Live
NPB (edo PAC): lokalean bizi dugun arazo global bat
Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB edo, PAC bezala ezagunagoa) gaineko solasaldia antolatu zuen LeitzEKO Kontsumo Taldeak ‘Izan burujabe’ jardunaldien baitan. ‘Elikadura politikak. Nora doa gure dirua?’ izenburupean, gaia landu zuren EHNE Bizkaiako, EHNE Nafarroako eta Etxaldeko kide banak.
NPB (edo PAC): lokalean bizi dugun arazo global bat

«Eskariak sortzen dira baina ekoizpenean mugak aurkitzen ditugu egitura dela eta», halaxe hasi zen Gotzone Sestorain abeltzaina solasaldia aurkezten. Elikadura mahaian parte hartzen duten eragileez gain, herritarrak jakitun izatea bilatu dute oraingo honetan eta hala gonbidatu dituzte euren irakurketak partekatzera Unzalu Salterain (EHNE Bizkaia), Patxiku Irisarri (EHNE Nafarroa) eta Mirian Otxotorena (Etxalde). Eurekin batera izan dira Habelarte Elkarteko zenbait kide.
Solasaldia emankorra izaki, bi saiotan banatu ditugu edukiak. Datorren asteko Gelditu Makinak saioan osatuko dugu mahai-inguru osoa.
Salterainek NBP delakoaren sorrera, helburuak eta bilakaera izan zituen aipagai. Hala, nekazaritza politikak bi zutabe dituela argitu zuen: helburu politikoak eta tresna finantzieroak. «Hasierako helburua zen Europan behar diren elikagai osasuntsuak ekoiztea denon eskuragarri egon daitezen eta, 15 urte beranduago, administrazioak ez dira hori betetzeko gai zain». Elikagaiak eta prezio duinak bermatuta baleude, egungo errealitatea izango genuke «askoz ere biziagoa, lanpostu gehiagorekin, bertako elikadura sistema indartsuagoak… Eta hori ez hemen bakarrik, Europa osoan. Beraz hau da lokalean bizi dugun arazo global bat».
NPB-ak jarritako helburuak betetzeko «kontrol mekanismoak» jarri ziren, ordea, «hartutako norabidea guztiz kontrakoa da eta horretan zerikusi handia dute diru-laguntzek». Behin ekoizpenerako kontrol mekanismoak jarrita, biztanleriari elikagaiak eskura jartzeko merke eskaini behar dira, «planteatzen dutena da ekoizpenak ezin direla pagatu behar den prezioetan, beraz, merkeago pagatuko dira baina jarriko dituzte diru laguntzak errenta falta hori konpentsatzeko». 80. hamarkadako ondorioetako bat izan zen intentsifikazio handia lurraren erabilera gutxituz. Diru laguntzak, izatez, bi zutabe omen zituzten, ekoizleei zuzenean banatutako laguntzak, batetik eta nekazal garapenerako diru-laguntzak, bestetik. Lehenak jaten du, ordea, puska handiena. «Aldi berean, irizpideak bolumenean oinarrituta daude eta, horrek eragin zuen jende asko sartzea intentsifikazioan inbertitzera».
«Diru-laguntzen banaketa erabat desorekatua izan da. %80 hartzaileen % 20ak eramaten du, are, hego Euskal Herrian % 60 % 10ak». Hego Euskal Herrian eman ziren intentsifikazio mailak Europako altuenak izan ziren 90eko hamarkadan.
Dirua bai, baina nora?
Hiru hamarkadetan eman den bilakaera oso esanguratsua da. «Alde batetik, nekazaritza politika izan da Europako politika bateratu indartsuena. Europako urteko aurrekontuaren %40 izan da nekazaritzarako, batez beste. Beste kontu bat da diru hori nora bideratu den eta nola erabili den». Bestalde, ekoizpenerako kontrol mekanismoak kentzen eta merkatuak liberalizatzen joan dira eta horrek ekarri du prezioak ekoizpenaren arabera jarri beharrean inbertsio funtsen arabera jartzea. «Horri 2008ko krisi sistemikoa gehituta, arlo finantzieroak inbertitzeko leku bat aurkitu zuen elikagai ekoizpenean eta, horrek, izugarrizko inflazioa ekarri du». Salterainen arabera, «elikadura sistema globalak kolapsatu egin du».
Irisarrik, berriz, Nafarroako egoerari begiratu zion, Gobernuak estensiboaren alde egiten duela esaten duen arren, zenbakiek argi erakusten dutelako ezetz. Nafarroako Gobernuak egiten duen aurrekontuen banaketa kritikatu zuen 28 milioi euro bideratzen baita urtero Nafarroako Kanalera eta horrek agroindustria sustatzen baitu. «Horrek Erriberako ekoizteko modua aldatu du eta nekazariaren makinaria beharra. Zurrunbilo-burbuila bat ekarri du eta erabat lotuta daude batzuk. Pozoitutako karamelu bat izan da kanala».
Horrez gain, lurralde-kohesiora bideratutako diruaren zati handi bat abiadura handiko trenera eta errepidetara doa, hizlariaren irudiko, biak ala biak herrien kohesioari laguntzen ez dioten azpiegiturak.
Abeltzaintzaren garapena
Abeltzaintzaren errealitateari begira, berriz, honako datuak ekarri zituen: 120.000 behi daude Nafarroan, horietatik % 33 Leitzaldean, Baztan-Bidasoan, Sakanan eta Ultzaman; lautik bat, berriz, Erriberagoitian. Ardiak 380.000 daude, horien % 34 Leitzaldean, Baztan-Bidasoan, Sakanan eta Ultzaman. Txerriak 860.000 daude, nagusiki Erriberagoitian, Tuteran eta Nafarroa erdialdean. Behorrak 34.000 daude, horien % 43 Leitzaldean, Baztan-Bidasoan, Sakanan eta Ultzaman. Oiloak, aldiz, 7.800.000, non % 33 Lizarraldean dauden. Bilakaerari erreparatuta, berriz, azken 10 urtetan Nafarroan behi-abelburuak % 3,3 igo dira eta esplotazioak jaitsi, alegia, intentsifikatu. Ardiak % 25 jaitsi dira. Txerriak 2024 % 5 jaitsi ziren, nahiz eta azken 10 urtetan % 45,6 igo diren. Lizarraldean, Erriberagoitian eta Erriberan igo dira nabarmen. «Nafarroako txerri sektorea bi pentsu fabrikek kontrolatzen dute eta ez da kasualitatea horien inguruan orain biometanizazio plantak egin nahi izatea». Nafarroako Gobernuan berritu duen «nitratoen gune zaurgarrien» dokumentuarekin osatu duen datu hori. Dokumentuaren arabera, lehen 100.000 ha eskas zeuden egoera zaurgarrian eta, orain, 245.000 ha.


