En directo
Swing, soul edota R&B doinuak jorratzen ditu 'Nhil' taldeak. Beñat Arrieta eta Asel Errasti elkartu ziren hasiera batean eta doinu horiek lantzeko gogoz hasi ziren eta pixkanaka jendea batu zuten beren proiektura. Aretxabaletan entseatzen duten arren, Arrasate, Eskoriatza eta Aramaioko taldekideak ere batzen ditu 'Nhil' taldeak.
Aretxabaletako 'Necrosound' estudioan grabatu dute, Asel Errasti taldekideak bera arduratu da gainera horretaz; 'Doctor Master' izan da masterizazioaz arduratu dena eta 'Sarbide' izan da kopiak egin dituena. Hartara, ekoizpena hasi eta bukatu Euskal Herritik atera gabe egin dute.
Zazpi kantu batzen ditu diskoak, horietatik sei propioak eta bat bertsioa izan da. Kantu propioak euskaraz eta ingelesez egin dituzte. «Ingelesez abesteak nolabait ere lotsak albo batera uztera eramaten nau eta hori izan daiteke ingelesez abestearen arrazoia», kontatu digu Sara Alonsok. Bertsioa, berriz, Berri Txarrak taldearen 'Maravillas' kantuarena izan da: «bertsioa, bertsio izatea nahi genuen eta ez cover bat. Hartara, buelta asko eman genizkion eta pozik gaude emaitzarekin», esan digute 'Nhil' taldekoek.
Hainbat lehiaketatan hartu dute parte eta horietako batean, Gasteizko txosnek antolatzen dutenean, garaile izan dira. «Sekulako saria izan da Jimmy Jazz aretoan jotzea bera. Kontzertu oso gutxi eman genituen aurretik eta bertan oholtzan izateko aukera bakarrik sekulakoa da guretzat», aipatu digute 'Nhil' taldeko kideek.
Beren instagram kontutik saltzen dituzte momentuz diskoak, kontzertu berrien zain dauden bitartean. Bat behintzat, 2021eko Gasteizko jaietakoa, ziurtatuta daukate. Bitartean 'Aztarnak' diskoaz gozatu dezagun.