Zuzenean

Kerobiaren ‘Konstelazioa’ argia ematen hasi da

Ezuste handia izan zen Kerobia taldeak 20 urte betetzen zituela eta bueltan zetozela jakin genuen unea. Binilo bikoitza kaleratu berritan, ‘Konstelazioa’, hiru emanaldi iragarri dituzte urte bukaerarako. Bostak izango dira emanaldi horietan eta horrela kontatu digu Xabi Bandinik MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

Kerobiaren ‘Konstelazioa’ argia ematen hasi da

Loading player...
Zazpi urteko etenaren ostean, indarberrituta dator bueltan Kerobia taldea.
Zazpi urteko etenaren ostean, indarberrituta dator bueltan Kerobia taldea.

20 urte pasa dira Kerobia taldea jaio zenetik eta, 20 urte horiek ospatzeko, ‘Konstelazioa‘ izeneko binilo bikoitza atera dute. Kerobiaren asanblada batean ohartu ziren efemerideaz eta energiaz beteta eta gauzak egiteko gogoz direnez album berria kaleratu dute. Bi disko ditu, batetik ‘Konstelazioa’ diskoa dago, taldearen ibilbideko 12 kantu esanguratsu berriz masterizatu eta jasotzen dituena eta, bestetik, ‘Hondakinak’ deitutako bigarren biniloa. Bigarren horretan disko bakoitzerako prestatu eta bidean geratu ziren abestiak entzun daitezke, baita hiru zuzeneko abesti ere.

Jolas moduan planteatu daiteke bigarren binilo horren entzunaldia galdera honi erantzunaz: kantu bakoitza Kerobiaren diskografiako zein albumetan kokatuko zenuke? Ariketa horri aurre egiteko, pista batzuk eman ditu Xabi Bandini taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak MusikHaria saioan izandako elkarrizketan. «Kerobiak ez du sekula binilorik atera eta bazen erronka bat. Diskoz disko bidean geratutako kantu horiek bildu eta Lorentzo Records estudioan masterizatu ditugu binilora eramateko, baina maketa aurretik grabatu genituen bezalaxe daudela aurreratu dezakegu. Guretzako ere jolas polita da kantu bakoitza zein garaitakoa den asmatzearena», kontatu du iruindarrak.

Garaiz lehen etorritako taldea
Duela zazpi urte, 2014an, ibilbidean etena egitea erabaki zuen Kerobia taldeak, nahiz eta tartean Hatortxu 20an kontzertu berezi bat eman. Akaso taldearentzat garairik aproposonean egin zuten etena, ordura arte beren doinuak Euskal Herrian egiten zen musikan oraindik guztiz txertatu gabe zegoen pop-rocka zelako. Atzera begira jarrita, erabakia ondo hartua izan zela argitu digu Bandinik: «Energia gabe ginen une hartan eta gauza berriak egiteko magiarik ere ez geneukan. ‘Supernova‘ diskoa kaleratu berritan izan zen hori, crowdfunding bitartez 1.000 aleko edizio mugatua saldu ostean, zeinak dokumentala, diskoa, liburu txiki bat eta murala barnebiltzen zituen eta trilogiaren erronka pasa berritan izan zen hori guztia. Trilogia egitea pentsatu genuenean, hiru urtetan hiru disko egitea alegia, disko-etxeei zaila iruditu zitzaien hori aurrera eramatea, arrisku handia zela esan ziguten eta orduan autoedizioan hasi ginen, SGAEtik irten ginen eta abar luze hori. Broma artean esan izan dugu ez ginela anti-sistemak, baina industriak edo sistemak kanporatu gintuela. Eta broma bazen ere, egiatik bazuen horrek. Hau kontatzen dut, ulertzeko talde batek lan guztia bere gainean hartzen duenean pisu handia dela eta neke horrek eragina izan zuela hartu genuen erabakian. Badakigu jende askok ez zuela erabaki hura ulertu, Kerobia momentu polit batean zegoelako, baina bizitza horrelakoa da. Urteak pasa dira, energia berreskuratu dugu eta berriz ere bueltan gara».

