Munduko txikizio ekonomikoaren eta bihotz erituaren kronikak Gorka Gaztanbideren lehen lanean
Bateriako makilak txikitzetik, Txikizio Kuadrilla osatu eta diskoa kaleratzera pasa da Gorka Gaztanbide musikari iruindarra. Konposatzea gogoko zuela argi geratu da diskoan, estilo desberdin ugari landu dituelako, besteak beste. Bere ahots beroaz diskoan soilik ez, MusikHaria saioan ere gozatu dugu.
This browser does not support the audio element.
Bateria jotzaile hainbat urtean ibili ostean, frontmana izatera pasa da Gorka Gaztanbide Lasa musikari iruindarra. «Orain zuzeneko emanaldian nola aritu pentsatzen nabil, taldeko abeslaria ere banaizelako. Baina erronka polita da eta aterako dugu hori ere aurrera». Aurretik Desoreka taldean, bere «bizitzako talde garrantzitsuena», edota Broken Brothers Brass Band taldeetan aritu da, besteak beste Gaztanbide.
Txikizio kuadrilla deitu dio bere taldeari eta 70eko hamarkadako New Yorkeko estudioko talde bati, The Breaking Crew-ri, egiten dio erreferentzia. Denetariko doinuak pilatu ditu diskoan, baina tartean flamenko ukitua ere entzun daiteke eta horrela kontatu digu Gaztanbidek: «Oso flamenko zalea naiz eta horregatik ere sartu dira txalo horiek diskoan. Iruñeko Tres Reyes hotelean, flamenko jaialdiaren barruan, egiten diren emanaldiez asko disfrutatzen duen horietakoa naiz. Nahiago dut hor egon Baluarten egiten diren emanaldi handietan baino, nahiz eta haiek ere bikainak diren».
Gizarte justuago baten aldarria egiten du behin eta berriz diskoan. Zergak, paradisu fiskalak, ezkerreko politika eta politikariak… denak sartu ditu bere kantuetan. Ernesto Ché Guevara edota Julio Anguita entzun daitezke Gaztanbideren diskoan, esaterako. Abesti horietan reggaea edota cumbia bezalako doinuak ere entzun daitezke, gainera. ‘Gizon zuria’ abestian arrazakeria salatzen du eta kantuaren jatorria non dagoen ere kontatu digu elkarrizketan.
Baina aldarrikapenaz gainera, kantu samurragoak ere idatzi ditu. Barruko sentimenduetatik sortutako abestiak dira ‘Hermano’ edota ‘A mi madre’ abestiak. Duela sei urte zendutako anaiari idatzia bata eta Becquerren testu bat hartuta amari idatzia bestea. Dena dela, familiako gehiagok ere hartu dute parte diskoan, Amaia Lasa izebarenak direlako ‘Ni zuekin’ brit-pop kantuaren hitzak eta Haizea Gaztanbide ilobak abesten duelako hainbat kantutan. Gisa honetako kantuen artean Angel Erroren hitzak dituen ‘Malkoak isurtzen’ ere entzun daiteke, Gaztanbideren aburuz «lau esalditan maisuki kontatzen du azaleratu nahi zen mina».
David Burgui, Kike Arza eta Ramon García lagun, zuzenekoak prestatzen ari dira eta espero dezagun laster izatea haietaz disfrutatzeko aukera. Bitartean, sarean dago entzuteko moduan Gorka Gaztanbide eta Txikizio Kuadrillaren lehen diskoa eta, eskuratu nahi duenak, hemen erosi dezake estreinako lana. Crowdfundingari esker aurrera eraman den proiektua, «beti eskertu behar diet hori entzuleei», dio nafarrak, errealitate bihurtu dena.