IRRATIA

Ana Almandoz, arkitektoa: «Espazioa kontrolatzen duenak kontrolatuko du boterea»

Arkitekturaren inguruko hausnarketa egin dugu Gelditu Makinak-eko hamaikagarren saioan Ana Almandoz arkitektoarekin. Itsas ekosistemak ere ezagutu ditugu AZTI-eko Eider Andonegikirekin.

Ana Almandoz arkitektua.

This browser does not support the audio element.


Eraiki daitekeen edozer arkitektura da? Harremanak arkitektura dira? Hausnarketa ugari ditugu Ana Almandozekin partekatzeko. Itsasoa begira ere jarri gara, itsas ekosistemen inguruan aritu gara AZTI zentro zientifiko eta teknologikoan buru belarri dabilen Eider Andonegi hurbildu da gurera. Hamaikagarren saio honetan Paul Nicholson gonbidatu  dugu berriz, asko du esateko eta gu entzuteko prest gaude, noski.

Ana Almandoz arkitektoa, Juntura Kooperatibako kidea,  gonbidatu dugu gurera. Espazioa, arkitektura eta egungo ereduen inguruan egin dugu hausnarketa. «Espazioa eta boterea oso modu estuan daude lotuak. Geopolitika bera da da adibidea, baina autobusean bertan esertzen zarenean eta ondokoak zure espazioa hartzen duenean, hor ere ikusten da boterea» azaldu du Almandozek.  Eta gehitu «espazioa kontrolatzen duenak kontrolatuko du boterea». Eta espazioaren ideia horri tiraka, hitz egin dugu ere egungo hiri ereduez. Jasangarria da Euskal Herriko hirietan dugun hiri eredua? Hortik tiraka iritsi gara «15 minutuko hiria» kontzeptura. Nahiko kontzeptu berria da eta azken aldian asko hitz egiten dena. Gure oinarrizko behar guztiak etxean bertan edo bizikletaz/oinez/ 15 minutura edo gutxiagora ase behar direla dio filosofia honek.

Begirada zabaltzea aholkatu digu Almandozek, kritikoak izatea maiz titular bilakatzen diren titularrekin. Adibidez: etxe hau zer emisioko etxe bat da. «Bai, ondo. Baina nola iritsiko zara etxe horretara? Autoz?» esan du Almandozek. Kontuan hartzeko beste ikuspuntu bat bada ere eraikuntzak sortzen duen kutsadura, «Eraikuntza bada sektore bat pisu handia duena kutsaduran. Sortzen denaren 40% eraikuntzarekin lotutakoa da, beraz nola eraikitzen den garrantzi handia du» dio. Beraz izan daiteke benetan eraikin berri bat «eraikuntza berdea?».

Eraikuntza jasangarriago egiteko bidean, ingurumen zientzietako kontzeptu asko hartzen ari dira, gero eta gehiago, eta horrela kalkulatzen da zenbat emisio sortzen duen eraikin batekin, edo zenbat energia aurreztuko den. Egia da hori guztia interesgarria eta baliagarria dela baina urrats bat urrunago doa Almandoz. «Zientzia puruen ikuspuntura mugatzea oso probrea da. Arkitekturan, interesgarria da gizarte zientzietako ikuspegi, antropologia espaziala, adibidez». Ikuspuntu sinplistak ez dira interesgarriak, ikuspuntu konplexu bat interesgarriagoa, eta luzeran, baliogarriagoa dela dio Almandozek, «hor bide interesgarri bat badago» nabarmendu du.

Itsas ekosistemek erresilientzia gehiago dute lurrekoek baino

Ekosistema ezberdinak ditugu, baina sailkapen erraz bat da bi multzotan banatzea. Lehorrekoak eta ur ekosistemak. Bigarren horien inguruan aritu gara, zehazki itsas-ekosistemen inguruan AZTI zientzia eta teknologia zentroko Eider Andonegirekin.

AZTIk ekosistema modeloekin egiten du lan. Alegia, erreminta matematikoak erabiltzen dituzte eta «saiatzen gara simulatzen zer gertatzen de hor kanpoan», dio Andonegik.Horretarako, kontuan hartzen dituzte dauden kondizio fisikoak, PHa, gazitasuna, korronteak...eta baita hor barruan dagoen bizitza, «eta ez arraiak bakarrik, bakterietatik hasi eta goi depredatzaileetara».

Bizkaiko Golkoan, mediterraneoan aurki daitekeen bizitza tipoa aurkituko dugu dio Andonegik. «Biodibertsitate handia dugu, eta gure modeloak aplikatzen ditugunean ikusi dugu gure ekosistema heldutu gabe dagoela oraindik».

AZTIk egiten dituen ikerketak arrantzan oso zentratuak daude. «Arrantza izan da orain arte, igual, gizakiak itsasoan egin duen aktibitate nagusienetako bat», hala ere bestelako ikerketak ere badituzte martxan, adibidez, kostaldeko presioa ikertzen duena «gero eta jende gehiago doa kostaldera bizitzera. Orain bertan, aztertzen ari gara arrantzaren eta turismoaren eragin batua, baina oraindik ez dugu emaitzarik» dio. Ez da lan erreza ekosistema aztertzea, eta are zailagoa, gizakia ekosistemaren parte hartzen badugu. «Orain arte, espezie bakoitzaren dinamika aztertu dugu. Ongi badoa kaptura gehiago egiteko, edo aldrebes». 

Larrialdi klimatikoak ekarriko eta ekarri dituen aldaketen inguruan galdetuta. Gai izango ote dira bertako ekosistiemak aurrera egiteko? «itsas ekosistemek erresilientzia gehiago dute lurrekoek baino», dio AZTIko kideak. Pasa den irailean, ’Golkoko Korrontea Euskal Herriko klima epela ziurtatzen duen faktore garrantzitsuena, ahultzen ari da’ erreportajea kaleratu zen NAIZ.eus eta horri buruz galdetuta, nahiko positibo agertu da Eider Andonegi. «Nik esperantza badut hortik ere aterako garela. Aterako gara baina zenbat eta arinago ipini lanean, orduan eta hobeto» dio.