Live
«Proiektua euskarara bideratu eta nire estiloa topatu nahi izan dut, eta oso pozik geratu naiz»
Erritmo jostariz beteta dator ‘Katuzaldia’ diskoa, EZEZEZ taldearen bigarrena eta aldaketa dezenterekin datorrela esan daiteke. Unai bera hasi zen guztiak kateatzen, Eneko Ajangiz lehendabizi eta Mikel Irigoien eta Alvaro Olaetxea batu zituen gero proiektura.
«Proiektua euskarara bideratu eta nire estiloa topatu nahi izan dut, eta oso pozik geratu naiz»
Gabon Unai, zer moduz?
Oso ondo.
Zu hasi zinen pixkanaka denak kateatzen, eta azkenean denak zurekin.
Ni bakarrik hasi nintzen gero talde bat sortzeko ideia argiarekin. Nire zirkuluan ez dira hain musikazaleak diren pertsonak egon, ez behintzat instrumentu bat jotzeko bezain besteko gogorik duenik. Hortaz bakarrik hasi nintzen bidean taldea topatuko nuelakoan, eta oso ondo irten zait guztia.
Taldearen izena daraman kantu batekin hasten da diskoa. Zuengana gerturatzeko gonbidatzen duen abestia da, gainera. Kontzertuak honekin hasiko dira?
Nik ideia hori bota nuen taldean eta, gainera, kontzertuak ere honekin amaitzea proposatu nuen. Baina pixka bat arraroa zela iruditu zitzaien hasieran eta bukaeran kantu bera jotzearena eta probetan gabiltza. Diskoan, ordea, bada ongi etorri bat. Ondo pasatzera gonbidatzen ditugu entzulea.
Aldaketa nagusi bi daude disko batetik bestera lehen bistan. Bata, izenburu laburra aukeratu duzuela eta, bestea, erabat euskaraz egin duzuela. Zein unetan erabakitzen duzue ingelesa utzi eta euskarara pasatzea?
Oso natural eman da aldaketa. Letrak nik idazten ditut, ni hasi nintzen euskaraz idazten eta denak ados egon dira. Hasieran ingelesez idazteko beste askatasun bat ematen dizu nahi duzunari buruz hitz egiteko, eta, gainera ingelesez entzun izan dut ia musika guztian. Baina nire burua euskarara bideratu nuen, nire estiloa topatu nahi izan dut eta oso pozik geratu naiz atera zaidan horrekin.
Berriz ere Eneko izan da konplizerik handiena edota talde bezala gehiago funtzionatu duzue sortzerakoan?
Talde moduan lan gehiago egin dugu, baina bai, batez ere Eneko da makinaria guztia martxan jartzen duena ekoizpenerako.
Ez nuen gogoratzen Enekok eta biok unibertsitatean ezagutu zenutela elkar.
Aurretik ere ezagutzen ginen arren, unibertsitatean gehiago lotu ginen, baina sei hilabeterako nik karrera utzi nuen, kar-kar.
The Strokesen mundua ikusten dut lehen abestian, Placebo pixka bat ere bai, zergatik ez. Erreferenteak asko aldatu dira disko honi begira edota besterik gabe inkontzienteki landu duzue dena erreferentziarik kontuan izan gabe?
Ez nuke esango aldatu direnik, baizik eta berriak daudela esango nuke. Orain ez gaude bi bakarrik lanean, lau gara. Aurreko diskoan Eneko eta biok ibili gara lanean eta, batez ere, nire erreferenteak izan ditugu presente. Oraingoan Mikelek riff berri bat ekarri du edota Alvarok erritmoren bat, eta horietan haien erreferenteak daude. Nabaritu daiteke bide hori edota ideien zabalkuntza hori kantuetan.
‘Dutxita’ kantua NAIZ Irratiko uhinetan aurkeztu zenuten. Orain, disko osoa entzunda, diskoan hartzen duen pausa, zer nolako ekoizpena duen eta xehetasun gehiagoz jabetu gaitezke. Baina, batez ere, zeinen maitasun abesti bitxia den.
