IRRATIA

Asier Enbil: «Agian eskuetatik joan zaigu hamahiru urte pasa direlako, baina itzuli gara»

2009an eman zuten azken kontzertua Asgarth taldekoek. Donostiako Kilometroak jaiaren barruan, salbuespen bezala, elkartu eta jo zuten ordukoan. Baina, berez, 13 urteko etenaldia egitetik datoz bueltan. Aurreko etapaz eta berriaz hitz egitera gonbidatu dugu MusikHaria saioara, Asier Enbil (Pasaia, 1977) taldekidea.

Bi aldaketa egin ditu Asgarth taldeak bere itzuleran.

This browser does not support the audio element.


Ilusioz iragarri du itzulera Asgarth taldeak. Berez maiatzaren 9an eman behar zuten aro berriko lehen kontzertua, baina, ez zegoenez horretarako modurik, bideoklipa kaleratzeko erabakia hartu zuten.

Aurretik Añorga futbolak egin zuen ezagun batean eta bestean, gainera, Iban Fernandez bateria jotzaileak eta Asier Enbilek elkarrekin jokatzen zuten bertan. «Handik elkarrekin magisteritza ikastera joan ginen, eta klasera joan ordez, entsegu lokalera joateko ohitura geneukan. Nik instrumenturik jotzen ez nuenez, abesten hasi nintzen. Horietako batean, Ibanek sortzen ari ziren taldeko entsegura gonbidatu zidan eta gaur arte», kontatu digu Asier Enbilek.

Lehen maketa kaleratu zutenean urtebete baino gutxiago zeramaten musika sortzen. Donostiako banden lehiaketa batean, Joseina Etxeberriak esan zien Euskadi Gaztearen maketa lehiaketara aurkezteko eta hor hasi zen taldearen arrakasta. «Irratian gure kantuak jartzen hasi, maketa lehiaketako saria lortu eta segidan deika hasi zitzaizkigun batetik eta bestetik. Hasiera hura 'The Truman show' pelikula balitz bezala izan zela diot beti, ikasketa prozesu guztia jendaurrean egin genuelako», aipatu du abeslari pasaitarrak.

«Gogoan dut lehen kontzertua, Añorga Txikiko festetan zela. Utikan, Anestesia, Ekon eta Asgarthek osatzen genuen kartela. Ia ez nintzen oholtzara igo guzti horrek sortu zidan errespetu eta beldurra medio», azaldu digu Enbilek.

Ahotsa lantzen eman ditu urteak Asier Enbilek eta lehen diskoetatik gaurdaino asko hobetu duenaren sentsazioa du. Abeslari askoren kantuak abesteak errespetoa ematen dio oraindik ere eta zerrendan sartu du halakoren bat Asgartheko kideak.

Enbilen hitzetan, «ahotsa denboran aldatzen doa eta hasieran mina» egiten zion bere buruari. «Bilboko Kafe Antzokiko azken kontzertuan, bosgarren abestian, kontzertua bertan behera utzi behar izan genuen ahotsik gabe geratu nintzelako, eta, etapa berri honetan, arantza hori ateratzea» nahi du Enbilek. Tarte guzti honetan ez dio abesteari utzi, gutxienez etxeko estudioan saiatu da zerbait egiten, eta horrela mantendu ditu ahots kordak forman. «Juergan ez irteteak ere asko lagundu» diola aitortu du.

Taldean aldaketak izan dituzte eta etorri direnekin «oso pozik» daude Asgarthen hasieratik dabiltzan kideak. «Etxahun etorri zenean diskoan bezalaxe jotzen zituen abestiak, ikusten da zer nolako diziplina daukan eta nola bizi duen musika. Musikaz gaindi arlo pertsonalean ere ongi moldatu beharra dago eta Mikel eta Etxahunekin primeran txertatu gara» azpimarratu du taldeko abeslariak.

Itzulera honetan aurretik egindako akatsetatik ikasi eta berriz ere harri berean estropezurik ez egitea da haien nahia. «Euskal Herria erre egin genuen. Lauzpabost urtetan herri berean urtero kontzerturen bat eman genuen edota alboko herrian ere berdin jokatu genuen. Tamalez ez ginen kanpora irten, Madrilera edo Bartzelonara edo Alemaniara. Baina ez zen aukera hori sortu eta nik uste jendea gogaitzera iritsi ginela» kontatu du Enbilek. «Hiru hilabeteren bueltan Andoainen, Lasarten eta Villabonan jotzen baduzu, produktua gehiegi ikusita dago. Eta horri bakoitzaren egoera pertsonala gehitu behar zaio» erantzun digu taldearen etenaz galdetuta.

Utzi zutenerako, ordea, bazekiten itzuliko zirela: «agian eskuetatik joan zaigu hamahiru urte pasa direlako, baina itzuli gara» nabarmendu du pasaitarrak. Lotuta zituzten kontzertuak urtebetera emateko konpromisoa hartu du taldeak orain. Egoeraren aurrean beren konpromisoa irmoa dela erakusteko.

Metalaren bigarren uholdeko parte izan zen Asgarth. Taldea sortu zenean «Latzen punta-puntan zegoen eta, noski, Su Ta Gar ere bai. Bigarren uholdean Idi Bihotz, Asgarth edo Hira bezalako taldeak izan ginen» gogoratu du Enbilek.

Aurtengo irailean guztiak 'Dimetalfest'en izatekoak dira, dena ongi bada behintzat. «Itzulera iragarri genuenean itxi genuen lehen kontzertua da Dimetalekoa. Ederra izango litzateke denak bertan izateko aukera edukitzea. Askotan jo dugu Idi Bihotzekin, garaian modako kontzertua ere bazelako haiek eta guk osatzen genuena. Elkarren segida joz gero, kolaborazioak etabar egiteko hitz egiten ari ginen. Nolabait ere 20 urte gainetik kenduko genituzke kontzertu honekin» adierazi du Enbilek. «Prest eta forman egon behar» dutela dio bitartean, eta horretarako entseatzeko aukerak etorri zain daude Asgartheko kideak. 

Enbilen hitzetan, «ilusioz ginen herri batera joan, eguna elkarrekin pasa, furgonetan sartu, momentu ederrak bizi eta baita ere seme-alaben aurrean jotzeko aukera izateko ere». Kontatu digunaren arabera, bere umeetako batek 9 urte ditu eta ez zion grazia berezirik egiten orain arte aitaren musikak, baina orain badirudi interesa hartzen ari dela. Enbilen ustez, «berezia izango da, inoiz ez gaituztelako oholtza gainean ikusi. Nik uste harrituta geratuko direla».

Itzulerako kontzertua Añorgan mantentzea da beraien nahia. «Gure etxean, gure jendearekin, antzoki txikia da eta oso toki atsegina da. Eta, nolabait ere, gure aretoa da» bukatu du Enbilek. Bada, metalzaleok, bitartean azpiko zerrendan dauden kantuekin konformatu beharko, Asgarthen itzulera laister etorriko denaren esperantzan.