IRRATIA

Euskal musika tradizionalaren sustraiak adar bihurtuz

Tradizioak oso konnotazio zehatza hartu ohi du gure buruetan: zerbait zaharra eta estankoa izan ohi da. Baina bere esanahia oso bestelakoa da, eta ertz asko ditu. Ad Libitum saioan, euskal musika tradizionala hartu eta egungo soinuekin talkan jarri duten hainbat talde eta artistei buruz ariko gara.

Azpeitia. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Trikitixaren Ganbara erakusketaren aurkezpena egin du. (Idoia Zabaleta)

This browser does not support the audio element.


Zer da euskal musika tradizionala? Musikaren historia liburuek, testu pedagogiko guztiek duten zehaztearen apeta horregatik agian, molde eta instrumentu zehatz batzuk erabiltzen dituen musika mota bat dela esango dute, hala nola, fandangoa, kalejira edota zortziko txikia bezalako erritmoak, edota txalaparta, soinu txikia, panderoa edota alboka bezalako instrumentuak.

Baina tradizioa ere ez al doa aldatzen? XX mende amaieran edota XXI hasieran jaio garenontzako, adibidez, ez al da Ez dok Amairuko mugimendu guzti hura ere tradizioa? Aldiz, Ez dok Amairu mugimendua, bere sorreran, tradizioarekiko mugimendu apurtzailea izan zela argi dago. Argi dago, behin kontzeptuari buruz hausnartzen hasita, tradizioa ibai bat bezalakoa dela: etengabe aurrera doana, herriarekin batera; eta, kasu gehientan, herria bera baino azkarrago!

Hau horrela ulertuta, tradizioarekin apurtzen duten talde horiek beti izango dira tradizioaren beraren bazka. Aste honetako Ad Libitum saioan Tapia eta Leturiatik hasita, egungo beste hainbat artisten izenetatik igaroko gara, hala nola Zetak, Neomak, Jota Martina edota Haira; gure musikaren sustraiak hartu eta horiekin adar berriak nola sortu dituzten ikusi eta, batez ere, entzuteko.