Live

Eli Pagola

Zergatik kontserbatu natur ingurunea?

Zaurgarritasunak karakterizatutako bizimodu azeleratuko garaietan nekez lor daiteke patxada aldi honetako eztabaidagai nagusiei heltzeko. Gizakiaren eta naturaren arteko harremana da auzi handi horietako bat, eta inguruarekiko konprometitutako herritar moduan, bete-betean eragiten digu.

Audio_placeholder

Zergatik kontserbatu natur ingurunea?

Loading player...
Arturo Elosegi (UPV/EHU) Unai Paskual  (@BC3Research  ) Aitziber Sarobe (MU)  Asier Gutierrez (Goiener) 'Natur ingurunearen kontserbazioa XXI. mendeko gizartean' mahai inguruan
Arturo Elosegi (UPV/EHU) Unai Paskual (@BC3Research ) Aitziber Sarobe (MU) Asier Gutierrez (Goiener) 'Natur ingurunearen kontserbazioa XXI. mendeko gizartean' mahai inguruan (UEU )

Zergatik da garrantzitsua natur baliabideen kontserbazioa? Zein arrisku du inguruaren aisialdirako erabilerak? Turistifikazioak gure lurraldea eralda dezake? Zein erregai izango da etorkizuneko motorra eta nola eskuratuko dugu Euskal Herrian?  Azpiegitura handiek lurraldea ardaztu dezakete ala xehetu egiten dute? Gure bizimodua interpelatzen dute galdera horiek, are gehiago haien erantzunek. «Natur ingurunearen kontserbazioa XXI. mendeko gizartean» izenburupean, tamainako eztabaidagaiaren neurriko hausnarketa osatu zuten Natur Zientzien Topaketen azken edizioan, alegia, 5.ean, lau adituren artean. Hizlari aritu ziren Aitziber Sarobe Egiguren (HUEZI), Arturo Elosegi Irurtia (Biologian doktorea), Unai Pascua Garcia de Azilu (BC3) eta Asier Gutierrez Lasa (Goiener) Aitor Salaberriaren gidaritzapean. Udako Euskal Unibertsitatea eta Euskal Natura izan ziren ekimenaren antolatzaile.

Salaberriak mahaigaineratutako korapiloak pixkanaka askatze eta teoria lurreratze lanetan gako oso interesgarriak jo zituzten lau hizlariek, izan adostuak, izan gatazkatsuagoak. Egoeraren diagnostikoarekin hasi ziren, tokiko adibideak eta errealitatea josiz. Hala heldu zen lehen galdera handia: “Zergatik kontserbatu natur ingurunea?”. Elosegik argudiatu zuenez, «ingurune osasuntsua ezinbestekoa da bizi kalitate duina izateko» eta, osatu zuen esanez betebehar handia dugula geure buruari mugak jartzen inpaktuak gutxitzeko. Sarobek azpimarra egin zuen natur inguruneen nolakotasunean, zeren, «gaur direna kontuan izanda, ez luke izan behar «naturalak», baizik eta parke kulturalak, lehenesten ari dena delako historikoki izan duten erabilera hori eustea eta bermatzea, ez kontserbatzea». Kritikatu zuen ingurune naturalen kudeaketaren helburua ahalik eta etekin handiena ateratzea dela (etekina dena delakoa dela ere) eta, zerbitzu ekosistemikoekin justifikatu ezean, jarduerek ez dutela baliorik kudeatzaileen begietan. Pascualek bide beretik segi zuen eta, gehitu, «marko utilitarista» batean mugitzen garela eta zientziak baduela baliabiderik pentsamentu eurozentrista horretatik aldentzen laguntzeko.

Kontserbazioari begira, beste adar bat zabaldu zuen Elosegik, eta klima aldaketa kontzeptua mugatzailea izan daitekeela salatu zuen, izan ere, klima larrialdia «aitzakia ezin hobea» delakoan dago ezer ez egiteko, aldiz, administrazioek kausa zehatzagoei erreparatzea eskatu zuen, horien gainean eskumenak argiagoak direlako, landare inbaditzaileetan, kasu.

Salaberriak zabaldu zuen beste gai bat izan zen aisialdiarena, natur kontserbazioaren ikuspegitik kezka iturri izan daitekeen esparrua. Pascualen iritziz, aisialdia baino, aisialdi eredua da arazoa eta hori da problematizatu behar dena. «Dena da espektakularra, natura espektakulu bihurtu dugu eta naturguneak parke tematiko. Hori ez da bat-bateko istripu bat, baizik eredu hau bultzatu duten eragile, politikari eta enpresa dominatzaileen interesen ondorio bat».
 
Natur kontserbazioa eta energia sorkuntza gaiari heldu zion Gutiérrezek, galdera zuzena iritsi baitzitzaion: Nola antolatu energia sorkuntza kontserbazioarekin bat egin dezan? Gutiérrez argia izan zen eta beste galdera batekin erantzun zuen: «Prest gaude % 50 murrizteko?» Goienerreko kideak nabarmendu zuenez, «oraintxe, ezin gara eoliko eta nuklearrik gabe bizi eta kontserbazioaren eta energia sorkuntzaren arteko oreka topatzea oso zaila da». Bide horretan, oinarrizko baliabide bat enpresa handien eskutan uztea gaitzetsi zuen eta, trantsizio justu batera bidean, komunitate energetikoak aldarrikatu zituen «herritarrek energia deszentralizatua sortzeko tresna egokiak baitira».

Mahai-inguruak gehiagorako eman zuenez, datorren Gelditu Makinak saioan jarraituko dugu Sarobe, Pascual, Gutiérrez eta Elosegiren arteko solasaldiarekin.

Jaurlaritza Logoa