IRRATIA

Zuzenekoaren xarma diskoan soilik jasotzen zenekoa

Zuzeneko musikak bere tokia izan du euskarri fisikoetan eta oraindik ere badu, nahiz eta proportzio txikiagoan izan. Kontzertuetan edota bestelako tokietan egindako emanaldien hartualdiak diskoetan kaleratu izan dira eta horietako adibide batzuk ekarri dizkigu Izkander Fernandezek.

‘Indar Trabes’ moduan hasi ziren musika sortzen gerora Itoiz moduan ariko ziren musikariak. (Doxa Producciones)

This browser does not support the audio element.


Zuzenekoen oso fana da Izkander Fernandez, akaso diskoena baino gehiago, eta hortik tiraka osatu du bere tarterik berriena: «Zuzenekoa beti dago piramidearen goikaldean, baina belaunaldi berrientzat akaso zuzeneko diskoa oso arraroa izango da. Nire belaunaldiarentzat eta aurrekoentzat iruditzen zait sekulako balioa izan zuela, ordea. Horregatik ekarri nahi izan ditut gaur zuzeneko diskoen lau adibide. Nazioarten 70etako hamarkadan eta 80etakoan garrantzia izugarria izan zuten disko hauek eta gurean 80etako bukaeran edota 90etako hasieratan iritsi ziren eta sekulako inportantzia izan zuten».

Thin Lizzy - Jailbreak

Hard Rockaren edota Heavy Metalaren aitzindari moduan ulertu daiteke talde hau: «Irlandarrak ziren, baxu-jotzailea beltza zen… hortaz ezohiko hainbat gauza bazituzten. Pubetako rocka egiten saiatu ziren, folk ukituarekin, nahiz eta hard rocka bazegoen beren oinarrian. Gauaren alde mitologikoa sartzen zuten abestietan, alkohola, borroka, billar mahaiak eta halako kontuak. Phladelphia, Londres, Toronto eta Parisen grabatutako zuzeneko diskoa da honakoa. Uste genuen beti toki bakarrean grabatzen zirela diskoak, baina hemen ikusten da ezetz, hartualdi gehiago erabiltzen zirela horretarako. Dena dela, tranpa txikiak ere baditu, publikoa bera ere afinatuta entzun daitekeelako. Hori bai, sekulako kantak ditu ‘Live and Dangerous’ diskoan eta diskoari eta Philadelphiako kontzertu hari hasiera ematen diona da ‘Jailbreak’».

UFO - Doctor, doctor

Talde britainiarra da UFO, aurrekoa bezala hard rockaren bueltan ibili dena: «Deep Purple, Black Sabbath eta Led Zeppelin taldeaz aparte, hauek eta Humble Pie deituriko taldea leudeke hard rockaren top horretan eta hori asko esatea da. ‘Strangers in the night’ deituriko zuzeneko disko koloretsua atera zuten. Goi paleolitikoan kobetan eta marrazten zituzten, egun garapenak suntsitzen dituen aztarnategi horietan, bada garai haietako zuzenekoetako diskoek bazuten marrazki horiek gordetzen duten magia hori. Binilo bikoitzak eta zuzenekoetako argazkiak izaten ziren diskoan gordetzen zituztenak eta horrekin eta bakoitzaren irudimenarekin zuzenekoa nolakoa zen irudikatu behar izaten zen. Ez zen ariketa txarra, baina 80etan bideoak eskuratzen hasi ginen eta kontzertuak ikus-entzuneko bidez ikusten genituen, magia hura galduz. Gerora, Euskal Herrian ere zuzenekoen bideo ugari zabaldu ziren eta baita bestelako sorkuntzak ere, guretzat garrantzitsuak izan ziren».

Itoiz - Espaloian

Euskal Herriko kostaldera, Mutrikura egin du salto Izkanderrek: «Edozein txokotatik Mutrikura salto egitea musikaz hitz egiteko beti izan daiteke aukera ona. Mundu mailan zuzeneko diskoen eremu hura oso garrantzitsua izan zen 70etan esan dugunez, baina gurera hamarkada bat beranduago etorri zen. 1978ko disko bat entzun dugu, 1979ko beste bat eta orain 1988ra goaz. Beranduago jaso nuen nik ‘Eremuko dunen atzetik dabil’, 1990ean oparitu zion norbaitek arrebari ospitalean zegoela disko hau eta niretzako momentu garrantzitsua izan zen, Itoiz ezagutu nuelako. Haur batentzat talde honen munduan sartzeko album erraza dela iruditzen zait, estudiokoak akaso gehiago eskatzen dutelako. Askorentzat, gainera, taldea zuzenean entzuteko disko hau izan da modu bakarra».

Barricada - La hora del carnaval

Zuzeneko asko dituen talde horietako bat da Barricada talde iruindarra eta horietako batekin bukatu du azken asteko tartea Fernandezek: «Disko hau ez dakit ez ote zen berez beste izen batekin grabatu. ‘Doble directo’ izeneko bideoa eta binilo bikoitza jaso genuen etxean, baina gero desagertu egin zen eta beste izen batekin agertu. Etxean askotan ikusi genuen BETA bideoa arrebak eta biok eta oraindik ere abesti guztiak buruz dakizkit eta etxekoek harriduraz begiratzen naute, normalean ez dudalako abestu ere egiten. Bukatzeko, aipatu garai haietan zuzeneko disko bat grabatzeko status bat behar zenuela eta interes bat piztu, zuzeneko bat grabatzea esfortzu handia zelako orduan».