Rocka eta metal musika gorenean zeuden garaian agertu zen Kerobia 2001ean eta 20 urte beranduago haien kantuek ez dute freskotasunik galdu. Hartara, esan daiteke garaia baino lehen etorritako talde horietako bat izan dela. Bitxia da hain urte gutxian bide berria ireki eta ia-ia kultuzko talde izatera nola iritsi den talde nafarra. Berek ere ikusi dute eboluzioa urtez-urte publikoaren artean: «Egia da hasiera hartan ‘Rose Scargoten’ ikasi genuela zer zen egiten genuena eta egin nahi genuena. Ahalik eta kantu politenak egin, irudi eta diseinu bat jarri eta istorioak kontatzearena. Hori izan da diskoz-disko gure lanak aurrera eramateko irizpide nagusia. Hasieran jendea prudentzia puntu batekin etortzen gure emanaldietara, gero, bira bukaeratan, ezberdina izaten zen guztiz egoera. Zabalkundea hartzen zuen lanak eta harrera lasaiago bat edo sumatzen zen. Esan izan digute eskola bat sortu genuela ere, baina hori ez dut uste horrela zenik, guk kanpotik ikasi dugulako egin dugun musika. Talde auto-erreferentziala izan dela esan dezakegu, guk gugandik ikasi dugu, nahiz eta arraro samarra dirudien horrek. Diskoz-disko sortzen ziren galdera berdinei, hau da, nola egin ekoizpena, nola bideratu zaleei eta abar… aurretik izandako esperientzietatik erantzuten genien, aurretik ere lan hori eginda genuelako. Eta berdin jarraitu dut Xabi Bandini moduan ibili naizenean ere».

Zaborrontzian bilaka
‘Hondakinak’ zergatik ote diren hondakin galdetuta, azaldu digu Bandinik aukeraketa nondik nora egiten zuten eta zergatik geratu ziren disko horretakok argitaratu gabe: «Kantu batzuk baztertu genituen bazirelako hobeak, beste batzuk halako jam sesio moduko batzuk zirelako edota ez ginelako puntu horretan, eta besteren batean, ‘Etsai perfektua’ kantuan adibidez, egin genuenerako abestia zaharkitua geratu zen taldea egiten ari zen musikatik».

Azken horri tiraka lehen disko hori maite zutenentzat: «GOR diskoetxeko Marino Goñiren etxean grabatu genuen. Diskora iritsi aurretik zaharkitu zen, ‘Rose Scargot’ diskoan sartu asmoz idatzitako kantua zen, baina ‘Kerobia’ diskotik bigarren honetara aldaketa nabarmena eman genuen eta bidean gelditu zen abestia. Diskografia guztian, gainera, gertatu zaigu halako gauza bitxi bat. Badaude batzuk lehendabiziko disko harekin geratu zirenak, beste batzuk ‘Rose Scargot’ albumean edota trilogiakoren batean. Bitxia da, ez dagoelako irizpide bakarra, eta hori ere ona izan daiteke, banatuta geratu delako gauza». Guztientzat kantuak bildu dituzte, beraz ‘Hondakinak’ LPan.

‘Quiero’ abestian zera diote «saber decir que no cuando toca» hein batean haiek egin zutena: «Askotan gauza askori ezetz esan behar zaio, batzuetan ideia ona zen eta ezetz esan behar zaio, askotan gosta egiten da eta konpromiso batzuei ere ezetz esan behar zaie. Bizitza horrelakoa da. Orokorrean ere bai, baina musikan asko pasatzen da besteek espero duten hori kosta ala kosta bete nahi izatea eta hori berez ongi dago, hau da, besteentzat lan egitea eta hori guztia, baina oso arriskutsua ere bada. Zure zaintza, zuk nahi duzun hori egitea, oso azkar galdu dezakezulako. Ziurrenik Kerobiak agur esan zuen eta kaixo esaten du horregatik».

Musika egiterakoan aske izan den talde bat da Kerobia, baina hitzetan ere bai. Ordura arte modu inplizituan kontatzen ziren kontu pertsonalak nahikoa modu esplizituan kantatu zizkigun talde nafarrak. «Sortzaile batek kantu bat sortzen duenean, hustuketa bat ere bada. Zerbait kontatu nahi da, ahalik eta modu interesgarrienean, baina batez ere egiazkoa izan dadila. Egiazkotasun horretan dago esentzia eta batzuetan gordinagoa da eta beste batzuetan leunagoa. Zentzu horretan, sentimenduei buruz hizketan aritzeko autozentsura ezartzeak ez du zentzurik», kontatu digu Bandinik.