Guztiz maitasunari lotutako kantua da bai. Maitasun abesti bat egin nahi nuen baina ez ñoñoa. Hortaz, dutxan denbora pasatzearen ideia hori etorri zitzaidan, edota irten, zikindu eta berriz ere itzultzearena.
Baxuak halako marrazki polit bat egiten du baita. Bakoitzak bere esparruan esperimentazio tarte zabala hartu duela iruditu zait lan honetan, ezta?
Guztiz eta abesti honek hori ondo islatzen du hori. Zenbat eta gehiago entzun eta are eta gauza gehiago entzuten dituzu, elementu oso txikiak dituelako eta kantuan sartu arte akaso ez zarelako ohartzen. Abesti hau Mikelen gitarra riff batetik abiatu zen eta baxua nik hartu nuen. Kontua da nik ez dakidala baxurik jotzen, trasteak oso handiak egiten zaizkit eta sokak oso lodiak, hortaz oso nota altuan eta sokarik meheena joz sortu zen hau. Enekok teklatuak jo zituen eta hogei minututan sortu zen hau guztia.
Eraikuntza lanak ere egin behar izan dituzue abestietan eta horren adibide garbia iruditzen zait ‘Marmitako’.
Hau kristo bat izan zen. Lehenengo elementua alarma soinua egiten duen gitarra hori izan zen. Entseatzen ari ginela egin nuen soinu bat izan zen hori, abestien artean gitarrarekin soinu hori egin eta zerbait zegoela ikusi genuen. Asteak eman genituen ideia horri bueltaka. Egitura bat bilatzea zen zaila eta melodia bat sortzea ere bai, erritmoa segituan sartu baitzion Alvarok.
Asteak eman genituen ideia horri bueltaka. Egitura bat bilatzea zen zaila eta melodia bat sortzea ere bai, erritmoa segituan sartu baitzion Alvarok.
Nahasketa handia duen kantua izanik, erreferentziak ere beste hainbeste izango ziren.
Alvarok dio Idles taldea etortzen zaiola burura, baina ni ere galduta nago abesti honekin, ahotsaren melodia, rap edo hip-hop mundura ere sartzen gara… Normala da zu ere galduta egotea.
Letrari dagokionez, gizon molde zaharkituei eginiko kritika bat izan daiteke, baina akaso justu kontrakoa den munduan zabiltza eta norbait nabarmendu nahi izan duzu.
Polita da diozun ideia hori. Etorri zen lehen hitza marmitako bera izan zen eta gero txipiroi etorri zen. Gauza da nik zentzua eman behar niola gero horri guztiari eta nire amama etorri zitzaidala burura. Amamarekin daukadan erlazioa oso kalekoa da, beti brometan gabiltza, oso erlazio polita da. Berak esaten dizkidan kontuak dira bizarra moztearena, kotxino nagoela, txukun janzteko eta abar luze hori. Behartuta sartuta dauden kontuak dira akaso, baina niretzat zentzua daukate.
Erritmo frenetikoa duen kantua da ‘Zikin’. Hemen bai ez dudala inondik inora topatu zein zen transmititu nahi zenuen mezua.
Kontu erdi abstraktuak dira nahiz eta niretzat zentzua baduten. Idazten dudanean pertsonaia baten ideia izaten dut buruan. Hemen tabernan egunero egoten den eta dena dakien horri, beti berari kasu egiteko beharra sentitzen duen horri, idatzitako kantua da. Baina, aldi berean, kontatu nahi izan dut oso erreza dela zu zeu pertsonaia horretan bihurtzea. Ni neu konturatu naiz pertsona horretan bihurtu naitekeela eta hori guztiz aldatu nahi izan dut. Libre izan baina ez eman turrada besteei. Hala ere, enpatia puntu bat ere badago, ni pertsona horri aldatzen laguntzeko prest agertzen naizelako, nahiz eta nitaz aprobetxatzen ez diodan utziko. Hori da ideia nagusia.
