Live

Iseo & Dodosounden, Liberen eta Gorka Urbizuren berrienak aste honetako ‘Zarata’ tartean

Labetik atera berritan lau kantu ekarri dizkigu Iker Bárbara Zarata Mondo Sonoro aldizkariko zuzendariak. Arestian aipatutako hiru taldeenak eta The Wizards taldearena ere bai. Interesgarri hasi da 2024a.

Audio_placeholder

Iseo & Dodosounden, Liberen eta Gorka Urbizuren berrienak aste honetako ‘Zarata’ tartean

Loading player...
‘Otzan’ kantua da Libek disko berriaren bigarren aurrerapen kantu gisa hautatu duena.
‘Otzan’ kantua da Libek disko berriaren bigarren aurrerapen kantu gisa hautatu duena. (Itziar ANTIA)

Gauza askorik ez, baina atera dena maila oso altukoa izaten ari da Euskal Herrian. Horren adibide batzuk ekarri dizkigu astearte honetako ‘Zarata’ tartera Iker Bárbara kazetari bilbotarrak.

Gorka Urbizu - Toki bat

«Esperotako mailako zerbait atera du Gorka Urbizuk. Oso fin eta ongi egindako diskoa dela argi dago eta bideoklipean ikusten diren elementuek ere argi erakusten dute nondik eta nora ibili den», kontatu digu bilbotarrak.

Libe - Otzan

Pasadenari bukaera eman ostean, bakarkako bidera itzuli da Libe García de Cortazar musikaria: «‘Azal ezten’ diskoa aterako du urtarrilaren 25ean eta aurrerapen kantu hau Zarata Mondo Sonoron estreinatzeko aukera izan dugu. ‘Alde iluna’ izeneko zigiluarekin aterako du diskoa eta alde ilun hori badu Liberen musikak ere. Bi aurrerapen kantuak indartsuak izan dira eta diskoa ere halakoa izango dela espero dugu». 

Iseo & Dodosound - Ahora sé

‘En la tormenta’ izeneko diskoa aterako dute Iseo eta Dodosoundek aste honetan bertan eta ekaitz giro hori badu kantu honek ere: «Loroak eta halako animali tropikalen soinuak baino ez zaizkio falta kantu honi oihaneko ekaitz tropikal batean erabat murgildu gaitezen. Bitxia da biko honek egiten duena, izan ere abesti guztiak edo ia denak bukleetan oinarritzen dira, baina elementuen erabilera hain da ona, gorputza martxan jartzen digutela beren doinuekin».

The Wizards - The Exit Garden

«70etako eta 80etako hasierako metala lantzen duen talde klasikoa da The Wizards eta disko berria maiatzaren 22an kaleratuko dute. Black Sabbath bezalako taldeen eragina nabarmena da eta lan honetan ere bide horri eutsiko diotela dirudi, aurrerapen kantuak hori iradokitzen digu behintzat», bukatu du Iker Bárbarak.

Jaurlaritza Logoa