Live

NAIZ Irratia

Informazioaren Haria 6.00tatik aurrera, denboraldi berrian

Irailaren 2 honetan ekingo dio NAIZ Irratiak denboraldi berriari, goizeko informazio magazina indartuta. 6.00tatik 10.00tara izango da analisi mahai berrituekin. Irailaren 11n aurkeztuko du irratiak denboraldia, emankizun berezi batekin.

Informazioaren Hariko kazetariak orain gutxiko emankizun batean.
Informazioaren Hariko kazetariak orain gutxiko emankizun batean. (Gorka Rubio | FOKU)

Peli Lekuona eta Sara Iriarte izango ditu gidari Informazioren Hariaren lehen edizioak ikasturte honetan, berrikuntza nabarmen batekin: 6.00tan abiatuko baita saioa.

Goizeko lehen ordutik egunak dakarrenari begira jarriko da NAIZ Irratiaren aktualitateko magazin nagusia, bere lekua mantenduko du goizeko eguraldiaren inguruko solasaldiak (7.10) eta baita gainerako atal nagusiek ere.

Analisi mahaietan (8.40) lehengoak mantenduko dira, baina berrikuntzak ere badira. Zuzendarien mahaian jarraituko dute Iñaki Sotok (GARA) eta Amagoia Mujikak (‘Berria’), esperientziaren ahotsa ekarriko dute Begoña Erraztik eta Patxi Zabaletak; kazetarien hainbat mahai ere izango dira Ibai Fernandez (‘Noticias’), Maialen Ferreira (Eldiario.es), Iraia Oiarzabal (GARA-NAIZ) eta Iosu Alberdik (‘Berria’) osatuko dutena. Bi astelehenez behin Garbiñe Biurrun, Ekhiñe Atorrasagasti eta Laura Mintegiren txanda izango da, GARA eta NAIZeko kazetarien analisi mahai berezia ere izango da Alaia Sierra, Martxelo Diaz eta Iker Bizkarguenagarekin. Gainera, solaskide jardungo dute Mikel Urdangarin, Eguzki Urteaga, Maider Galardi, Ainhoa Etxaide eta Aritz Otxandianok, besteak beste.

9.00k pasatxotan izango da eguneko elkarrizketa nagusiaren txanda, Arnaldo Otegi (EH Bildu) izango da ikasturteko lehen gonbidatua, astelehen honetan. PSE eta EAJko ordezkariak ere pasako dira lehen aste honetan NAIZ Irratiaren estudioetatik.

Gainerako aktualitate magazinetan ere badira berrikuntzak. Eguerdiko albistegian (13.00-15.00) tokiko informazioak tarte propioa izango baitu 14.00tatik aurrera. Ostiraletan, Aztarna Solidarioa atal berria izango da, gainera, Gipuzkoa Kutxa Solidarioaren eskutik.

Irailaren 11n, emankizun berezia

Informazioaren Harikoak ez dira NAIZ Irratiak denboraldi berrirako dakartzan berritasun bakarrak. MusikHariak lehen aurrerapen bat izango du aurten 12.00tan, Bilbo eta Iruñeko tokiko magazin berriak izango dira, musika saio berriak ere bai, musika saio berezituak egunero gauerdian izango dira eta kiroletan apustua indartu du irratiak, KirolHaria (15.00) berritu batekin eta zuzeneko emankizun gehiagorekin. Irailaren 11n, asteazkenarekin, emankizun oso berezi baten bidez (18.00) aurkeztuko ditu. NAIZ Irratiak ikasturteko nobedade denak.

Jaurlaritza Logoa