Live

Iker GURRUTXAGA

Maren: «Oso hiztuna naizen arren, musika tartean bada, orduak egon naiteke isilik»

Gaztetasuna eta energia asko du Marenek. Ikasteko eta aurrera egiteko nahi horretan, tarte bat hartu eta MusikHarian izan da bisitan. Ikasketez, musikaz, arrakastaren kudeaketaz eta beste hainbat gauzez aritu gara hizketan berarekin.

Audio_placeholder

Maren: «Oso hiztuna naizen arren, musika tartean bada, orduak egon naiteke isilik»

Loading player...
Irailerako aterako du bere lehen lan luzea Marenek
Irailerako aterako du bere lehen lan luzea Marenek

Bilbotarra dela usteko du askok, beste batzuk gernikarra dela, baina ez, Gallartan jaio eta bizi da egun Maren (Gallarta, 2002). Musikaria, ekoizlea, abeslaria... eta oraindik ere musika ikasketetan buru-belarri dabilena da. Bartzelonan batxilergoko ikasketak burutzen dituen bitartean, distantziara Londresen egoitza duen ekoizpen musikaleko lanbide heziketako gradu bat ere egiten ari da.

«Bilbon banuen ikasketak egiteko aukerarik, baina ez nintzen konformatzen bertako eskaintzarekin, eta, Katalunian familia badudanez, Bartzelonara joatea erabaki nuen» kontatu digu Marenek. Aurrera begira, Londresko 'Abbey Road' estudioetan ikasketak burutzekoa zen «baina pandemia batetik, eta, Brexita bestetik, ez dakit zertan geratuko den kontua. Elkarrizketa gainditu dudan arren, ikusi egin behar nolako bilakaera duen guztiak» aipatu du Gallartako musikariak.

Zerrendan euskarazko abestiak sartu dizkigu guztiak. tartean Mikel Laboarenak ere bai. «Berez da berezia Mikel Laboa, baina, Bartzelonan nagoenean, etxean sentiarazten naute bere kantuek, babes hori ematen didate» adieraz digu Marenek.

Irribarre bat duela ahoan hitz egiten du eta hala ikusten dugu askotan sare sozialetan ere, baina musika martxan jartzean, aldatu egiten da hori. «Oso 'happyflowerra' naizela esango nuke, baina barrutik bakoitzak berea eramaten du eta musikak oso barrura eramaten nau. Pentsa, musika martxan jarri eta orduak egon naiteke isilik» esan digu, nahiz eta hitz jario luzekoa den bera.

Sare sozialei garrantzia ematen dio eta ahal dela mezu guztiei erantzuten saiatzen da. Hartara, ikasketekin, musika kontuekin eta sare sozialekin ea nekatzen ote den galdetuta, Marenek kontatu digu baietz, nekatzen dela, «eta kexatia naiz gero logura izaten dudalako. Baina geldirik banago, ez nago lasai eta zerbait egiteko beharra sentitzen dut. Horregatik ikusten nauzue hainbeste sareetan ere».

Arrakasta handia eskuratu du eta hor amaren babesa ezinbestekoa dela azpimarratu digu. Asko lagundu duela bide guztian eta beti oinak lurrean mantentzen eta betebeharrekin aurrera egiten lagundu diola.

Eta arrakastaren zati bat, egin dituen kolaborazioekin ere eskuratu du. Xabi Solanorekin ikusi dugu batetik, eta, Miki Nuñez kataluniarrarekin, bestetik. «Biek nigana jo zuten. Harrituta geratu nintzen baten proposamenarekin zein bestearekin eta oso eskertua nago. Xabi Solano, Xabi Solano da denontzat eta hark proposamena luzatu zidanean ezin sinetsita egon nintzen, oso berezia izan zen» kontatu digu Marenek.

Mikiren kasuan, ordea, halako pena puntu bat badu. «Orain, konfinamenduan, berriz jarri gara harremanetan eta 'Escriurem' kantua taldean egin dugu. Baina, aurretik, 'Enderrock' sarietan abestu nuen berarekin. Izan ere, aurreko urtean, kantua grabatu behar zuenean, idatzi zidan eta nahasmen baten ondorioz ez nuen grabatu» kontatu digu abeslariak. Gerora, Izarok grabatuko zuen 'Escriurem'.

Maiatzaren bukaerarako espero ditugu Marenen kantu eta bideo berriak, 'Fotosintesis' izenekoa, «orain arteko kantu pertsonalena» izango omen da. Irailean kaleratuko du, ordea, «Margaritas y lavandas» bere lehen lan luzea. «Kosta egiten zait gauzak publikatu gabe egotea, baina nire inguruan ditudan helduei kasu egiten diet halakoetan. Ni erritmo azkarragoan noa, eta nigatik balitz... Baina haiek gehiago dakite eta erdibide bat bilatzen saiatzen gara» bukatu du Marenek.

Bitartean, Spotifyn osatu digu hamar kanta kuttuneko zerrenda eta guk zuei luzatuko dizuegu. Kantuen aukeraketaren zergatia jakiteko, entzun berriz ere elkarrizketa, ez dauka eta ezer galtzekorik.

Jaurlaritza Logoa