Live

Alba Cabrera

Familian, zaldi gainean, elur-oreinen erreinuan

Gallastegi-Aranzabal familiak Mongoliara egindako abentura izan dugu hizpide Bidaiari saioan: 22 egun eta 464 kilometro, zaldi gainean.

Audio_placeholder

Familian, zaldi gainean, elur-oreinen erreinuan

Loading player...
Gallastegi-Aranzabal familia Mongoliara egindako bidaian
Gallastegi-Aranzabal familia Mongoliara egindako bidaian (Gallastegi-Aranzabal)

Familia bidaiari bat, Mongoliako estepan, zaldi gainean, trostan. Horixe da saio honetan Mila Gallastegik, Asier Aranzabalek eta beren bi alaba Uxuek eta Garazik utzi diguten erretratua. Helmugei bezainbesteko garrantzia ematen dio familiak bideari. Oinez ibiltzea dute gustuko; oinez, edota, aldiro-aldiro, bisitatzen duten herrialdean nagusi den garraiobidea erabilita. Hala, zaldi gainera igo ziren joan den urteko udan, Mongolian, Tsaatanen lurraldean, zeharkaldia egin asmoz.  

Orain 22 urte atzera egin behar da salto familia-bidaiariaren lehen pausuekin topo egiteko, izan ere, Nepalera egindako jauziak piztu zion bikoteari elkarren konpainian bidaia handiak egiteko grina. Hala, Uxue eta Garazi jaiotzea ez zen oztopo izan toki berriak ezagutzen jarraitzeko, eta, harrezkero, makina bat bidaia egin dituzte familian.  

Perla urdinaren ertzean
Déjà vu modukoa izan zen Gallastegirentzat eta Aranzabalentzat bidaia, 2005ean izan baitziren lehenengoz herrialdean. Azken horretan ere, zaldi gainean. «Egunen batean, umeak izanez gero, hona itzuli behar gara», esan zioten elkarri. Esan eta egin.

Desberdintasun handiak ikusi dizkio Aranzabalek herrialdeari, ia bi hamarkadaren ostean: «2005ean, errusiar estiloa zuen Ulan Batorrek. Egun, Txinako arkitekturaren antza handiagoa du». Bada beren arreta nabarmen bereganatu zuen beste zerbait: jende gazte asko bizi omen da hirian, Aranzabalen ustez, bi zatitan banatuta; zementua eta gher-ak: «Gero eta gogorragoak dira neguak. Abeltzain askok animaliak galtzen dituzte, ondorioz, ez dute behar beste diru ateratzen. Beste alternatibarik gabe, hiriburura jotzen dute, zorte bila».

Khovsgol lakuaren ur ertzetik hasi zuen bidaia laukoteak. «Itsaso txiki baten modukoa da lakua», dio Gallastegik, «zabaldura, lasaitasuna, natura... Hori da guk bilatzen duguna bidaiatzen dugunean, kultura eta natura, biak egon daitezela batera».  Hori horrela 464 km-ko zeharkaldian, Tsaatan herriarekin egoteko aukera izan zuten. Nor dira, baina? Uxuek du erantzuna: «Elur-oreinekin, mendi tontorretan bizi den komunitatea da Tsaatan herria. Tipi modukoetan bizi dira, eta nomadak dira». Elur-oreinetatik ateratako esnekiak ekoizten dituzte, eta animalia horren okela ere jaten dute. Era berean, basoko fruituak dira beren elikagai nagusi.  

Goroldioa, basoan bildutako ahabiak, elur-oreinak, 22 egun eta 464 km. Nolako gorputzaldia gelditzen da horrelako abentura bizi ostean? «Nekatuta amaitzen duzu», azaldu du Garazik, «oso gustukoa izan genuen esperientzia, baina atseden hartzeko beharrean ginen».

Bide berriei begira dago familia, orain, eta gertu zein urrun, ziur, hamaika abentura biziko dituzte elkarrekin.

Jaurlaritza Logoa