Live

Eli Pagola

«Lurraren defentsarako eraginkorrak izan daitezke desobedientzia, okupazioa edo ekintza zuzena»

Lurzorua beti izan da elementu preziatua. Abestiak iradokitzen du abere asko dituena dela aberatsa baina, lirika gutxiko mundura begira, aberatsek, abereak baino, lurrak dituzte. Prozesuak ez dira atzera-ezinak baina, borroka estrategiak askotarikoak izan daitezke. Horren adibide da OSTIA.

Audio_placeholder

«Lurraren defentsarako eraginkorrak izan daitezke desobedientzia, okupazioa edo ekintza zuzena»

Loading player...
Hartzea Lopez
Hartzea Lopez (Hartzea Lopez )

OSTIA, Ipar Euskal Herrian antolaturiko sare bat da, laborantza lurraren defentsaren alde, lurren artifizializazioaren aurka eta lur eta etxe espekulazioaren aurka borrokatzeko xedea duena. Arbonan sortu zen 2021eko udan, ELB eta lurzaindiak, bi hilabetez, okupazioa antolatu zuten eta BOST izeneko sustengu talde bat sortu zen okupazio hori kudeatu eta defendatzeko.Okupazioa amaitutzat ematean, BOSTekit OSTIAra egin zen jauzi. Sarearen xede nagusia da, orokorki, espekulazioaren bueltan eta zehatzago lur kontetan sare bat aktibatzea eta sustengo izatea hainbat dinamika lokalei. OSTIA kolektiboko kidea da Hartzea Lopez, Gelditu Makinak saiora gonbidatu dugu.


Laborantzarako balio handiko lurrak babestea duzue jomugan?

Eremu naturalak babestea eta espekulazio inmobiliarioa etetea ere bai. azkenean, gai guztiak lotuak dira: lurra, elikadura, etxebizitza… Ipar Euska Herrian badugu urte asko lurraldea turismoari saltzen zaiola, gero eta aberats gehiago etortzen da. kostalde osoa porlanez betea dugu eta, orain, barnekaldeko lurrak ari dira jaten; 2. etxebizitzaren arazoak ditugu, airB&B bezalako alokairuenak eta lur aberatsak gero eta gehiago ari dira galtzen artifizializazioa dela eta. Hori frenatzeko nahian ari gara beste hainbat eragilerekin, okupazioa eta ekintza zuzena ardatz izanik, borrokak irabazteko.

Lurraren artifizializazioa eta espekulazioa barnebiltzen dituen kausa da. Zein arrisku nabarmentzen dituzue?

Alde batetik, lurraldeari halako espezializazio bat ematen dio. Ipar Euskal Herria, Frantzia mailan, lurralde atraktiboada: kultura polita, itsaso eta mendi artean… Dirudunentzat jokaleku errez bat da salerosketarako. Urtez urte handitzen joan da fenomeno hori eta gaur egun bilakatu gara Kalifornia antzeko leku bat. Sozialki hemen bizi nahi izateko eta alokatu edo erosteko diru asko ukan behar da eta, horrek, jendearen gehiengoa penalizatzen du, bertako jendeak zailtasun asko ditu bizileku bat izateko.
Bestalde, lurren ustiaketa dugu. Hor ere kapitalismoak du agintzen eta laborantzari lotutako lurrak galtzen ari zaizkigu hektareaz hektarea.

Salmentak eta eraikitzeak ekiditeko zenbait okupazio ekintza egin dituzue. Zer nolako erantzuna izan duzue? Jende asko eta adin tarte zabalekoa topatu izan dugu zuenean.

Okupazio horiek beti dira momentu azkarrak. Ez gara bakarrik horien antolaketan, beti ere bada antzinetik herrian bertan talde bat kezka bat agertzen duena eta Lurtzaindiarekin lotura egiten duena. Ondoren, gerta daiteke erabakitzea salmenta hori eragozteko okupazioa behar dela egin. Beraz, sartzen garen egunetik bagaude hainbat eragile horren antolakuntzan. Batzuetan, okupazioak ez du eragin aski helburuen lortzeko, beraz, aitzinetik ongi behar da pentsatu norengana jo nahi dugun, nori eskatu behar diogun zer eta ekimenak prestatu xedeen lorpena segurtatzeko.

Lurren defentsan ez dira, ordea herritarrak eta laborariak bakarrik antolatzen, nolabait lortzen da sentsibilitate desberdineko jendea aktibatzea.

Lehenik eta behin, bertako herritarrak dira mobilitzatzen direnak eta eurek dute iniziatiba handiena hartzen. Gero, «herri bat, egun bat» dinamikak hurbilarazten du hainbat jende («herri bat, egun bat» dinamika: 24 orduko txandak herrien esku okupazioa ahalik eta gehien luzatzeko). Ez da perfil bat, lurrari atxikiak garen jende orori irekiak diren dinamikak dira eta ikusten dugu, horrek, ehundaka lagun ekartzen dituela.

Hemen, etxebizitza eta lurraren problematikak hartu duen garrantziarekin badaude hainbat kolektibo, elkarte eta alderdi horretan lanean ari direnak eta bada harreman bat denen artean.

