Donostia

Argiaren eta ilunaren oreka bilatuz estreinatu dira Ondra taldekoak ‘Su itzaletan’ diskoarekin

Aurretik musika munduan bakoitzak bere bide egin ostean, hiru urtez lanean jardun eta bere lehendabiziko lana kaleratu du Ondra talde donostiarrak. Xabi Urkia eta Peru Arregi izan dira MusikHaria saioan ‘Su itzaletan’ diskoa aurkezten.

Audio_placeholder

Argiaren eta ilunaren oreka bilatuz estreinatu dira Ondra taldekoak ‘Su itzaletan’ diskoarekin

Loading player...
Xabi Urkia, Peru Arregi, Leyre Alecha eta Iker Garcia, Ondra taldekoak, Aieteko anfiteatroan
Xabi Urkia, Peru Arregi, Leyre Alecha eta Iker Garcia, Ondra taldekoak, Aieteko anfiteatroan

Batzuetan kontzertuetan, besteetan musika lokaletan edota tabernen bueltan sortzen dira musika taldeak. Baita iragarkiak eta abar jarrita ere. Ondrakoen kasuan Iker Garcia eta Peru Arregi elkartu ziren lehendabizi eta beste musikariak bilatzen aritu ostean, Xabi Urkia batu zitzaien eta 2017 bukaeran hasi ziren kantuak. «Oker ez banaiz solomusicos.com webgunean ezagutu ginen Iker eta biok. Webgune horretatik ez dakizu nola irtengo den kontua, baina zortea izan genuen. Gero iragarkietatik edota antzekoetatik joan etorri batzuk izan ziren taldean, bateragarriak izan behar garelako musika sortzerakoan eta hori falta zelako. Hala, aspalditik ezagutzen nuen Xabi eta Londrestik itzuli eta hitz egitean proiektuaren berri eman nion. Batzea erabaki zuen. Leyre Alecha ere antzera batu zen taldera. Leyrek eta Ikerrek elkarrekin ikasi zutenez, kaletik topo egin, komentatu eta Ondra sortu zen», kontatu digute taldekideek.

Diskoa irekieratik ikusten da doinu pisutsuz eta amorruz beteta etorriko dela. «Gitarrak pisu handia izango duela ikusten da hasieratik eta bateriaren astuntasunak eskatzen du orroak-eta sartzearena. Gu lauron eraginak batu eta guztiaren nahasketa da diskoa», kontatu digu Arregik. «Orroena lotsatik datorrela esan nezake, barruko energia kanporatzeko modu bezala ikusten dut, besterik gabe», kontatu digu Peru Arregi taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak.

Gitarren riffetatik sortzen dira kantuak. «Peruk edota nik egindako riffak lehendabizi taldean aurkeztu eta gogoko ditugun ikusi behar izaten da, atzetik abestia jantzi, doinuak egin, letra gehitu eta bukaerako emaitzaraino iristen dira kantuak», azaldu digu Xabi Urkia gitarra-jotzaileak.

Kantuen hitzak Arregirenak dira eta «intuizioz sortuak izan dira. Kantuak entzun eta melodiak egiterakoan, soinuak sortzen ditut ahotsarekin. Hortik fonetikoki etortzen zaidana idazten dut gero. Diskorako abestiak arrazionalki sortu ez badira ere, existentzialismoaren edota bizitzaren bueltan sortzen diren ezinegonen inguruan hitz egiten dut orokorrean; ondorioz, eman dezake disko kontzeptuala izatearen irudia». Amorruz hasi eta soseguz bukatzen da pasarte desberdinetatik pasa eta gero ‘Su itzaletan’.

Ahotsek epikotasun puntu bat ematen diote kantuei eta, ahotsaren soinuak izan duen tratamenduaz galdetuta, Beñat Igerabide Lezoti estudioko teknikariaren ekarpena goraippatu dute: «Grabaketa martxoan hasi genuen eta, jakina, gertatu zena gertatu zen. Hartara, ahotsen grabaketa lokalean egin nuen Lezoti estudiokoek utzitako material txukunari esker. Bi hilabetez itxoin genuen estudioan sartzeko aukerarik izango zen ikusteko, baina diskoa bukatzeko beharra genuenez, horrela egitea erabaki genuen. Hartara, ahotsak grabatuta bidaltzean bere sorkuntza erabakia izan zen ahotsaren erreberberazioarena, eta kolore polita ematen dio», aipatu digu Arregik.

