En directo

Amaia Zurutuza

«Gorren %30a iristen da ezpain irakurketa ulertzera»

Koronabirusaren krisiak maskaren erabilera eragin du eta hainbat enpresa maskara gardenak ekoizten ari dira, besteak beste, gorrek ahoak irakurtzeko aukera izan dezaten. Ainhoa Moiua zeinu hizkuntzako itzultzailearekin aztertu dugu egoera.

Audio_placeholder

«Gorren %30a iristen da ezpain irakurketa ulertzera»

Loading player...
Ainhoa Moiua zeinu hizkuntzako itzultzailea
Ainhoa Moiua zeinu hizkuntzako itzultzailea

Zea Mays taldearen ‘Negua joan da ta’ kantu ezagunaren bideoklipean ikusiko zenuten Ainhoa Moiua. Bera da zeinu hizkuntzan mintzo dena, edo kantuan ari dena. Hainbat enpresa gorrentzat maskara gardenak egiten ari dela hizpide hartuta, gorren errealitatera hurbildu gara gaur Moiuarekin.

Maskara gardenen inguruan, positiboki baloratu ditu, gorrentzat baliabide bat direla uste du, zeinu hizkuntza eskuetatik haratago doalako. Edonola, azaldu du gorren artean oso maila ezberdinak daudela ezpain irakurketari dagokionean. Kalkulatzen da gorren %30a iristen dela ezpain irakurketa ulertzera.

Maskara gardenen helburua, ordea, gorrak ahozko hizkuntzara hurbiltzea dela iritzio dio Moiuak. Orohar, hori dela beti helburua, gorrak ahozko hizkuntzara ekartzea, eta ez alderantziz. Aitzitik, ahozko hizkuntza erabiltzen dutenak zeinu hizkuntzara hurbiltzea defendatzen du berak. Ikasi daitekeen hizkuntza dela gogoratu du, badirela horretarako eskola eta ikastaro ezberdinak.

Heziketa berezia ikasi zuen Moiuak eta hortik hurbildu zen zeinu hizkuntzara. Pertsonalki oso esperientzia aberasgarria izan dela baieztatu du. Oro har, ordea, jendartea gorren komunitatetik urrun dagoela uste du eta horren ondorioz, besteak beste, gorrek elkarren artean harremantzeko ohitura dutela. Egoera honetan, zeinu hizkuntza ikasteko gonbidapena egin die ahozko hiztunei.

Kontatu digu, halaber, zeinu hizkuntza debekatuta egon zela mende oso batean zehar. Kontatu digu, baita ere, zeinu hizkuntza ezberdinak daudela munduan, askok uste dutenaren aurka ez dagoela zeinu hizkuntza bakarra. Tira, solasaldi interesgarria izan dugu gaur Ainhoa Moiuarekin eta gorren errealitatera hurbiltzen lagundu digu.

Jaurlaritza Logoa