Live
Uxue Alonso eta Galder Beramendi Harrika kolektiboko kideak dira eta Bigarren Kafean izan dira kolektiboaren eta uztailerako antolatu duten jaialdiaren inguruan hizketan. Pozik agertu dira Harrika izaten ari den bilakaerarekin. Elkarrekiko errespetuan oinarrituriko espazio seguruak sortzea zen Harrikak antolatzen dituen jaialdien helburu nagusietako bat. «Denbora tarte hau ikasketa prozesu bat ere izan da guretzat eta hasieran egin nahi genituen gauzak hobeto egin ahal izatea ahalbidetu digu».
Saretzeak duen garrantzia ere azpimarratu dute. «Gurearen antzeko hainbat kolektiborekin harremana egin dugu eta horrek sare moduko bat sortzeko aukera eman digu. Orain arte Gasteizen egin izan ditugu jaialdiak. Datozen asteetan Bilbon eta Donostian egingo ditugu eta hori bera bada aipatu dugun saretze horren adibide garbia».
Uztailaren 26tik 28ra egingo dute Harrikada Festibala Arabako Izarra herrian. «Guk gure burua landa eremuko modura kontsideratzen dugu. Horrelako jaialdi bat hiri bateko areto itxi batetik ateratzea bera ere bada helburua» Beramendiren aburuz. 2018an Ozaetan egin zuten lehen ekitaldiaren ondotik, sei urteren ostean dator bigarrena.
Euskal Herriko zein nazioarteko musika elektronikoaren eszenako izen esanguratsu ugari izango dira Izarran aipatu egunetan. Bertaratzen denak musika eskaintza zabala izango du baina musikaz eta festaz haratago, jarduera eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Entzun Uxue Alonso eta Galder Beramendirekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.