En directo

Ion GARATE

«Gizon batzuek babestu gaituzte. Beste batzuek bigarren mailan egongo bagina bezala tratatu gaituzte»

Lurreko Munduko Sokatira Txapelketa aurten zen egitekoa Euskal Herrian, Getxon, hain zuzen ere. Baina koronabirusak eragindako krisi sanitarioaren ondorioz, 2021era atzeratu dute txapelketa. Honen inguruan eta orokorrean herri-kirolen inguruan solasteko Naiz Irratian izan dugu Ruth Linaza Badaiotz sokatira taldeko tiratzailea.

Audio_placeholder

«Gizon batzuek babestu gaituzte. Beste batzuek bigarren mailan egongo bagina bezala tratatu gaituzte»

Loading player...
Ruth Lizana Badaiotz sokatira taldeko tiratzailea.
Ruth Lizana Badaiotz sokatira taldeko tiratzailea.

Sokatira eta herri-kirolak ere sufritzen ari dira koronabirusaren ondorioak. Getxon egitekoa zen Lurreko Munduko Sokatira Txapelketa, baina datorren urtera atzeratu behar izan dute. Gurean izan dugu Ruth Linaza Badaiotz sokatira taldeko tiratzailea, eta berak azaldu digu orokorrean herri-kirolen egoera zen den.

Linaza goma gaineko sokatiran ibiltzen da Badaiotz sokatira taldean, baina, lurreko sokatira ere probatutakoa da bi urtez Goierri taldean. «Biak uztartzea latza egin zitzaidan, biak asko eskatzen dute, oso intentsoak dira, bietan topera ezin da ibili, beraz, hori anekdota bezala geratzen da» dio Badaiotz taldeko tiratzaileak. 

Linazak esan du «federazioarekin hartu emanetan» daudela eta hain zuzen ere, Lurreko Munduko Txapelketa atzeratzeko erabakia hartu dela. «Nire ustez denak du eragina: egungo egoerak, tiratzaileen forma fisikoak, herrialde bakoitzak ere zein eboluzio duen... Azken finean munduko txapelketara toki askotatik datoz taldeak eta egoera ezberdinak dira herrialde bakoitzean» azaldu du. Gaineratu du luzerako doala hau, beraz, erabakia «guztiz zentzuduna» dela. 

Bestetik, Linazak nabarmendu du nabarituko dela geldialdia ondoren txapelketetara itzultzean. «Eta txapelketekin zer gertatuko den? 2020ko txapelduna nor izango da? Ez da egingo? Egingo da? Ezjakintasuna dago alde guztietatik» dio.

Linazak ohartarazi du Getxo egitekoa Munduko Txapelketa puntuagarria zela Munduko Jokoetarako, baina, hori mantendu egingo dela. «World Games-ak ere atzeratu egin dira Olinpiar Jokoen moduan. World Games-ak dira Olinpiar Jokoetan sartzen ez diren kirolen olinpiada paralelo moduko bat. 2022.urtera atzeratu dira, beraz, Munduko Jokoetarako puntuagarria izango da oraindik ere» azaldu du Badaiotz taldeko tiratzaileak. 

Generoaren inguruan ere hitz egin du Linazak, hauxe nabarmendu nahi izan du: «Orekarik ez dago generoan, gainera oreka egoteko borroka bikoitza egin behar dugu emakumeok. Gizon batzuk babestu izan gaituzte, baina, beste batzuk naturalki bigarren maila batean egon beharko bagina bezala tratatu gaituzte. Goiko aginteetan ibiltzen diren figurak aldatzen ez diren bitartean kostako da».

Bestalde, azaldu du aurten erronka pertsonal bat bazuela berak, historian lehenengo Euskal Herriko txapelketa egitea lasto jasotze modalitatean. «Ia onartuta zegoen dena, baina hau ere bertan behera utzi behar izan dugu. Beraz, pena, herri-kiroletan ez gaude jende asko eta emakumeak gutxiago» adierazi du Linazak.

Herri kirolen etorkizunari begira, kontatu digu orain dela 20 urte, hau da, bera hasi zenean bezala ikusten duela etorkizuna. «Beti nekez, ez ditugulako baliabideak eta askotan musutruk egiten ditugun gauzak direlako. Bidaiak guk geuk ordaindu behar izaten ditugu. Momentuz larri dago, baina, bizirik». azaldu du Linazak. Gehitu nahi izan du ere funtsezkoa izan daitekeela herri-kirolak eskola kiroletan sartzea.

 

Jaurlaritza Logoa