Live

Iker GURRUTXAGA

'Aske' izeneko diskoa kaleratu du Hilotz taldeak

2016an atera zuten beren azken lana Hilotz taldekoek eta 4 urte eta gero bueltan datoz beren metal gogorrenarekin.

Audio_placeholder

'Aske' izeneko diskoa kaleratu du Hilotz taldeak

Loading player...
Hilotz taldearen bigarren lana da 'Aske'.
Hilotz taldearen bigarren lana da 'Aske'.

Gizarte gaiei garrantzia handia eman diete Hilotz taldekoek 'Aske' izeneko lanean. Horretarako bestearen tokian jartzeko ariketa egin eta hortik osatu dituzte kantuen hitzak. Animaliek, migratzaileek, emakumeek… pairatzen dituzten egoera desberdinak izan dituzte hizpide.

Karrantzan grabatu dute diskoa Ekaitz Garmendiarekin Black Storm estudioan. Aurreko urtean sartu ziren estudiora eta trash, death eta black metal estiloak uztartu dituzte disko berri honetan.

Diskoko kantu guztiak berenak dira eta hitzetarako bi kantutan kolaboratzaileak izan dituzte; Iker Eleicegui 'Zurrunbiloa' abestian eta Itzea Urkizu 'Izua su' abestian. Azken kantu horretarako, gainera, Natalia Garmendiak eta Izaskun Forcadak ahotsa jarri die Urkizuren hitzei eta Hilotz taldearen doinuei.

Diskoa jendaurrean aurkezteko gogoz daude, «baina gainerakoak bezalaxe, gu ere itxaroten ari gara. Horri gehitu behar zaio egiten dugun musika nolabait ere bazterrekoa dela, ez dela irratietan entzuten den horietakoa eta ezta ohiko programazioan sartzen dena», kontatu digu Mikel Yarza taldeko baxu jotzaile eta abeslariak.

Aurten gainera urte seinalatua zen Hilotz taldearentzat, besteak beste, 'Dimetalfest' jaialdian jo behar zutelako. «Etxahunek eta biok gainera, bi kontzertu genituen. Bata Hilotzekin eta bestea Asgarth taldearekin. Haiekin itzulerako bira geneukan, 13 urte isilik egon eta gero berriz ere oholtzara bueltan gentozelako. Baina etorriko da hori egin ahal izateko garaia ere», azaldu digu lasaitasunez Yarzak.

Hilotzen diskoa plataforma digitaletan dago entzuteko moduan. Maldito Records zigiluaren azpian atera duten 11 kantuko lana, tartean, arrakasta berezia eskuratu duen 'Agur' abestia. Euskal Herrian metal musikak ez du etenik.

Jaurlaritza Logoa