Hau zer da, zure zerbitzari garaiko gogoeta bat?
Izan liteke, bai!
Ekoizpen orokorrean, Urtzi Iza zuen ondoan egon da?
Ez, Urtzi ez da egon. Alvarok Urtzirekin partekatzen du lokala eta bertan aritu gara, baina Urtzi kanpoan egon denean aprobetxatu dugu, bestela ezinezkoa zelako, egunero lan eta lana ibiltzen baita bertan. Baina gomendioak eskatu dizkiogu, eman dizkigu eta abar, baina eskurik ez du sartu. Eneko izan da lan gehien egin duena, Alvarok ere lagundu du, baina denon artean egindako zerbait izan da.
Nola grabatu duzue, denak elkarrekin edo zatika?
Bada, abestiaren araberakoa izan da. Abestiren batean dena zuzenean grabatu dugu, energia hori batzeko diskoan. Bakarka hainbeste ez, akaso baxua eta bateria elkarrekin eta gero gitarrak beste alde batetik ere grabatu ditugu. Enekok nire gitarra batzuk grabatu ditu, abesti batzuk klaketarekin eta besteak ez… kaotiko samarra izan da, denetarik egon da.
Eta gero lanean jarraitu behar grabatu ostean.
Bai, postprodukzioa nahikoa lan latza izan da. Enekori gauzak oso txukun egitea gustatzen zaio eta prozesu oso luzea izan da postprodukzioarena.
Atzetik, ordea, beste buruhauste bat ere sortzen da. Nola eraman hau guztia zuzenekoetara?
Noski, eta hortxe gaude oraintxe, ikertzen hori nola egin. Durangoko Ahotseneako kontzertua hirugarrena izan zen eta uste genuena baino hobeto joan zen hura. Bada prozesu arraro bat, diskoan entzuten denarekin zenbateraino izan fidela, edo zenbateraino ez dizun ardura aldaketa horrek… Lau gara eta denon artean ipini behar gara hor ados. Baina nahikoa pozik gaude hor, dena fintzeko bide horretan gaude, setlistak prestatzen ere bai… baina txukun ari gara.
Lau gara eta denon artean ipini behar gara hor ados. Baina nahikoa pozik gaude hor, dena fintzeko bide horretan gaude, setlistak prestatzen ere bai… baina txukun ari gara.
Durangoko Azokako zure bideoa ikusi duzu?
Ikusi nuen bai! Eskaileretatik behera bota nuen nire burua eta Alvarok ez zuen zuzenean ikusi.
Bai, oso komentatua izan zen hori, baina taldekideek hain natural ikusi zutenez guztia ez omen ziren gehiegi arduratu.
Bada Alvarok ez zuenez ikusi, bila ibili ginen zuzeneko bideoan, baina kameretatik kanpo geratu zen.
Disfrutatzen bazabiltza, baina Unaik hain denbora gutxian horrelako bidea egingo zuenik imajinatzen zuen? Hiru disko hiru urtetan, kamisetak alde guztietan ikusten diren, Durangoko Azokan stand propioarekin…
Keba, nik ere askotan flipatu egiten dut. Lehen diskoa ateratzearen helburua gordeta nituen kantak gainetik kentzea zen. Entzun zitzala nahi zuenak eta ez baditu inork entzuten, niri bost. Eta orain hemen gaude, hiru disko hiru urtetan, bakarkako bigarren diskoa ere dagoeneko prest daukat baina kaleratze datarik gabe, beste mila abesti ere badaude sortuta… dena oso frenetikoa da.
Eta denbora nondik ateratzen duzu?
Hori diot nik ere, ea zer ostiatan nabilen, gero estresatuta egunero!