Zuzeneko abestietako bat ‘Quiero’ bera da, baina ‘Isburt‘ eta ‘Esnatu naiz‘ abestiak ere zuzeneko bertsioan sartu dituzte diskoan. Galdera ebidentea zen, 12 bakarrik ezin sartu eta kantu ikoniko hauek tranpetan-edo sartu ote dituzten bigarren biniloan. Erantzunak, aldiz, argi utzi du ez dela horrela izan: «Kafe Antzokian eman genuen azken kontzertuan, 800 lagun bildu ginen hartan, zuzeneko soinua grabatu egin genuen. Audioan bertan izerdia nabaritu daiteke eta egon zen energia hustuketa hori ere entzun daiteke argi eta garbi. Kontzertu bukaerako bi abestiak izan ziren eta abestea asko kostatu zitzaidan baina azken indar apurrak bertan nola utzi genituen entzun daiteke. Hortaz, kantu horiek sartu ditugu kontzertu hura, izerdi hura, nola izan zen gogoratzeko».

Oholtzara bueltan
Zuzenekoak aipatuta, urte bukaerarako hiru emanaldi berezi iragarri ditu Xabi Bandinik MusikHaria saioan. Albistearen erdia eman dute orain, non eta noiz izango diren lantzen ari direlako. «Aurreratu dezakeguna da zerbait polita izango dela, lagunen eta zaleen artean egoteko gogoz gaudelako. Bostok egongo gara emanaldi horietan. Ez da zerbait oso handia izango, ez da hori gure asmoa. Disfrutatu egin nahi dugu, elkarrekin abestu, momentu on bat pasatzean jarrita daukagu gure txipa. Aukera desberdinak aztertzen ari gara, izan ere ez da erreza izaten ari toki egokiak bilatzearena. Orain arte atzeratu diren emanaldi asko pilatu egin dira eta overbookinga dago hainbat tokitan kontzertuak eman ahal izateko. Eta ez gabiltza misterio kontuetan ari, ez. Sareetan 20 urteko logoa jarri genuenetik garden jokatzen gabiltza, baina gauza pausoz-pauso egin behar ditugu. Gero jendeak erantzuten badu biniloekin erantzun zuen bezala, pausoka joango gara aurrera», esan digu Bandinik.

Binilo bikoitz hori dagoeneko iritsi da hainbat etxeetara, baina oraindik ere salgai dute Kerobiaren web orrialdean eta bizi ibili beharko da eskuratzeko, ekainaren hasieran egingo baitute bigarren bidalketa txanda. Oraingoan ere guztia berek egiten dute, eskarien kudeaketa, bidalketa eta abar guztia. «Maite Gurrutxagari esan genion ‘Konstelazioa’ diskoaren diseinua egiteko, berak egin izan dituelako aurreko lan guztien diseinuak ere. Esan genion bakarra, diskoaren izena izan zen eta diskoaren izena aurrekoetan landu dugun iruditeriatik sortzen da: izarrak, planetak, supernovak… Horiek marra zuzen batekin lotzea, hor zegoen konstelazioaren ideia. Hori aintzat hartu eta diseinu ederra egin du Maitek, diskoz diskoko elementu guztiak batu dituelako eta, horrez gainera, mezu enkriptatu bat ere gorde duelako. Oraindik ez du inork deszifratu, hortaz, aurkitzen duenak esan diezagula».

Jon Maia eta Iñigo Astizi ere eskerrak eman nahi izan dizkiete Kerobiakoek: «Jon Maiarekin 20 urteen istorio hau nola enfokatu erabakitzeko bere iritzia jaso nahi izan genuen hainbat solasalditan, sortzaileen arteko elkarrizketa, badakizu. Gauza batzuk gorpuztuko dira eta beste batzuk ez, baina oso elkarrizketa iradokitzaileak izan ditugu elkarrekin eta oso emankorrak izan direnak. Astizekin, berriz, ospakizun honetarako halako testu bat idaztea ideia polita izan zitekeela hitz egin genuen eta hortik irten zen konstelazioaren ideia».

‘Islada’ kantuak ematen dio amaiera binilo bikoitzari eta bertan «esazu maite nauzula edo izarrak agertu dira» diote. Izarrak agertu dira, Kerobia konstelazio moduan itzuli da hogeita bi izarrez osatuta dago, «nahiz eta oraindik ez dugun marraztez bukatu». Ekaina arte eskuratu daitekeen diskoan eta, aurrerago, kontzertuetan egingo du argi Kerobiak.

Jaurlaritza Logoa