Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Super-produzkioetarako bidean doaz diskoak, bada, guk kontrakoa hartu nahi izan dugu»

Asel Errasti, Lia Garai, Aitor Ruiz de Austri, Xabi Zuazabeita, Sara Alonso eta Beñat Arrieta dira Nhil taldeko kideak. Duela bi urteko estreinaldiaren ostean, lehen lan luzea kaleratu berri du Debagoienako taldeak. Eboluzio argia izan dute eta hori kontatu digute Beñat Arrietak eta Sara Alonsok.

 

Audio_placeholder

«Super-produzkioetarako bidean doaz diskoak, bada, guk kontrakoa hartu nahi izan dugu»

Loading player...
Soinuan eboluzio nabaria izan du Nhil taldeak ‘Bizi bagina bezala’ diskoarekin.
Soinuan eboluzio nabaria izan du Nhil taldeak ‘Bizi bagina bezala’ diskoarekin. (Julen AXPE)

‘Aztarnak’ debuteko lanaren aztarnarik ez zen geratzen haien sareetan elkarrizketa egin genuenean, baina berriz ere etapa hartako kontuak berrezarri dituzte, «garbiketa txiki bat egiten ibili ostean. Disko berrian zentratzea zen asmoa eta, tarte batez kenduta eduki eta gero, berriz ere bueltan dira».

‘Opening’ batekin irekitzen du Nhil taldeak ‘Bizi bagina bezala’ diskoa, taldearen lehen lan luzea. Lehendabiziko kantuan sortzen duten atmosferak halako soinu aldaketa bat iradokitzen du. «Diskoa entzutean, lehen bi kantuak elkarrekin lotuta doaz, harmonia berak dituztelako, beno, eta hasieran kantu bera zirelako. Baina gero erabaki genuen hasiera atmosferiko hori banatzea eta bi hizkuntza desberdinetan egitea», kontatu digu Arrietak. «Bi kantuen artean bada harremana eta buelta dezente ematen ibili ginen zer bai eta zer ez jotzeko. Gero diskoak ez du zerikusirik introarekin, baina gustatzen zaigu nola aurkezten den», gaineratu du Alonsok.

Diskoak erlazio sentimental baten fase desberdinak kontatzen ote dituen galdetuta, «oso urruti ez zabiltza» erantzun du Beñat Arrietak. «Egia da azkeneko elkarrizketan esan izan dugu emozioen bidaia bat dela eta kantu bakoitzak emozio baten inguruan hitz egiten du. Alzhaimerraren gaia aipatzen da, maitasun kontuak ere bai, barne gatazkak… Zuk horrela jaso duzu eta oso polita da, baina emozioen bidaia bat dela esango dugu», azaldu du Sara Alonso abeslariak.

‘Iritsi da unea’ deitzen da kantuetako bat, baina zeren unea iritsi zaio Nhil taldeari?: «Nahiz eta aipatu nahi ez, pandemia izan da gure bi urte hauetan sortzeko izan dugun markoa eta nolabait ere heldu da garaia hori atzera utzi eta plazara irteteko berriz ere». Arerio bat aipatzen dute kantuan zehar, eta bukaeran esaten dute norbera izaten dela maiz bere arerio: «Kantu guztian badirudi norbaiti ari garela errua egotziz, baina ez da horrela. Gakoa bukaeran dago, azken esaldian konturatzen baita norbera dela bere arerio».

70etako musika beltza

Haizezko instrumentuek garrantzia dute Nhil taldearen musikan. Disko honetan lehor samar entzun daitezke, oihartzun eta halako efektu gutxirekin, 70etako soinuaren itxura hartuz. «Soinu aldetik argi geneukan gu izatea nahi genuela, soinu organiko eta ahalik eta naturalena lortuz. Nahasketak egin dizkigun Santi Quizhperi argi utzi genion hori eta entzuten dugunean jabetzen gara gure musika dela. Hori zen lortu nahi genuena», azaldu digu Alonsok. «Gaur egun ohikoa da ekoizpenean super-produzkio baten itxura hartzea disko batek, bada, guk kontrako bidea hartu nahi izan dugu», gehitu du Arrietak.

Soul estiloko balada bat da ‘Lost’ abestia. Aurreko diskotik hona Asel Errasti bateria-jotzaileak aurrerapauso nabarmena eman duela esan dezakegu. «Beti eduki du flowa eta akaso abesti honetan asko ikusten da akaso duen groove hori», aipatu du Arrietak. «Lehenengo diskoan nik uste denok gauzak gordetzen aritu ginela, lehenengo diskoa delako eta ez zarelako ausartzen dakizun hainbat gauza egiten. Bigarrenean beste iniziatiba bat izan dugula uste dut eta hori nabaritzen dela emaitzan», segi du Alonsok.

Lau urteko erlazio baten bukaeran kokatzen da abestia. «Badu halako karga berezi bat niretzat, erlazio toxiko bat irudikatzen nuelako letra idazten nuen bitartean eta barru-barrutik atera zitzaidalako», dio Alonsok. Gitarraren distortsioa sutilki sartzen du Arrietak eta esan digu hor ikasi egin duela «gitarra noiz sartu energia guztiarekin eta noiz egon bigarren plano batean. Hori ere denborarekin ikasten baita».