Bi proiektuetarako sortzen ari zaren uneak errez desberdintzen dituzu? Hau galdetu dizut, ‘Arrantzalemarinero’ izan zitekeelako Unairen kantu bat eta ez EZEZEZena.
Orokorrean bai, baina badira une batzuk badira mugan ibiltzen naizenak, lehen gehiago bi proiektuetan ingelesez ari ginelako. Bada abestiren bat, ordea, taldearentzat edo bakarkakorako den zalantza egiten dudana, edota bakarkako proiektura bideratzen ditudanak taldearekin ez ditudala aprobetxatzen iruditzen zait batzuetan. Hondakinen kutxa moduko bat dela iruditzen zait Unairen proiekturako gordetzen ditudan kantuak eta hortik disko bat ere aterako da, baina orain EZEZEZentzat saiatzen naiz gauza gehiago prestatzen. Dena dela, egia da oraintxe bertan dinamika oso desberdin batean nabilela eta sortzen dudana niretzako gordetzen dudala, taldearentzat denon artean sortzea nahiago dudalako.
Postprodukzioaz hitz egin dugu elementuen gehitzeaz eta aritu garenean, baina nahasketetan zenbat ordu pasa dituzue?
Sekulako denbora pila. Momentu batean deskonektatu egin nuen, Enekoren kontuekin eta Alvarorenekin, nahikoa geneukan. Baina bai, denbora asko izan da. Esaterako, aipatu dugun abestian, errepika sartu aurretik badago halako beste abesti txikitxo bat, ez duena toki hartzen, baina behar genuen tokia hartzea. Hor Enekok buruhauste handia izan zuen, baina polit lotu zuela guztia esango nuke.
‘Txakurtxo’ kantura iritsita, nire buruari esan diot zuek abesti bat oso garbi utzita ez zaudetela oso eroso. Hori horrela da?
Bada, agian arrazoi duzu. Nire bikoteari ‘Marmitako’ erakutsi nionean gauza bera esan zidan.
Tronpeta negarti bat ere sartu duzue abesti honetan.
Tarisko taldeko Kike Heredero etorri zen hau grabatzera. Bere etxera bazkaltzera joateko gonbidapena luzatu zigun eta handik bueltan estudiora itzuli ginen. Berarekin batera tronpeta ekartzeko esan genion eta sekulako soloak bota zituen azken zati horretarako. Guk hartu, zikindu, distortsioa eman, alderantzikatu… denetarik egin genuen grabatutako horrekin. Bere tronpeta txukun horiek txikitu egin genituela esan daiteke.
Kantua txakur bati eskainia dago? Diot, bigarren zentzu bat ere topatu diodalako kantuari.
Bada, ez dakit zer neukan buruan. Abestia lehenengo diskoa kaleratu genuenerako eginda zegoen, baina ez zeukan izenbururik. Setlistean jartzearren txakurtxo deitu zuen norbaitek eta, orain, letrak idaztean eta prozesu guzti honetan, konturatu naiz txakur baten inguruan izan daitekeela, nahiz eta nik ez nuen horretan pentsatu idazterakoan.
Orain arte aipatu ez dugun beste kontu bat, kantuen izenburu denak diminutiboan jarri dituzuela da.
Hori berez niri grazia egiten didan lelokeria bat baino ez da. Nik ez dut Euskal Herrian beste talderik ikusi gisa horretara izendatzen dituenik hainbeste abesti. Gure historian beti izan dira izen pisutsuak, sakonak, hitz gogorrak… Bada guk alderantzizko bidea hartu dugu, ‘Etxetxo, ‘Txakurtxo’, ’Eztitxua’…
Eta ’Bxotz’ ere bai. Nori zuzendutakoa da?
