Live

Maite Bidarte

NAIZ Irratiak musikaren aldeko apustua indartuko du ‘Ad Libitum’ eta ‘Otea Lili’ saioekin

Denboraldi berri honetan NAIZ Irratiak musikaren aldeko apustua areagotu egingo du. ‘Musikharia’ saioak eguerdian tarte berezia izango du eta irratsaio berrien artean daude ‘Ad Libitum’ eta ‘Otea Lili’; Lide Hernando eta Ritxi Aizpuruk aurkeztuta, hurrenez hurren.

Audio_placeholder

NAIZ Irratiak musikaren aldeko apustua indartuko du ‘Ad Libitum’ eta ‘Otea Lili’ saioekin

Loading player...
Lide Hernado eta Ritxi Aizpuru, Musikharia saioko elkarrizketa hasi aurretik.
Lide Hernado eta Ritxi Aizpuru, Musikharia saioko elkarrizketa hasi aurretik. (Jon Urbe | FOKU)

Sorreratik NAIZ Irratiko zutabe garrantzitsua izan da musika eta hala izango da denboraldi honetan ere, berrikuntza ugarirekin dator programazio berriaren arlo hau. Hasteko, Iker Gurrutxagak aurkeztutako ‘Musikharia’ saioak eguerdian tarte berri bat izanen du (12.15-13.00). Kantu aurrerapenak, azken albisteak, berrikuntza eta agenda errepasatzeko espazio berezia izango da; gauean (22.00-0.00), aldiz, «euskal musikari hauspoa» eman asmo die Gurrutxagak. Betiere patxadaz, «disko baten atzean dagoen lan guztiari leku egiteko».

Musikaren lerroan, nabarmentzekoak, ezinbestez, Lide Hernandok gidatuko duen ‘Ad libitum’ (astearteetan 19.00etan) eta Ritxi Aizpururen eskutik datorren ‘Otea lili’ (ostegunetan 19.00etan) dira. 

‘Musikharia’ saioaren eguerdiko ordutegi berria baliatuz izan dira NAIZ Irratian Hernando eta Aizpuru euren saio berriak aurkezten. Musikaren industria barru-barrutik bizi duten bi izen nabarmen dira Hernando eta Aizpururena. Lehena oholtzan ikusi dugu Liher taldearekin eta berriki bakarkako bidea hartu du Bele proiektuarekin. Horretaz gain, aritua da telebista aurkezle gisa eta iaz kaleratu zuen bere lehen liburua: ‘Izotz hura’ (Susa, 2023). NAIZ Irratiko uhinetan egingo du salto lehen aldiz irratira.

‘Ad libitum’, musika indikazio bat da, partituran idatzita dagoenaren interpretazioa musikariaren gustura jotzeko irizpidea zehazten duena, interpretazio librea agintzen diona musikariari. Horrela arituko da Lide Hernando ere asteartero NAIZ Irratian, «gaia beti ezberdina izango da, baina ni musikaren forman zentratuko naiz. Abesti bakoitza musikalki eta erritmo aldetik landuko dut, modu natural batean, libreki».  

Bestelako giro bat sortuko du Ritxi Aizpururen ‘Otea Lili’ saioak. Erretiroa hartu berri, behar bada, orain arte egin ezin zuen saioari ekingo dio Aizpuruk. Musika taldeen manager bezala aritu da hainbat hamarkadetan, musika industriako argi ilunak ongi ezagutzen ditu, esan daitezkeenak eta ezin direnak aitortu, «muturrera joango naiz», esan du. Astero gonbidatu bat ekarriko du saiora, «musikariaren zein pertsonaiaren barruko sentimendu horiek guztiak irratira eraman nahi ditut». Motozerra bat da saioko irudi nagusia, atera kontuak. Eta spoiler! Lide Hernando ere egongo da gonbidatuen artean.

«Nire asmoa Ritxiren kontrakoa da», azaldu du argi Hernandok, «ni a sako joan izan naiz beti orokorrean, eta ‘Ad Libitum’ informazio zuria eta atsegina emateko tartea izango da». Tarteka gonbidatuak izango dira saioan baina Hernandok ez ditu elkarrizketa pertsonalak egingo, «gai bati buruz hitz egiteko pertsona bat elkarrizketatuko dut».

Ordutegi eta formatu aldaketa gehiago

Irratiaren parrillan denbora daramaten hainbat saiotan ere aldaketak izango dira ikasturte berrian, tartean Estitxu Pinatxoren ‘Gramofonoa’-n. Orain arteko efemerideak alde batera utzi eta hilabetero gai bati heldu eta lau saioko serie monografikoak osatuko ditu abeslari beratarrak (larunbatetan, 15.00-16.00).

Gauerdira pasa dira ‘Revolutionary Grooves’ (astelehena, Daddy Jeffekin), ‘Global Musik’ (asteazkenetan, Antonio Iriarterekin) eta ‘Reggae Fever’ (ostegunetan, Nakenekin). Elektronikaren inguruko ‘Sateliteak’ (Telmo Trenor) larunbatetan izango da, 23:00etan.

Eta ondorengoak ahaztu gabe: ‘Beste Bat’ saioetan euskal banda berrien kantu eta talde erreferentzialak ezagutzen jarraituko dugu. Horretaz gain, Bigarren Kafeko magazinak ‘elkarrizketa akustikoak’ atalarekin jarraituko du eta asteazkenero euskal musikariak hurbilduko dira Tolosako laborategira kantu berriak zuzenean eskaintzeko.

Musika irratsaio guztiak NAIZ Irratiko webgunean eta podcast plataformetan egongo dira entzungai behin emisio eguna igarota.

Irailaren 11n aurkezpen saio berezia 

Astelehen honetan abiatu du NAIZ Irratiak bere denboraldi berria, Informazioaren Hariaren formatu berriarekin, goizeko seitatik hamarretara da aurten. Musika saio berrien ostean heldu den astelehenean, hilaren 9an, Zebrabidea eta Bigarren Kafea magazinek hasiko dute ikasturte berria. Irailaren 11n, 18.00tatik 20.00tara, programazio parrilla berria aurkezteko saio berezia eskainiko du NAIZ Irratiak, irrati uhinetan ez ezik, NAIZen bidez bideo-streamingez ere jarraitu ahalko da emankizuna. 

Jaurlaritza Logoa