Egongelatik mugitu gabe, San Agustinen sentziarazi zigun Nøgen-ek
Nøgen talde donostiarrak emanaldi goxoa eskaini zuen, ostiralean, San Agustinen. Etxean ginenoi, egongelatik mugitu ere egin gabe, publikoaren zati zirela sentiarazi ziguten, hein handi batean aretoko dekorazioari esker. Maskaradun ikusleetako bat gehiago izan ginen folk-pop doinuez gozatzen genuen bitartean.
This browser does not support the audio element.
Sorpresaz sorpresa gabiltza 'Naiz Kontzertuak' ikusten. Lehen saioan publikoa oholtzan ikusi bagenuen, bigarrenak «90. hamarkadan MTVk egindako 'unplugged' horietako bat zirudien» kontatu digu Izkander Fernandezek. Eta erabat ados ginen horrekin.
Kontzertua indartsu hasi zuten Nøgen taldekoek, 'Mila aldiz' single berria joz. Kontzertuaren hasieran esan ziguten, gainera, emanaldia bukatu orduko bideoklipa ikusteko aukera izango genuela primizian. Bideoklipa ederra eta kantua ere bai. «Aurreko astean aipatzen genuen beren disko handia iristear zegoela, eta kantu honek zerbaiten intentzioa dirudi» aipatu du Fernandezek. Gitarrak pisu handiagoa du abestian eta aldaketa nabaria da, gutxienean.
Kontzertua hain indartsu mantentzea ez da erraza izaten, eta, egiari zor pixka bat behera egin zuten arren, Markel Idigorasek publikoa gora ekarri zuen berriz. Kulturaren aldeko diskurtsoa eta 'Ez da ondo aterako' abestia une egokian iritsi ziren, gainera. «Ez da erraza La M.O.D.A. taldeko David Ruizen ahotsa ordezkatzea, baina ongi atera ziren egoera horretatik», dio musika kritikariak. Segidan 'Loreak' kantuaren une intimoa iritsi zen. Guztiak Ø handi baten bueltan, mikrofono bakarra eta gitarra entxufatu gabe. Erabat biluzik jotako abestia. Ederra izan zen unea.
Eta handik bukaerara arte gora egin zuen emanaldiak, kanturik ezagunenak tarteko. Bigarren katebegia jarrita, orain hirugarrenaren zain geratuko gara. Ostiralean, ekainaren 19an, Zetak talde nafarraren txanda izango delako. Aurtengo uda hasiera honetan, festen santutegiko egutegian, San Agustin da ezbairik gabe protagonista.