat egitea. Niretzat erreferente handia izan da. Lagun handi bat egin dut eta merezi zuen honelako omenaldi bat. Pentatloiak ere merezi zuen agur on bat egitea berari.
Ez zara geldirik egoten den horietakoa eta laster izango duzu aizkoran zer lehiatu.
Bai, hemendik bi astera. Atzo [igandean] deskantsatu eta gaur [astelehenean] entrenatzera berriz. Bi aste ditut lehen mailako kanporaketarako; ahal dudan lanik txukunena nahi dut egin. Ez dakit zein maila emango dudan, baina orain ez bazait ‘bajoi’ handia etortzen, ea zer moduz ateratzen den txapelketa.