Live
Iratxe Aguilerak, Kai Nakaik, konfinamendu hasieran egindako elkarrizketan esan zigun, «Chickjuarezi elkarrizketa egiteko aukera izanez gero, aprobetxatu, gauza asko daki eta musikaren inguruan». Hartara, 'Beste bat' saioak egiten ari direla aprobetxatuz, gurean izan dira Kai Nakai eta Chickjuarez.
«Euskara irakasle onak izan ditut eta espero dut laster itzultzailerik gabe soltean hitz egiteko aukera izatea. Konfinamenduan ere aplikazio bati esker euskara ikasten jarraitu dut», esan digu Chickjuarezek hasieran. Itzultzailearekin ala gabe, kontu interesgarriak ekarri dizkigu MusikHaria saiora.
Lehen saioa egiten «disfrutatu» egin zuten. «Nik sekula ez nuen podcastik egin, Chickjuarezek bazekien halakoak egiten. Chickjuarezen estudioan sartu eta dena prest zeukan. Musika sailkatu eta saioa egin genuen, parranda baten modukoa izan zen niretzat, 'Old school' reggaetoiarekin horrela sentitzen garelako», kontatu digu Kai Nakaik.
Chickjuarezek kontatu digu ikasten duen kontserbatoriotik jaso duela euskal musika gehien. «Lankideek ska eta punk musikara eraman ninduten, baina niri 'Black American Music' estiloa gustatzen zait eta Iñaki Salvador, Juan Ortiz edota Asier Oleaga bezalako artistak asko entzun ditut» aipatu du Chickjuarezek. Jazz musikariak aipatuta, azpimarratu du 'jazz' terminoa erabiltzea ez duela gogoko, 'Black American Music' dela harentzat termino zuzena: «Nicolas Payton tronpeta-jotzaileak aipatzen du Jazz terminoa arrazista dela. Termino hori zuriei zuzendutako espektakuluei lotzen zen, horregatik berak 'Black American Music' terminoa erabiltzen du eta hura hobesten dut nik ere», azpimarratu du Chickjuarezek.
Antzeko zerbait aipatu digu Kai Nakaik. Beren musika estiloa 'urbanoa' bezala hartzen da, baina «ez dago ondo ikusita». Izan ere, 'Tyler The Creator' artistak aldarrikapena egin zuen 'urban music' terminoa, zigiluek 'black music' ez erabiltzearren sortu zutela. Hartara, 'Universal' zigiluak aldaketa hori onartu du, esaterako.
Bitxikerien artean, Chickjuarezek kontatu digu nola 'Joselu Anaiak' taldeko Joselu irakasle izan zuen kontserbatorioan. «Guk musikarako bide bat egin nahi genuen, eta musika eskolak ez zuen aukera hori ematen. Hartara, oso eskertua egongo naiz beti Joseluri. Batetik, esan beharra daukat musika eminentzia bat dela, askok akaso jakin ez arren. Eta bestetik, guk nahi genuen hori irakatsi ahal izateko, berak udak ikasten ematen zituen. Horrek ez du preziorik» kontatu digu Chickjuarezek.
Abendurako aterako dute diskoa, Durangoko Azokan aurkeztu behar baitute. Sormen beka eskuratu zuten 2019an eta horretan dabiltza egun, kantuak egiten. Estudioan ere ikusi ditugunez, ziur laster izango dugula kantu berriren bat. Bitartean, 'Beste bat' saioetan entzungo ditugu, beren alaitasun guztiarekin.