Zuk zeuk norbaiti zerbait adierazko erabili dezakezun abesti bat da. Nik neuk badaukat pertsona hori eta hari bideratuta dago, baina modu globalago batean gura izan dut egin, denek enpatia eduki ahal izateko ideia horri. Beste pertsona baten bihotz handi horri egiten diot erreferentzia, nola zaintzen zaituen edota tratatzen zaituen ikusten duzu eta horretaz oso harro zauden unean dago idatzita.
Beste pertsona baten bihotz handi horri egiten diot erreferentzia, nola zaintzen zaituen edota tratatzen zaituen ikusten duzu eta horretaz oso harro zauden unean dago idatzita.
Baina musikalki beste kontu bat da, deskolokatu egiten zaitu, halako soinu martzianoak dituelako.
Hau etxean grabatuta dago. Beti gustatu izan zaigu lo-fi soinuak sartzea, nahiz eta aurreko diskoetakoak askoz ere lo-fiagoak ziren. Buelta bat eman nahi izan genion eta baxua eta bateria ere gehitu, baina ez genuen argi ikuste. Beste tiraderan gordetzeko aukera ere bazegoen, baina euskaraz egite horrek justifikatzen zuen hemen sartzearena. Diot, oso istorio espazialetan eta sartuta nabilelako, soinu arraroen moduan, hortaz berez zentzu gehiago zuen beste proiektuan, baina hemen sartu nahi genuen.
‘Etxetxo’ kantuari sarrera kendu, eta kanturik garbiena da, delay, chorus eta reverb artean galduta.
Bai, hala da. Kantuaren sorrera errepikan dago eta oso melodikoa da. Oso polita iruditzen zait. Erakutsi nien eta honek estrofa zatar bat behar zuela uste nuen eta horretan sartu ginen lanean estudioan.
Bi buruko zaldia aipatzen da hemen. Bi buruko zaldi hori da ‘Katuzaldia’?
Izan zitekeen, baina ez dut horretan pentsatu. Ikusten duzun moduan denak zentzua beranduago hartzen du.
‘Etxetxo’ horren atzean zer dago, etxejabe izatearen ametsa?
Literalki bai, nahiz eta oso urrun ikusten dudan zerbait den. Baserri batean bizitzearen ideia hori, basoan… Baina bada gehiago zeure etxea zu izateari buruzko ideia horretan zentratzen den kontua. Basoaren ideiak fantasia pila bat ekarri zizkidan burura, ordea, eta guztiak bota nituen bertan.
‘Dariokdio’ ere oso fantasiosoa iruditu zait.
Hau nik atera nuen riff batetik abiatzen da. Etxeko apalategian zegoen liburu bati begira nintzen une horretan, ’El hombre que confundió a su mujer con un sombrero’ deiturikoa, eta zerbait abestu behar nuenez, nahikoa hitz bazituela ikusi eta horrela hasi nintzen. Ideia gustatu egin zitzaidan gero, ideia erdi errealista baina aldi berean surrealista zelako. Ikerketa psikologiko bat dago gai honen inguruan, baina ez baduzu ezagutzen oso arraroa da kontatzen den guztia. Fantasiaren ideia bat badago, izan ere liburuan aipatzen den gizon horrek egun batez bere emaztea kapela batekin nahastu zuen, baina bere bizitza nahikoa normala da gero.
70etara eramaten gaituen erritmika duen kantua, tambourinearen soinua… atzera begira jartzen gaituen abestia da.
Hau bada abesti Velveteroena, denbora guztian lurrean dago, hori da dagoena eta ez du ezer gehiagorik. Gezi bat da, aurrera doa eta ez da geratuko.
‘Mutiko I’ kantuak ere badu Velvet Underground taldearen zera hori, nahiz eta atmosferikoagoa bihurtu eta post rock ukituak izan. Baina zentra gaitezen mezuan; mundu honetan ez garela hain garrantzitsuak diozu.
Sandro Penaren poema euskaratu bat da. Bera poeta italiar bat da eta bere hainbat poema euskaratu ditut. Liburuetako baten atzeko azalean hau agertzen da eta asko gustatu izan zait beti. Akorde txiker hau atera zitzaidan eta poema hau etorri zitzaidan burura eta horrela atera zen.
