Live
Askotariko arrazoiak bultzatuta, dozenaka herrialde ezagutu ditu Iara Duran bidaiari zizurkildarrak. Maite du abentura, eta edozein aitzakia ondo datorkio denboraldi batez ospa egin eta txoko berriak ezagutzeko. Hala, zenbait herrialderi buruz hitz egiteaz gain, herrialde horietara iristeko bideei erreparatu diegu saio honetan, eta tokia egin diegu, era berean, elkarrizketatua bera txoko horietara eraman duten motiboei: «Oso adrenalina zalea naiz, bidaiatzen dudanean».
Protagonistaren unibertsitate garaira egin behar da atzera salto bere bidaia-bilduma zabalaren lehen zertzeladekin topo egiteko. «Herrialdeen zerrendan, Hego Korea ikusi nuenean, aukera ederra zela pentsatu nuen, ezin bainintzen urrutiago joan». Hizkuntza eta kultura ezberdinak izateak nabarmen deitzen zion arreta Durani: «Hantxe joan nintzen, ni neu, bakarrik». Dena dela, bere harridurarako, hamaika herrialdetatik bertaratutako ikasleekin ibili zen, ia urtebetez: «Bidaia potolo bat egiteko aukera zen hara joatea. Lagunekin, ikasketak amaituta, Filipinak, Thailandia, Kanbodia eta Vietnam egin nituen».
Esanak esan, ekialdeko lurretan, bisitatu dituen herrialde guztien artean, Txina du kuttunen elkarrizketatuak: «Gauza asko bizi izan ditut bertan». 15 urterekin txinera ikasten hasi zen, bat-batean. Horrela, herrialdea ezagutzeko aukera izan zuen, bertara bizpahiru hilabetez joateko diru-laguntza eskuratuta. Bertako ohituretan eta errealitatean sakontzeko gogoz gelditu zen, eta, hara non, horretarako aukera izan zuen urte batzuk beranduago, enpresa batean lanean hasi eta, horren harira, urtebetean, bost bat aldiz joan eta etorrian aritu zenean.
Lodosatik Malawira
«Amonaren herria da Lodosa eta bertako festetan ezagutu nuen Alvaro», gogoratu du elkarrizketatuak. «Haren eskutik iritsi zitzaidan Malawira joateko gonbidapena. Baiezkoa eman nion herrialdea mapan non kokatzen zen jakin gabe».
Apaiza da Alvaro eta bi hamarkada inguru daramatza Afrika hegoaldean bizitzen. Beste bi kiderekin batera jo zuen Malawira Duranek eta Gorputz Hezkuntzako irakasle-lanetan jardun ziren askotariko adinetako haurrekin: «Elkarri joko mordoxka erakutsi genizkion: besteak beste, guk haiei zapitxoa eta haiek guri netball». Horrez gain, haurtzaindegi baten eraikuntza-prozesuan parte hartu zuen eta eliza ere behin baino gehiagotan bisitatu behar izan zuten: «Kristauak dira gehienbat, eta, hemengoekin alderatuta, koloretsuagoak dira elizak, eta mezan bertan ere gehiago mugitzen dira».
Munduari itzulia
Bidaiari saltsera den horretan, lavueltaalmundo.net web orrialdearekin egin zuen topo: «Zure bidaia partekatu dezakezu atari digitalean, jendea zure proposamenera batzeko. Edo, alderantziz, zu zeu beste baten proposamenera gehitu zaitezke». Hori horrela, bi modutara probatu du jende ezezagunarekin bidaiatzea: Kirgizistan,Tajikistan eta Uzbekistan ezagutu ditu aplikazio honen bitartez, baita Senegal eta Gambia ere.
Gozatu egiten du Iarak, toki, jende eta errealitate berriak bizitzen, bakarrik, lagunekin zein ezezagunekin. Zein da, baina, bere gozamenaren osagai nagusi? Ikuspegia zabalik izatea eta malgutasuna: «Esperientzia berriei baietz esateko asmoa izatea da gakoa».