IRRATIA

Kanadan ere rockak badu bere tokia

Bruce Springsteen Bartzelonan izan den honetan, rock klasikoko erreferenteen lorratzari jarraitu dutenak ekarri dizkigu aste honetan Izkander Fernandezek: «Badakit Bartzelonan egon dela baina Yankeen espektakulu musikal-politikoa ez dut ondo eramaten, denak ezkertiarrak bailiran agertzen dira-eta».

Crown Lands bikote kanadiarrak zuzenekoetan sekulako abilezia erakusten du. (Lane DORSEY)

This browser does not support the audio element.


Crown Lands - Starlifter: Fearless Pt. II

«Kanadako bi mutilek osatzen dute taldea eta harrigarria da zenbat gailu erabiltzen dituzten. Gazteak dira baina aintzinako tradizioa dute buruan. Gitarra nola jotzen duen batak eta bateria jo eta abestu nola egiten duen besteak. Abestiak 18 minutu ditu, irratian ez dugu osorik entzungo, baina YouTuben ikusteko modukoa da zuzenean zer egiten duten ikusteko. Rush taldea ere aipatu behar dugu, Kanadako beste taldea, nik uste paralelismo asko dutela hauekin», kontatu digu Izkanderrek.

Rush - A passage to Bangkok

«Hiruko mitikoa rock progresibo eta hard rockaren artean ibili dena eta Led Zeppelinen itzalak harrapatu zituena. Crown Lands entzun eta kanadiarrak zirela ikustean, argia zen kutsua izango zutela eta ikusi dut oholtzan ere elkarrekin agertu direla. Arin jabetuko da entzuten duen edonor talde baten eta bestearen artean badela lotura», nabarmendu du lemoaztarrak.

Led Zeppelin - Achiles last stand

«Bide natural bat egin dugu. Klasikoenen artean klasikoena ez bada, beste hiru-lau talderekin batera aipatzen delako beti. The Beatles, The Rolling Stones, Black Sabbath eta hauek. Abesti hau aukeratu dut nire eskuen artean erori zen lehen zintako lehen kantua izan zelako. Arreta eskatuko diot entzuleari riffetan atentzioa jartzeko, Rage Against The Machine taldeko Tom Morellok musika beltzetik aparte hemendik ere edan zuela uste dudalako. Asteartean ikusi genuen Kursaalera datorrela Robert Plant irailean eta ea joaterik badudan, Led Zeppelin ikusteko aukerarik ez dut izan-eta», esan digu Izkander Fernandezek.

Greta Van Fleet - Meeting the master

«Talde hau ere oso gaztea da Crown Landsen antzera eta uztailean diskoa kaleratuko du. Bihar, Atlantako Shaking Knees jaialdian hasiko du aurkezpen bira eta jaialdia interesgarria da, joan beharko ginateke bertara noizbait. Laugarren diskoa izango dena uztailaren 21ean etorriko da eta aukeratu duguna aurrerapen abestia da», bukatu du Lemoako musika adituak.