Okupazioetan ez duzue jarraibide zehatzik, nahiko irudimentsuak direla esan daiteke. Arbonaren kasuan Lurrama bertara eraman zen, Senperen «herri bat, egun bat» ekimena eta Mairieniaren kasuan higiezinen egoitzan lurra zabaldu zen maketa gainean.  

Aski berriak gara eta eginez ikasten dugu. Aktibismoari lotuak gara eta hori konturatu gara, baitezpada, momentu baten buruan ez dela bakarrik horrekin egin behar. Beraz, orain urtean behin egiten dugu bil lana eta datorren urterako perspektiben egun oso bat begiratuz zer nola norekin egin daitekeen. Argi duguna da, izan desobedientzia, okupazioa edo ekintza zuzena, tresna horiek nahi ditugula garatu eta badakigula, ongi eginez gero, eraginkorrak izan daitezkeela.
Ikusi behar da zer kapazitate eta logistika dugun eremuaren defentsarako, deia egiteko, okupaziorako eta lur horiek suntsitu nahi dituztenei argi adierazi, behin etortzen bagara, beste behin ere etorriko garela lanak hasten badira. Marieniaren kasua gero eta ezagunagoa egiten ari da eta ez dugu utziko lanak burutu daitezen. Prestakuntzan ari gara Marienia izan dadin betirako laborantxa lur bat.

Ostiako lau kide epaituko dituzte martxoaren 12an. Nola prestatzen ari zarete epaiketa?

2022ko abenduan egin zen ekintza eta urtebetera etorri ziren poliziak lau kideren etxeetara epaiketa baten menturan. Bi gauza plazaratu nahi ditugu: alde batetik, errepresioa jasaten duen jendea ezin dugula bakarrik utzi eta, beraz, behar dugula azkarki mobilizatu atxiloketa bat edo epaiketa bat dagoen bakoitzean. Bestetik, erronka nagusia dela Marienia ez eraikitzea eta hori lortzeko ez du bakarrik eragile batek indar aski ukanen. Berriz deia izango da batasun batena bataila hori denek elkarrekin lortzekoi. Nahi dugu aurrekari bat izan dadin: gaur egun gai baldin bagara elkarrekin multinazional baten asmoak geratzeko, gerora beste leku batzuetan ere gai izango gara. Ikusiko dugu zertan den Marieniakoa. Momentuan egiten ari garena da dei zabal bat martxoaren 12ko epaiketara, Baionara, jendea etor dadin.

Okzitanian eta Frantzian Lurraren Altxamenduen kontrako errepresio handia ari da izaten. Euskal Herrian eragingo al du?

Zaila da erratea. Konturatzen garena da gobernuak baduela tratamendu desberdin bat parean duenaren arabera. Adibidez, azken aste hauetan laborariak biziki azkar mobilizatu dira Frantzia osoan ekintza aski ofentsiboak eramanez eta gobernuak, nolabait, adierazi die legitimoak direla eta ez dela errepresiorik egongo. Gero bada beste tratamendu arrunt desberdin bat mugimendu ekologisten kontra. Gauza da ekologismoa eta nekazaritza arrunt lotuak direla eta borroka gehienetan, ekologista edo laboraria izan, biek batera parte hartzen dugula. Marieniaren kasuan, bai ELB bai FDSEA, beraz, IEHko laborantxa sindikatu nagusiek adierazi dute Marieniaren artifizializazioaren kontra direla. Ikusiko da auzitegiek nola erantzungo duten.

OSTIAtik esan duzue obrak hasiko balira egin ahalak egingo dituzuela oztopatzeko. Zuen izenari ohore egin eta tematsu eutsiko diozue?

Bai, eta batez ere, ez bakarrik. Datozen hilabeteetarako ari gara beste eragileekin bideorri bat prestatzen, baldin eta kasu txarrenean lanak hasiko balira, nola erantzungo dugun erabakitzeko. Ekintza kontsentsu bat. Pixka inspiratzen gara Frantziako Lurraren Altxamenduetatik eta bertan diotenarekin bat egiten dugu: borroka bat ez da bakarrik erradikal izaten irabazten, ezta erabat bigun izanez ere baina bada oreka bat atxemateko eta denek elkarrekin bat egin behar dugu edozein obra inutil oztopatzeko. Zabaltasun horretan badira hainbat aukera egunez edo gauez.

Lurren espekulazioari aurre egiteko zer beste bide daude? legalak, juridikoak, sozialak…

Sokaburu guztietatik tiratzea. Marieniaren kasuan, esaterako, bada abertzaleen eta hautetsien lana, ekologistena, abokatuena, molde ofentsibo batzuekin jardun nahi dutenena… Osotasun horrek egiten du indar harreman bat eta pareko botereak ez daki ongi nola egin horri gelditzeko, nolazbait, olagarro bat baduelako aurrean hainbat tentakulorekin. Beraz, horren eraikitzea da niretzako inportantea. Euskal Elkargotik mozio bat aurkeztetik Bouyguesen bulego bat okupatzera, abaniko horretan sartzen den orok balio du. Helburua bada obrak ez egitea, aktibazio guztiak behar dira eraman eta ez kontrajarri.

Jaurlaritza Logoa