Soinu oso berezia duen kantua da.
Aspaldi sortu genuena da. Egin genuen lehen diskoa izango da, aurreko diskoaren biran ere zuzenekoetan jotzen baikenuen. Horrela sortu zen hasieratik, ni Spacemen 3 bezalako taldeen unibertsoan nintzen sartuta, tremolotasunean, soinu leuna baina oso handia bihurtzen dena baitu talde horrek.
Tremoloa da hortaz jolas horretara bideratzen gaituenak?
Bada ez dakit azkenean horrela izan den eta hasierako hartatik oso fidelak garen. Badakit Enekoren soloetan bazegoela tremoloa, baina esan dudan moduan, Spacemen 3 da oso erreferente garbia.
‘Mutiko II’ kantuan, berriz, aurreko mutikoa hil dela iruditu zait.
Bai eta abestia bera ere hiltzen da mutikoa bezalaxe. Buelta asko eman genizkion abesti honi. Luzatu, laburtu, melodia desberdinak sortu ahotsetan, orain zuzenean beste zerbait abesten dut… Efimerotasun bat duen kantua da, edota aldagarritasun handia duena. Izan daiteke minutu bateko abesti bat edota bost minututakoa zuzenean.
Kontrapuntu ugari ere baditu.
Abesti berdina dira izatez ‘Mutiko I’ eta ‘Mutiko II’, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun banaketa hori egitea.
Euskarri fisikoa binilo urdin elektriko batekin dator. Diseinuan ez dut krediturik topatu, baina estiloz harena iruditu zaidanez… Ximon Agirrerena da?
Ez, neurea da. Baina ze ona hori aipatu didazula!
Esaten nuen aurtengo Durangoko Azokan hura izan delako presente, baina bere estiloan beti 3D moduko irudi fantastiko fluoreszenteak egon izan dira eta unibertso horretan kokatzen nuen hau.
Ze ona! Ximon makina bat da. Nahikoa kostatu zait niri ere diseinu hau egitea. Abestiak eginda zeuden, baina hari kontzeptualik ez zeukan honek guztiak. Hari hori edukitzeak diseinuan lagundu egiten du guztia, baina hemen paper zuri baten aurrean nintzen. Mila buelta eman nizkion guztiari hodeiaren ideia horretara iritsi nintzen arten. Pareidoliak alde guztietan ikusteko joera dut, denean ikusten ditut aurpegiak eta ’Katuzaldia’ ere horrela etorri zen. Hodeiaren kontzeptua etorri zenean, pertsonaia hor eraiki nezakeela ikusi nuen. Disko nahikoa iluna da eta aldi berean oso koloretsua, badu esperantza puntu bat, dantzagarria da… soinu ilunak dira baina argia da aldi berean eta laino honen setlista izan zitekeela ikusten nuen diskoa. Bere minak sendatzeko diskoa.
‘Eztitxua’ kantuarekin ere lotura egin daiteke beraz, nik abesti honetan porrot egin duen Hollywoodeko aktore baten irudia ikusten dudalako ‘Walk of fame’ delako horretan.
Irakurketa oso polita!
Baina zuk zer ikusten zenuen?
Gauza oso literal bat da. Nire egun oso bat definitzen du, garrantzitsua izan zen egun bat.
Egun garrantzitsuak badatoz, kontzertuak ere gainean direlako.
Abenduaren 22an Bilborocken izango gara, urtarrilaren 5ean Miranda de Ebron izango gara, Txopet taldearekin ere bai Bakion eta Xixonen ere bai. Gero otsailean Jimmy Jazzen, Arrasateko gaztetxean eta Bermeon ere baditugu kontzertuak. Eta gehiago ere etorriko dira.
Bada, goza dezazuela!
Mila esker!