Ahots guztiak Peru Arregik grabatu dituen arren, hori zuzenean nola defendatu lantzen ari dira eta «momenturen batean edo bestean taldeko lau partaideak entzun ahal izango dira abesten» Ondra taldekoen kontzertuetan. «Zintzoak izanda, estudioan lortu den epikotasun hori beste era batera taularatuko dugu. Modu zuzenago eta natural batean transmititzen saiatuko gara eta horretan gabiltza», aurreratu digu Arregik.

Eraginak eta bertsioa
Eraginen inguruan galdetuta aipatu digute Leyre Alecha baxu-jotzailea metal talde batzuetan ibilitakoa dela eta Iker Garcia bateria-jotzailea hardcore estiloan mugitu dela batik bat. Xabi Urkiaren erreferentziak Pink Floyd, Dire Straits, Berri Txarrak, Muse edota Willis Drummond bezelakoak izan dira. Peru Arregik euskal rockaren erreferente berak izan ditu, baina kanpokoak aipatzean Pearl Jam, Led Zeppelin edota Radiohead bezalako taldeak aipatu dizkigu. «Dena dela, gure sorkuntzak modu naturalean etorri dira eta eragin horiek ez dira kontzienteki txertatu diskoan», azpimarratu dute Ondrakoek.

Bertsio bat ere egin dute, Mikel Laboaren ‘Gauerako aterpea’ kantuarena. Peruk betidanik izan du buruan kantu horren bertsio bat egitearena eta Ondra taldekoek azkenean ilusio hori gauzatzen utzi diote. Aurretik Negu Gorriak taldeak ere egindako kantuarekin antzekotasunik ez duen bertsioa, garaian garaiko musikaren adibide.

Mr. SorTWO-k egin die diskoaren azala modu librean eta burura etorritako ideiekin ilustrazio dotorea egin du taldekideen pautak jarraituz: gaua eta eguna, zalduna… Ondrakoek ‘Su itzaletan’ kantuan bertan argi-ilun horiek aipatzen dituzte, gainera: «Oro har zuriaren eta beltzaren, argiaren eta ilunaren oreka hori garrantzitsua iruditzen zait bizitzan aurrera egiteko. Gauza txarrei begietara begiratu eta horiei aurre egiteko adorea eduki horrekin bizitzen ikasteko. Hortik sortzen diren zoriontasunak baloratzen ikastea garrantzitsua dela iruditzen zait. Oso ponposo geratu dela dirudi, baina hori horrela sentitu dut kantuak idazterakoan. Sinbolismo koherente batzuk erabiltzen saiatzen naiz egiari zor, bakoitzak kantua bere bidera eraman dezan», dio Arregik.

Oraingoz ez daukate datarik iragartzeko, baina guk ideia bota eta esan digute «ederra» litzatekeela promozioko argazkiak atera dituzten Aieteko anfiteatroan jotzea. «Cullynariko ikasleak akaso gerturatuko lirateke», gaineratu du Arregik txantxetan. Diskoa zuzenean aurkezteko irrikaz daude inondik ere Ondra taldekoak. Diskoak horretarako egiten baitira, gero zuzenean jo eta disfrutatzeko.

Gauzak horrela, diskoaren inguruan jendeak duen iritzia jasotzea atsegin dute Ondra taldekoek eta kontatu digute diskoa eskuratzeko modurik gogokoena ere modu horretan izatea nahiago dutela: berei zuzenean idatzi, entzun baldin badute kantuen inguruko iritzia eman eta gero diskoa helaraztea beren kontu. Bandcamp bidez ere eskuratu daiteke, baina gisa horretan plataformak eramaten du ordaintzen denaren portzentaje bat. «Ilusio berezia egiten digu taldekideoi ezagutzen ez dugun batek idatzi eta gure musikaren inguruan hitz egiten digunean», nabarmendu du Urkiak.

Hemen duzue entzuteko aukera, eta, gogoko baduzue, badakizue, idatzi lasai Ondra taldekoei.