Live

Eli Pagola

«Zerbitzu kulturalak aintzat hartzeak laguntzen du pentsatzen zertan ari garen eta nora goazen»

Ekosistema sistema biologiko bat da. Ingurune jakin bateko osagai fisiko eta bizidunek, eta elkarren arteko harremanek osatzen dute. Ekosistema osasuntsuak onura ugari dakartza, Baina zer eskaintzen eta hartzen dugu ekosistemetatik? 

Litekeena da gaur egun dauden mugak ekosistemak babesteko nahikoak ez izatea, planteatu dute ikertzaileek.
Litekeena da gaur egun dauden mugak ekosistemak babesteko nahikoak ez izatea, planteatu dute ikertzaileek. (Guillaume FAUVEAU)

Biologian doktorea eta, garapen iraunkor eta ingurumen hezkuntzan EHUren UNESCO katedraren zuzendaria da Ibone Ametzaga. Inguruneak gizakiongan duen eragina ulertzeko eta, hain justu ere, ingurunearen baitako izaki garela ulertzeko baliagarria den kontzeptu bat landu dugu NAIZ Irratiko Gelditu Makinak saioan. Zerbitzu ekosistemikoak dira «ekosistemen funtzionamenduari esker gizakiak naturarengandik lortzen dituen onurak». Hiru taldetan bereizten dira onura horiek: batetik, zuzenak daude. «Horiek dira zuzenean lor diztakegun onurak: elikagaiak, baliabideak, erregaiak, ura, ehunak, etab.». Bestetik, erregulatzaileak daude. «Identifikatzen zailagoak dira eta askotan ez gara ohartzen edo ez ditugu ikusiten, adibidez, mikroklima kontrolatzea, tenperatura, hezetasuna, ura araztea, polinizazioa, izurriteen kontrola, lurzoruaren emankortasuna, etab.». Hirugarren taldea da, berriz, kulturala. «Onura kulturala da norberak sentitzen duen lotura bere paisaiarekin, hezkuntzarako eta ikerketarako garrantzia, aisialdiarakoa edo balio estetikoa».

Onura, horiek nola baloratu, ordea? modu ugari dauden arren, adituak dio gehien eskatzen dena balorazio ekonomikoa dela eta horrek bere arriskuak dituela. «kalkuluak eta balorazioak egin daitezke baina naturak ematen diguna beti da guk bera zaintzen gastatzen duguna baino gehiago. Zeren, zer balio eman diezaiokegu espezie bati? Egia da, otso bat hiltzeari, edo hegazti bat hiltzeari balio ekonomiko bat jarri zaio, baina, benetan hori da balioa? Nik zenbat balio dut? balio genetikoa, adibidez. Zuk zelan ordaintzen duzu bakoitzak dakagun informazio genetiko hori? inoiz ez dugu jakingo zenbat balio duen. Zelan kalkulatzen dugu baso batek daukan informazio genetiko guztia, hor dauden funtzio guztiak, erlazio guztiak, ematen dituen onura guztiak, edo zelan ordaindu daiteke giza-talde bat bere eremutik atera eta lur horrekiko lotura galtzea? nola ordaintzen da kutsadura?». Naturaren ustiapenetik argi du: «irabaz daitekeena baino askoz gehiago galtzen da». Balorazio ekonomikoak egiten dira, baina, inoiz ez gara helduko benetako balio batera. «Eta, gainera, merkeagoa da, ekosistemek doan egiten dute! Guk inbertitu dezakegu araztegi batean bere eraikuntza eta mantenu kostu guztiekin, aldiz, padurak edo ibai-basoak funtzio hori egiten ari dira etengabe eta guk baino hobeto».


Zerbitzu kulturalak

Ingurune natural batek egitura kulturalean duen eragina eta atxikipen emozionala izan daitezke onuren sailkapenek aspektu subjektiboenak eta, ondorioz, argudio gisa baztertzeko joera dagoena. Ametzagaren esanetan, «gero ta gehiago ohartzen gara zer lotura dugun gure lurrarekin, paisaiarekin, inguruarekin eta nire ustez horrek lagundu beharko liguke erabakiak hartzen ditugunean ulertzeko». Izan ere, ulertzen ez dena ez da berdin baloratzen. «Uste dut zerbitzu kulturalak aintzat hartzeak lagunduko lukeela pentsatzeko zertan ari garen eta nora goazen».

