Live

Iker GURRUTXAGA

Maddalen Arzallus: «Gaur egun ari diren musikari gazte askok garrantzia ematen diete hitzei»

Telebista aurkezlea, itzultzailea, irakaslea, bertsolaria eta musikaria, hori guztia da Maddalen Arzallus. Musikarekin duen harremana ikusita gonbidatu dugu 'MusikHaria' saiora, baina gauza bat nabarmen utzi du hasiera-hasieratik, musikan hitzek duten pisua handia dela.

Audio_placeholder

Maddalen Arzallus: «Gaur egun ari diren musikari gazte askok garrantzia ematen diete hitzei»

Loading player...
Maddalen Arzallus ere izan da MusikHaria saioan bisitan © Guillaume Fauveau
Maddalen Arzallus ere izan da MusikHaria saioan bisitan © Guillaume Fauveau

Hizkuntzaren atal bat gehiago bailitzan mintzatu zaigu Maddalen Arzallus (Donibane Lohizune, 1990) MusikHaria saioan. Kantu zerrenda mardula ekarri digu, eta guztiek beren artean lotura bat eta bakarra zuten, hitzak.

Arzallusek berak ere badaki kantuetan hitzek garrantzia handia izaten dutela askotan, bertsoak hori baitakar bere baitan. Eta bere azalean ere ezagutu du bertso batzuk musikatu eta arrakasta edukitzea zer den. Miren Amurizarekin 2010eko Bertso Egunerako egin zuen sorta da horren adibide. Arzallusek dionez, «harrigarria da oraindik ere, hamar urte beranduago, amaren eguna pasa berri denean, nola hainbatek bertso horiek zabaldu dituzten sarean».

Arrakasta hari esker ezagutu zuen askok Arzallusen jarduna, baina kezka puntu bat ere bazuen. Izan ere, «ordutik hona, gutxienez hilean behin aipatzen didate sorta hura. Banuen beldurra niri ibilbidea horrekin bakarrik markatuko zela, baina, zorionez, Doraemonen doinuarekin egindako bertsoarekin bigarren arrakasta bat ere eskuratu nuen» dio modu ironikoan bertsolari lapurtarrak.

Musikaz gaindi, kantuen hitzetan arreta berezia jarriz, turismoaren masifikazioaz duen iritzia eman digu Arzallusek: «Herri askotan gertatu den fenomenoa da, eta ez kostan bakarrik. Baina Zumaia bera adibidetzat hartuta, nik ez diot esango inorri bertara ez joateko, pertsonen zirkulazio librean sinesten dudalako, baina, aurretik, porroak erretzeko, harreman sexualak edukitzeko edota bikinirik gabe eguzkia hartzeko ziren tokietan, gaur egun ezin da bokadilo bat ere jan».

Bertso irakasle lanetan ere aritzen da Gipuzkoa aldean Arzallus eta pozik dabilela esan digu lan horretan. Baina argi dauka gauza bat, "guk eman behar badiegu, gu ere jasotzeko prest gaudela erakutsi behar diegu haiei. Hartara, gudu modukoak egiten ditut haiekin, nik bertsotan egiten dudana haiek rapeatzen erantzuten didate etabar» aipatu digu Arzallusek.

Bertsolariaren irudiko, «Mundu multikulturala sortzen da, eta hori zoragarria da. Izugarri ematen digute eta oso pozik joaten naiz haiengana. Gainera, modu horretara euskaraz ere jolastu daitekeela ikusiarazten diegu».

Elkarrizketa guztian nabarmendu du kantuak egiterakoan batzuk eta besteek hitzei eman dieten garrantziaz. Baina, ideia bat azpimarratu nahi izan du Arzallusek: «Esango nuke gaur egun ari diren musikari gazte berri askok garrantzia handia ematen diela hitzei, izan daiteke Olatz Salvador, Sara Zozaya edo Izaro, baina beste askoren aurpegia ere jarri diezaiokegu kontu honi».

Obaneuke erromeri taldean ere jotzen du gaur egun Maddalen Arzallusek. Gitarrarekin batzuetan, baina panderoa lagun duela ere bai besteetan. Hartara, Aiako Andatza auzoko Aristerrazuko erromeriatan parte hartu du eta bere hitzetan «azken bi urte hauetan geroz eta gazte gehiago biltzen da. Jende pila bat izugarrizko erritmoan hiru orduz aritzen da dantzan, oinak josteko makinak bezala mugituz eta aste osoan kirola egiteko beharrik ez dutela geratzen dira». Maddalen Arzallusen ustez, gainera, «pozgarria da plaza hori mantentzea, badirudielako 50 urte egiten dituzula atzera, denboraren makina moduko bat da».

Berak egin digun kantu zerrenda ere denboraren makina moduko bat da, eta guztia antolatu dugu teknologia berriak erabili eta zuengana iristeko, Spotifyko zerrenda honetan. Gozatu!

Jaurlaritza Logoa