Zuzenean

‘Azal ezten’ edo iluntasuna nola besarkatu Liberen eskutik

Libe Garcia de Cortazar (Bilbo, 1981) Neubat taldean ezagutu genuen askok, Sorkunekin ere aritu zen ‘Duna’ diskoan, eta, beranduago, Izaki Gardenak taldean edota Pasadenan entzun dugu. 2014an eta 2017an atera zituen, ordea, bakarkako bere bi diskoak. ‘Azal ezten’ dator orain, Pasadena bukatu berri.

Audio_placeholder

‘Azal ezten’ edo iluntasuna nola besarkatu Liberen eskutik

Loading player...
‘Azal Ezten’ izena darama Libe musikariaren disko berriak.
‘Azal Ezten’ izena darama Libe musikariaren disko berriak. (LIBE)

Soinu iluna duen diskoa da inondik ere Liberen ‘Azal ezten’ diskoan aurkituko duguna. Elektronikaz baliatu da hein batean horretarako, baina instrumentu organikorik ez da falta bere hirugarren lan luze honetan. Dani Arrizabalaga, Jon Basaguren Aitor Garcia de Vicuña eta Ander Sevilla izan ditu bidelagun Libek lan honetarako, rock atmosferiko iluneko diskoa osatzeko.

Zortzi abesti giro, geruza eta testuraz betetakoak dira lana osatzen dutenak, hitz sakonak eta landuak dituztenak. La Mina estudioan izan dira, Granadan, Raul Perezen gidaritzapean lanean eta emaitzarekin gustura itzuli ziren handik. Zalantzak, otzantasuna, norabide eza, ametsen mundua, kemena, akelarre moduko bat eta denboraren joana dira abestietan aipatzen dituenen artean topatuko ditugunak. 

Alde ilunA izeneko zigilua ere sortu du disko honetarako, autoekoizpenean hasi da gisa honetara egun Gasteizen bizi den musikaria. Diskoaren diseinuaz bera arduratu da eta iluntasun horri kontrastea eman dio kolore eta jantzi argiekin. Kontrastea bistarako, baina argi utziaz hor ere iluntasunik badela.

EHZn zuzenean

Zuzenean hainbat kontzertu eman ditu Libek azken hilabeteotan. Lemoako gaztetxean, Jimmy Jazzen, Arrasateko Kooltur ostegunetan, gaztetxean, Villabonako Sahrijain, Alegiko gaztetxean edota Abadiñoko Amarauna arte fabrikan. Momentuz dakigun hurrengoa Arberatzen izango da, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren baitan, ekainaren 29an. Anari, Gorka Urbizu, Lysistrata edota Su Ta Gar  izango ditu oholtzan lagun egun horretan Libek eta sarrerak dagoeneko eskuratzeko moduan daude, bai jaialdi osorako eta baita egunez egunekoak ere. 

Bitartean, entzun NAIZ Irratiko MusikHaria saioan izan genuen elkarrizketa eta diskoa bera, eta besarkatu iluntasuna ‘Azal ezten’ horrekin.

Jaurlaritza Logoa