Haizeen sekziorako kolaboratzaile bat izan dute diskoan, Joseba Aparicio, musika munduan bide luzea duen tronpeta-jotzailea. Moldaketak, ordea, ez dira haren eskutik etorri: «Linea guztiak nahikoa prestatuta genituela esan daiteke Joseba etorri zenerako. Hori bai, Josebak asko lagundu du gerora eta linea horietan konponketa batzuk ere eskua sartu du. Grabatzerako orduan nola grabatu behar den ere bideratu gaitu eta, nola ez, bere tronpetaren doinuak… Eskerrik asko Joseba! Nahi eta ahal duenero gurekin oholtzan beti izango du tokia». Horrez gainera, Lide Hernando ere izan dute kolaboratzaile, ‘Bilatzen oreka’ abestian eta «haren ahotsa gure diskoan izatea luxu bat» dela adierazi dute.

Koralaren presentzia

Funka, ryhtm&bluesa, soula eta halakoak dira Nhil taldearen lurraldea. Hala, koroen presentzia eta indarra gauza nabarmena dira. Kredituetan, ordea, Sara Alonsoren izena bakarrik agertzen da ahotsetan. «Kantu gehienetan Aitorrek, Xabik eta hiruok aritu gara koroak egiten. Oso ondo pasa dugu eta, egiari zor, ez genekien zer nolako emaitza lortuko genuen, abesten sekulan ez genuelako grabatu ezertxo ere aurretik. ‘Go‘ eta ‘Come closer’ kantuetan Souldrivers gospel talde madrildarra aritu da atzeko kantuak egiten», aipatu du Arrietak. «Hauen ezkutuko talentua agerian uzteko balio izan duelakoan nago ni. Berak ere harrituta geratu ziren beren burua grabatu ostean entzutean eta disko honen puntu indartsuenetako bat da hiruak nola batu diren abesteko», gaineratu du Alonsok.

Diskoan bada kantu bat poperoagoa dena hala ere, ‘Ahaztu baino lehen’ deitzen dena, «momentuz jendeari gehien gustatu zaiona». Alzheimerraren gaia jorratzen da, baina bigarren aukera bat eman duen bikote baten erlazioa ere iradoki dezakete kantuaren hitzek. «Badauka irakurketa hori ere, baina guk Alzheimerraren bidea hartu genuen Mikel Etxabururen hitzetatik abiatuta. Bere poema liburutik hartutako esaldiak dira, haiekin osatutako collage bat da. Gauza berezi asko ditu, bere amaren egoeran aurkitu zuelako inspirazi iturria eta horren egokitzapena izateak dakar akaso bigarren irakurketa hori ere egiteko bide ematea», esplikatu du Alonsok.

Segidan datorren ‘Go’ abestiaren sarrerak edonor harrapa dezake bere sareetan. Egiten duten ahotsen jolasak Imagine Dragons bezalako talde bat ekarri dezake burura. «Bost ahots linea daudela esango nuke eta guztietan hiru koristak gaude abesten. Zuzenean abesten ditugun hiru ahotsak eta bat goitik eta beste bat azpitik jarri ditugu diskorako», azaldu digu Arrietak. Enpastatatuta daude elkarrekin, eta goitik behera nola egiten duten bukaerako zatian, ez da batere erraza. «Madrilgo Souldriversekoei esan genien egiteko, baina aldi berean guk ere grabatu genuen zati hori. Entzun ostean, geure zatia gehiago gustatu zitzaigun eta hura gorde genuen. Zirriborro moduan guk grabatutakoa helarazi genien, baina diskoetan gauzak asko aldatzen dira eta gure ahotsekin geratu ginen», esan digute taldekideek.

Madril eta Aretxabaleta artean

Madril aldean egin zituzten ahotsen grabaketak: «NekroSound estudioan, Aretxabaletan, guk geuk grabatu eta editatu genuen zati bat. Gero, ahotsak eta koroak Madrilen grabatu genituen, PullPush estudioan, Santi Quizhpe ingeniariaren lanak gogoko genituelako. Instagram bidez hitz egin genuen berarekin, Sidecars bezalako taldeekin aritzen zela ikusita, eta gure sorpresarako baiezkoa eman zigun. Eta aipatu beharrekoa da artista handiekin aritzen den arren, oso gertuko tratua eman zigun guri ere. Sekulako altxorra topatu dugu bidean». Delaporte, Rozalén, Loquillo edota Bebe artistekin aritua ere bada Quizhpe.

Aurreko diskoekin alderatuta lokaleko lan gehiago egon dela egin dute azpimarra Nhil taldekoek: «Akaso abesti batzuk ahotsa eta pianoaren oinarri batetik abiatu dira, beste batzuk gitarraren riff batetik edota baxuaren linea bat izan da hasiera. Baina bai nabaritzen dugula lokaleko lana. Gehienak Sararen ideia batetik abiatu dira, baina ez dira oso egituratuak izan. Hala, bukaerako emaitzak batzuetan urrun geratzen dira. ‘Bada garaia’ edota ‘Dance’ abestiak dira horren adibide, ‘Lost’ bestaldean legoke, ia itxita etorri baitzen abestia».

Gasteizko hitzordua

Aurkezpen kontzertu ugari eman dituzte dagoeneko Gipuzkoan gehienak eta Radio 3en berezi bat, eta, aste honetan bertan, Gasteizen egingo dute diskoaren aurkezpena. Abuztuaren 5ean izango da, Gasteizko Txosnetan, izan ere haiek izan ziren aurreko urtean Banden Lehia irabazi zutenak. Irailaren 11n Getarian eta urriaren 8an Iruñean dira aurreikusitako hurrengoak. Bitartean, sareetan entzun daiteke ‘Bizi bagina bezala’.

Jaurlaritza Logoa