IRRATIA

Sortutako korronteari jarraika, ‘Errekak nola’ diskoa kaleratu du Bananas taldeak

Iri, Xabi, Itzal, Tejas eta Gartxot dira Bananas. Rockaren ertz desberdinetatik edaten duen taldea da, erreka desberdinek osatutako ibaia dela esan daiteke. Bada, ‘Errekak nola’ diskoa kaleratu du 2024an talde donostiarrak eta ostiral honetan, ekainak 7, Gernikan izango dira, Iparragirren.

Uda hasiera oholtza gainean emango du Bananas talde donostiarrak disko berria aurkezten. (HOLYFIRE STUDIO)

This browser does not support the audio element.


Zazpi abesti berri aurretik ateratako ‘Garun ta eztarri’ diskoari nolabait ere jarraipena emanaz. Santi Garciarekin Ultramarinos Costa Brava estudioan grabatu duten lana. 2018an atera zuten ‘Azal bat urdina’ eta honekin hirugarren diskoa dute 6 urtean, hiru urtetako saltoak emanaz. Guztira 20 kantu dituzte eta ez dira talde asko izango hain kantu gutxirekin hain maitatuak direnak. MusikHaria saioan izan zen Gartxot Unsain abeslaria diskoari buruz hizketan.

Bananas taldearen kontzertu bakoitza festa bat izaten da rocka maite dutenentzat eta disko honekin ere halako egoerak ari dira ematen. ‘Itsuok ere negar’ izeneko kantu sentikorrak irekitzen du disko berria, singlea dena. Eta singlearekin asmatu egiten du Bananas taldeak, ‘Ulia’ izan baitzen aurreko diskokoa eta, biak ala biak, sekulako arrakasta izan dute bere publikoan. Kolpe indartsuz hasten da diskoa, nahiz eta power pop gozo batetarako bide hartzen duen abestiak, beti ere bortizkeria puntu bat eutsiz ahotsarekin eta bateriarekin. Minetik eraikitzen dugula dio kantuak, prokrastinazioaz ere ari da hein batean, baina min hori unibertsala dela erakusten dute, barruraino sartzen da mezua.

Gitarraren jolasak eta erritmoetako hausturak dira nagusi ‘Nola egin aurre’ kantuan, galderetan galtzen garen abestian. Screamo eran abestea da Gartxoten ezaugarri nagusiena Bananas proiektuan, bada, hemen oso melodikoa izatera iristen da. Geroz eta gehiago fintzen dabil kantaera abeslari donostiarra. 

Globalizazioaz edo turistifikazioaz edota hirian bizitzearen aferez ari dira ‘Hiriak ez du barkatuko’ kantuan. Hirugarren korte honetan hardcore melodikoaren mundura gerturatzen dira hein batean, hori ere izango da ziurrenik diskoko kanturik laburrena izatearen arrazoia. Abesti argistua, emozioak azalera ekartzen dituen hrietako. 

Brit poparen mundura garamatza bateriaren erritmoak ‘Ahalik eta gertuen’ abestian. Kantu atmosferik bezain erritmikoa, batetik bestera joan-etorrian dabilena. Zalantzak dira hitzen protagonista eta musikak horretan laguntzen du, batetik besterako bidaia horretan, «bizi osoa kantu honetan» geratzera gonbidatzen dutelarik. 

Soinu garbi eta zikinen kontrastea, ahotsaren indarra, bateriaren teknika eta baxuak abesti bat aurrera nola eraman dezakeenaren erakusgarri da ‘Denbora’ kantua. Nostalgia maitatu bai, baina aurrera egin behar dela esaten duen abestia. ‘Hutsunez beteta’ kantuan esaten duten moduan, trena ez baita gelditzen bizitza honetan. Kantu oso ‘handi’ baten aurrean gaude, ahotsak gidatzen duen kantu baten aurrean. 

Epikarekin bukatzen da, ordea, ‘Errekak nola’ diskoa. ‘Norabidea’ kantua da zazpigarrena eta azkena, baxu eta ahotsarekin hasi eta aldaketa baten ostean gitarren eta bateriaren indar guztia gehitzen den kantua. Besteari dena eman, parekoa ase ez eta horren aurrean zulora erortzen den norbaiten kontakizuna dirudi. Iluna hitzetan, epikoa eta argitsua melodietan. Hori ere bada Bananasen marka bat.

Udan batean eta bestean

Ekaina eta uztaileko agendak kontzertu dezenterekin dituzte beteta Bananas taldekoek. Esan daiteke disko honekin sekulako gehien jotzen ari direla, bai modu jarraian behintzat. Ekainaren 7an, Gernikako Iparragirre Rock Elkartean, izango da hurrengo geldialdia, Etxekalte taldearekin batera. Hilaren 14an Mungian izango dira, Boga garagardo markak antolatutako jaian eta, hilabetea bukatzerako, ekainaren 28an, Arberatzeko oholtzan izango dira, Euskal Herria Zuzenean jaialdian.

Uztailean ere kontzertu batzuk badituzte eskaintzeko. Hilaren 19an Bartzelonan izango dira, 26an Bilboko San Inazio auzoko jaietan, eta, egun batzuk beranduago, abuztuaren 3an, Oñatiko San Lorentzoko jaietan.