Live

Peli Lekuona | Iraia Cambra

«Greba da gure tresna bakarra, eta ez dugu amore emango»

Maderas de Llodio enpresako langileek borrokan jarraitzen dute Aiaraldeko lantegian, greba mugagabearekin eta mobilizazioekin erantzunez enpresaren kaleratzeei eta produkzioaren deslokalizazioari. Galder Barbado, SOS Aiaraldea plataformako kideak, egoeraren berri eman digu NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Greba da gure tresna bakarra, eta ez dugu amore emango»

Loading player...
‘Maderas de Llodio kaleratzerik ez’ manifestazioa Laudion.
‘Maderas de Llodio kaleratzerik ez’ manifestazioa Laudion. (Aritz Loiola | FOKU)

Aiaraldeko lantegiko langileek greba mugagabean jarraitzen dute, enpresak 39 langile kaleratzeko eta produkzioaren zati bat beste planta batzuetara eramateko asmoa iragarri ostean.  SOS Aiaraldeako kide Galder Barbadok NAIZ irratian adierazi duenez, «greba da gure tresna bakarra, eta ez dugu amore emango».

Hirugarren greba eguna izan da gaur, eta langileek euren borondatea eta batasuna erakusten jarraitzen dute. «Hotza pasatzen ari gara, baina langileak motibatuta eta indartsu daude», azaldu du Barbadok. Gaineratu duenez, «produkzioa guztiz etenda dago eta biltegia itxita».

Langileen artean kezka handia dago, batez ere, azken hilabeteotan eskualdean izandako beste lan-gatazkengatik. «Ez da kasualitatea; eskualdea pixkanaka desmuntatzen ari dira», salatu du Barbadok. Bere hitzetan, Guardiako lantegian gertatutakoa gogoan dute, eta beldur dira beraiek hurrengoak izateaz.

Langileak astelehenetik daramate greban, eta euren parte-hartzea «oso positiboa» izan dela nabarmendu dute. «Manifestazioak, piketeak eta mobilizazioak antolatzen ari gara egunero», zehaztu du.

Enpresaren jarrera ere kritikatu du Barbadok: «Enpresak ez du benetako negoziazio borondaterik. Gurekin akordio batera iritsi ordez, kaleratze kolektiboa mantentzen du eta produkzioaren %40 beste tokietara eraman nahi du». Horrez gain, ohartarazi du «irailaren hasieran jakinarazi zutela dena, bat-batean eta bide ez-ofizialetatik».

Gainera, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eskualdeko egoeraz egindako adierazpenek ez dute konfiantzarik sortu langileen artean. «Entzuten dugun bakoitzean Ramirok eskualdeaz hitz egiten, promesa faltsuak entzuten ditugu», salatu du Barbadok. «Lehen esan zuen itxiera galaraziko zuela, eta gero ez labea ez ezer. Ez dugu sinesten».

Langileek uste dute enpresaren erabakiak ez daudela justifikatuta. «Enpresa talde handi baten kalkuluetan oinarritzen dira, baina guk ez dugu inolako azalpen justurik jaso», azaldu du. Eta argi hitz egin du: «Enpresak kostuak murriztu nahi ditu langileen kontura».

Etorkizunari begira, borrokan jarraituko dutela azpimarratu du: «Guretzat klabea da elkartasuna aktibatzea. Eskualde honek badaki zer den borrokatzea eta kalera ateratzea, eta berriz ere egingo dugu».

Ostiralean manifestazio bat egingo dute Laudioko plazan, eta aste osoan zehar mobilizazioek jarraituko dute. «Ez gara geldituko gure lanpostuak eta eskualdearen etorkizuna defendatzea arte».

Jaurlaritza Logoa