IRRATIA

Kai Nakaik asko dakiela argi utzi digu bere azken 'Ez dakit' abestiarekin

Aurreko ostiralean ateratako 'Ez dakit' abesti berriaren bideoklipa ere sarean dago ikusteko moduan.

Estetika urbanoa, eraldatzailea, ekarri nahi du Kai Nakaik

This browser does not support the audio element.


Iratxi Aguilera da 'Kai Nakai' gorpuzten duen artista. Gasteiztarrak iaz Durangoko Azokako sormen beka irabazi zuen eta aurtengo azokarako diskoa prestatzeko lana ekarri zion horrek. 'Kolpe', 'Kelokentoky' eta 'Emoiztazu bihotz' kantuak atera ostean, 'Ez dakit' izenekoarekin dator oraingoan. Udazkena den arren, doinu benetan udatiarra da kantuak bere baitan jasotzen duena.

Kantuen hitzak Jon Maiak egin dizkio eta bideoklipa, berriz, Julen de la Sernak. Ikus-entzunekoa grabatzeko, gainera, Kanariar Uharteetara joan dira. 'Don Patricio' artistak egindako lan batean erakutsi zituen tokiak gustatu eta bertara joatea erabaki zuten 'Kai Nakai' proiektua osatzen dutenek.

Musika urbanoaren estetikak txukun zainduz, emaitza dotorea atera zaio 'Kai Nakai'-ri. «Ondo pasa genuen grabaketan, baina 40 gradutik gorako tenperaturarekin lanean aritzea uste baino gogorragoa dela ere aitortu beharra daukat», kontatu digu Iratxe Aguilerak MusikHaria saioan.

Horrez gainera, aurreratu dezakegu musika saio bat prestatzen dabilela 'Kai Nakai' Naiz Irratirako, laister emango dugu honen inguruko informazioa.

Bere doinuen parekoak badira, larunbatetan ipurdia mugitzeko moduan izango gara Naiz Irratian. Bitartean, ikusi 'Kai Nakai'-ren azken bideoklipa. Ea zer iruditzen zaizuen.