Kai Nakai eta ipurdia mugitzeko aldarria
Kai Nakai abeslaria eta Chickjuarez ekoizlea elkartu eta euskal musikaren panoraman iraultza txiki bat egin nahian dabiltza. Iaz, 2019an, Durangoko Azokako Sormen beka eskuratu eta urtebeteko epea eman zieten beren proiektua aurrera eramateko: reggaetoia eta feminismoa uztartuko dituen lana.
This browser does not support the audio element.
Tabu eta aurreiritzi denak apurtu nahian agertu zaigu Kai Nakai (Gasteiz, 1996) abeslaria Musikharian. Euskal Herrian ipurdia mugitzea «gustatzen zaigula, baina, hori jendaurrean egitera ez garela ausartzen» uste du, eta horretarako ari dira kantuak egiten Chickjuarez jatorri mexikarreko ekoizlea eta biak.
Reggaetoiaren barruko doinu desberdinak, erritmo mota horien gainean dauden okerreko aurreiritziak eta bikote honek egiten duen musikaren esentzia izan ditugu hizketagai. «Askok uste ez badu ere, sekulako lana dago kantu hauen guztien atzetik. Ekoizpenaz gainera, kantatzeko modu oso desberdina dute erritmo batzuk edo besteek, eta hori jendeak ez du aintzat hartzen» nabarmendu du Kai Nakaik.
Kolpe kantuarekin hasi eta, momentuz, Kelokentoky da kaleratu duten bigarrena. Ia zortzi hilabete dituzte aurretik, disko osoa Durangoko Azokarako prestatu behar dute-eta. Bitartean, kontzertuak emateko gogoz daudela esan digu Kai Nakaik, «plazetan jendeak ipurdia mugitzea nahi dugu, konplexurik gabe».