Live
Orain bi bat urte, gutxi gorabehera, Bergarako betiko lau lagunek, beren errutina alde batera utzi, motxila hartu, eta elkarrekin bidaia bati ekin zioten: Amaia Arregi, Garazi Bengoa, Olatz Basterra eta Nerea Mujika dira. Bada, azken horren lekukotzatik Hego Amerikako zenbait herrialdetan murgilduko gara saio honetan: «Altxor bat izan da betiko lagunekin horrelako bidaia bat egin ahal izatea».
Txile izan zen beren lehen geldialdia, ozeanoz bestaldera salto egiteko modu merkeena Santiago hiriburuan lur hartzea zelako. Bueltan etxeratzeko bidaia txartelik, ostera, ez zuten erosi. Hasiera batean, sei hilabetez bidaiatzeko aurreikuspenarekin abiatu arren, baina azkar baino lehen aldatu ziren beren asmoak. Mujikaren bidaiak, adibidez, ia bi urte hartu zituen. «Elkarrekin ekin genion abenturari, baina argi genuen nork bere beharrak, ametsak eta helburuak zituela», azaldu du elkarrizketatuak, «horregatik, argi genuen posible zela momenturen batean bakoitzak bere bidea jarraitzea».
Batzuetan, kuadrillakoekin, beste hainbatetan bidean ezagututako lagunekin, baita bakarrik ere, bidaiatzeko askotariko moduak ezagutu zituen Mujikak. Hala, bere esperientziako zenbait zertzelada nabarmendu ditu saioan: errepide australean egindako autostopa, Valparaisoko boluntariotza, Amazonaseko tripetan barrena, Kolonbia, Brasil zein Peru elkartzen diren punturaino egindako bidaia, ia etxe bihurtu zitzaion Kapurgana (Kolonbia) eta Ekuadorreko sumendi batera bidean harrapatutako ekaitza elektrikoa.
Txilen hasi zuen Mujikak bidaia. Eta, Txilen amaitu, Valparaison. «Herrialde horrek betirako arrastoa utzi zigun. Zikloa bertan itxi nahi nuen». Era berean, oso berezia zaion pertsona batek ere bultzatu zuen, nolabait, kostaldeko hiri horretara bueltatzera. Egun, bikotekide du lau lagunen abenturaren hasieran ezagututako Cristian. Bada, elkarrekin egin zuten itzulera Bergarara. «Gogorra bezain polita» izan da Mujikarentzat, bi urteren ostean, buelta. Nolanahi ere, ez zaio bidaiatzeko grina amaitu. Zein izango ote da bere datorren abentura?