En directo
Bigarren diskoa, 'II', urtarrilean grabatu zuten 'Kuartz' taldekoek eta ezin izan dute nahi zuten garaian kaleratu, pandemia garaiak eraginda. Dena dela, aurrerapen kantua eskaini zuten orduan, 'Energia' izenekoa. Eta horixe eman zigun, energia. Energia eta gehiago entzuteko gogoa piztu. Hartara, irailean iritsi da 'II'.
Itxialdi garaia, ordea, ongi baliatu dute zuzenekoak mimoz prestatu ahal izateko. Zuzenean bi izanagatik ere hirugarren instrumentu bat, baxua, simulatzen saiatzen dira, bi ahots erabiltzen dituzte eta ordenagailu bidez zuzenekoetarako soinu berezia bilatzen ari dira. Gainera, maxinaren laguntzarekin argiekin jolasteko nahia dute zuzenetarako, nahiz eta «zerbait xumea» dela kontatu digun Ibes Mongabure taldekideak.
Gogoetarako tartea zabaltzen digun lana da 'Kuartz' taldearen 'II'. Hitzek barrura begira jartzeko beta hartu eta zer pentsatua ematen dute abestiz abesti. Guztia doinu rockeroetan, gordin iristen da barruraino. Entzunaldi bat baino gehiago merezi duen albuma.
Albiste faltsuak, ingurumena, folklorea, arima, errudunaren bila burua galtzea… Halako gaiak izan dituzte beren hitzek oinarri. Hartara, 'Haltzazko totema' kantuko bi hitzek laburbiltzen dute diskoaren muina: «hitzezko geziak». Hitzezko geziez osatutako diskoa delako 'II'.
Sohütan grabatu dute diskoa, aurrekoa bezalaxe, Jeremie Garaten gidaritzapean. «Grabaketaz arduratzeaz gainera, laguna dugunez, ekoizle papera ere hartu eta beste ikuspegi bat eman digu», aipatu digu Mongaburek. Diskoaren azala, berriz, Anna Petrissans diseinatzaileak egin du.
Zuzeneko kontzerturen bat edo beste emateko aukera izan dute 'Kuartz' taldekoek, modu pribatuan izan bada ere. Datozen datei begira, Mutrikuko gaztetxean dira kontzertua ematekoak, urriaren 16an, ostiralarekin. Disko berria, zuzeneko berriarekin aurkeztuko dute, beraz.
Bitartean, beren bandcamp orrialdean edota Elkar dendetan eskuratu daiteke 'II'.