Oinarrizkoena lekuko biodibertsitatea da eta horrek baimentzen du ekosistemen funtzionamendu konplexua. Biosferan denbora gutxian ematen ari diren izugarrizko aldaketek ezegonkortasun batzuk dakartzate, espezieek denbora gehiago behar dugulako egokitzeko eta hori izan daiteke zenbait erabaki baloratzeko talaia. «Eukaliptoak-eta aipatzen direnean, ea onak edo txarrak den, argi izan behar dugu sistema desberdinak direla. Espezieak ez dira ez onak, ez txarrak, kudeaketa da auzia eta bermatzen ez diren funtzioak. Basoetan garrantzitsua da bertako espezieen dibertsitate genetikoa eta giza-eskuartzeetan joera dugu denak berdinak izanarazteko».

Ekointerdependentzia

«Naturak egiten duena ziklo bat da: espezieek, beren hazkuntza bizitzarekin baldintzatzen dute beste espezieentzako bizitza. Zuhatz bat hazten da eta baldintzak garatzen ditu beste espezie batzuentzat. Eta guk? ari gara baldintzak bermatzen? Lurreko intsektu guztiak desagertuko balira, 50 urteren buruan lurreko bizitza desagertuko litzake. Aldiz, gizakia desagertuko balitz, inoiz baino natura oparoagoa egongo litzateke. Hori da arazoa, zer ari garen egiten hori horrela izateko». Ametzagak dio biomimesiak lagundu dezakeela ulerkeran eta, bide horretatik, gero eta ohikoagoa dela eremuak bere horretan uztea, babes neurri gisa padurak erabiltzea eta, luzera begira, izan daitekeen irtenbide egokienak direla barneratzea.

Paisaia, hala ere, ez da natur eremu bat soilik eta, ingurune naturala izanik ere, artifizializatua egon daiteke. Urteen poderioz, elementu horiek paisaiaren parte egin dira eta atxikimendu bat garatu da eurenganako, bakoitza paisaia batera eginda gaude eta elementu horiek paisaiaren parte dira. «Erabat ulergarria da paisaia batekiko lotura izatea, horregatik da garrantzitsua galdetzea, eurekin hitz egitea, ikusi onurak gehiago izango direla, paisaiaren leheneratzea ulertu, hezkuntza falta zaigu, izatez, jendea ikasteko prest baitago». Atxikimenduak eta zerbitzuak lantzerako orduan baina, doktorea ez da ekidistantea eta ez dago epelkerietarako: «eremu artifizializatuak leheneratzeko sekulako lan pedagogikoa egin behar izaten da eta, kontrara, natura suntsitzeko ez dago galdeketarik. Ikusi besterik ez dago Bilboko zuhaitzen afera, ez da kontsultatu, jendea kontra egon da eta, hala ere, bota dituzte». Paisaia “win-win” batera joan behar dugula dio Ametzagak, denok irabazten dugun, baina inork maximoa lortzen ez duen eszenatokira. «Ekosistemek ez dute ezer maximizatzen, egiten dutena da asko eman».

Paisaia iraunkorrak

«Guretzat adibide ona da lehengo paisaia, neurri batean, iraunkorra zelako eta beharrak asetzeko ematen zuelako. Orain, mundu global honetan, zerbitzu asko kanpotik ekartzen ditugu. Baserritarrei lurra saltzea eskatzen zaie fotovoltaikoak jartzeko. Zentzurik al du lur emankor bat energia lortzeko erabiltzeak? Inoiz ez dugu horretan pentsatzen, baina, elikagai krisirik balego eta elikagairik helduko ez balitzaigu salduta geundeke». Agroindustriatik ekoizpen txikiagoetara pasatzea da gakoa, besteak beste, iraunkorrak direlako eta ekosistemen zerbitzuak beharko ditugulako. «Arabako ekoizpen ekologikoetan egindako ikerketa batean ikusi dugu zein garrantzitsuak diren azpiegitura berdeak eta hesi biologikoak, paisaia dibertso bat izateak nola erakartzen dituen polinizatzaile gehiago eta hori nola islatzen den uztan».

Funtsean, ongizatea eta bizi-kalitatea eskuragarriagoa izan dadin, ekosistemek uste baino gehiago eta aspektu gehiagotan egiten dute mesede eta horien funtzioen ulerkera zabaltzea lagungarria izango da, ezinbestean.

Jaurlaritza Logoa