Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Interview
Oihana Herrera
Melenas taldeko abeslari, gitarra-jotzaile eta teklatu-jotzailea

«Musikaren mundua oso prekarioa da eta gutxi batzuk bizi daitezke honetatik»

Leire Zabala, Maria del Amor, Lauri de la Torre eta Oihana Herrera dira Melenas taldea osatzen dutenak. Urte batzuk badaramatzate dagoeneko elkarrekin Iruñeko lau emakume hauek bai lokalean eta baita oholtzan ere, baina orain da beren momentua. Hori iradokitzen digu diskoaren izenburuak, ‘Ahora’.

Audio_placeholder

«Musikaren mundua oso prekarioa da eta gutxi batzuk bizi daitezke honetatik»

Loading player...
‘Ahora’, estudioko hirugarren diskoa, kaleratu berri du Melenas talde iruindarrak.
‘Ahora’, estudioko hirugarren diskoa, kaleratu berri du Melenas talde iruindarrak. (José DELOU)

Gabon Oihana.

Gabon, zer moduz?

Ondo eta zu?

Ondo, oso pozik.

Elkarrizketa hasteko modu bitxia izango da hau, baina badakizu zer gogoratzen didan diskoa irekitzen duen ‘Ahora’ kantuak? Ipar Amerikako amerindiarren euriaren dantza eta akelarre baten arteko nahasketa.

Bada, hala da, ez zabiltza urruti, hortik doa ideia. Diskoa irekitzea ‘Ahora’ esanaz eta sorginkeria moduko zerbaitekin, mantra hau errepikatuz, akelarre bat bailitzan. Hau da diskoaren izenburua ere.

Orain edo inoiz ez diozue uneren batean ere. Zergatik hori?

Egia da gerora konturatu ginen momentuaren istorioaz. Denboraren garrantziaz hitz egiten dugu denbora, nori eskaintzen diozun, norekin pasatzen duzun denbora… Azkenean momentu presenteenaren garrantziari abesten diogu. Beste guztia eginda genuela, bazegoen kantu hau eta diskoaa irekitzeko egokia egokia iruditu zitzaigun eta baita diskoaren izenburu bezala jartzeko ere.

Taldeari buruz hitz egin behar dugu, lehendabizikoz elkartu garelako, nahiz eta ez den lehen diskoa. Europa mailako talentu sari bat eskuratu zenutenean izan genuen lehenengoz zuen berri.

Bueno, gu 2016ko udan hasi ginen, ondo pasatzeko asmoz, intentzio handiegirik gabe. Kontzertuetara joaten ginen eta gure inguruan talde pila bat zeudela konturatzen ginen. Gau batean Mariak esan zuen gustatuko zitzaiola talde bat egitea eta nik esan nuen niri ere baietz. Txikia nintzenean bibolina ikasi nuen eta une hartan gitarrarekin frogak egiten hasi nintzen eta abesti batzuk konposatzen ere bai.

Partekatu nuen egiten ari nintzen hori beraiekin eta taldea egiten saiatu ginen. Mariak Lauriri idatzi zion, bateria bilatzeko bidean bera etorri zitzaiolako burura eta baietz esan zion. Gero gauza bera gertatu zen Leirerekin eta entseatzen hasi ginen, baliabide handiegirik gabe, denok ere instrumentuekin nahikoa hasiberriak ginelako. Bost abesti genituela Guillerengana joan ginen, orain bezala, laguna genuelako. Bada bost abesti hauek grabatu eta segituan irratietara iritsi zen eta zuzenekoak ematen ere hasi ginen, eta, pixkanaka gauden lekuraino iritsi arte.

Hala ere ‘K2’ kantua entzutean atzera begira jartzen gara. Denboraren iragarkotasuna protagonista, baina ingurua zaintzeko izaten ditugun zailtasunak ere bai, ezta Oihana?

Bai, beno argi dago zeri buruz doan. Eguneroko lan eta egin beharrekoek benetan garrantzitsuak diren gauzak ahaztera eramaten zaituzte eta ez duzu hori egin nahi eta egiteko modu hori aldatzea beharrezkoa dela uste duzu. Kontzientzia modukoa ari zaizu hizketan.

Zergatik titulu hori?

Kantu hau duela denbora bat jotzen hasten ginen, Kraut 2 bezala, beste Kraut bat bagenuen. Eta halako batean, diskorako izendatzerakoan, konturatu ginen mendiak ere bazuela izen hori eta paralelismo hori gogoko genuen, mendi tontorrera igo eta neke horren zama duzunean dena garbi ikusten duzunekoa. Gainera, disko guztietan toki izenak baditugu, Alfajarín lehenbizikoan, bigarrenean Iruñeko Los Alemanes parkeari egin genion eta, orain, K2.

Kasu honetan sintetizadoreek kantua asko jazten dute, baina 60etako folk rock kantu baten kutsua duela iruditu zait. Zuek zein garaitatik edaten duzue?

Guk abestiak egiten ditugunean ez dugu horretan pentsatzen. Egia da musika pila bat entzuten dugula eta horretatik abestietara gauza pila bat pasatzen direla. Baina kantuak natural sortzen dira. Argi eta garbi dauden eraginak badira gure abestietan, Stereolab bezalako talde bat esaterako beti oso presente dago. Baina baita Maringirls bezalako taldeak, guretzat eragin oso handia zirenak guretzat. Eta bai, 60etako kantuak entzun ditugu eta baita orduko melodia polit eta kutsakorrak ere, gustatuko litzaiguke halako zerbait egitea.

‘1986’ kantuak, berriz, erritmoetan surf eta ye-ye ukitu bat badu. Kantu honetan ez zait iruditu gitarrarik entzutean.

Diskoan bi abestietan soilik daude gitarrak, baina egia da kantu hau hasiera batean gitarrarekin konposatu zela. Baina, gero, teklatura pasa nintzen eta halako ariketa asko egin ditugu disko honetan. Aurrekoetan gitarrarekin konposatzen nuen, baina izatez nire instrumentua teklatua da. Hortaz, ari nintzen gitarrarekin eta teklatuko sonoritatearekin jolastu nahi izan nuen, zer gertatzen zen ikusteko.

Letrei erreperatuz, ezinbesteko galdera. Beti errebelede izaera duzue?

Bai, kar-kar. Laurok gainera bagara pixka bat horrela, abestiak esaten duen moduan, arriskuak badaude baina hori egiteko beharra ere sentitzen dugu.

Baina, aldi berean, adinarekin gurasoen esanek zentzua hartzen dutela ere erakusten duzue.

Jakina. Baina nahiz eta hori jakin, izateko modu horrek hor jarraitzen du, ezta? Ez akaso hain gauza sinpleekin, baina beste batzuekin bai.

Urte hori erreferentzia bezala hartzen duzue, baina sakoneko galdera bat badut. Mundua izugarri aldatu da edota transformatu da eta oinarrian egoerak bera izaten segitzen du?

Ui, ze transzendentala. Nigan sentitzen dut bi edo hiru bizitza bizi izan ditudala. Nire gurasoek izan ninduteneko adina dudala orain, asko pentsatzen dut nolakoa zen haien egoera eta nolakoa den nirea, eta sentitzen dut zailagoa dagoela guztia orain, egia esanda. Badago oraindik asko aldatzeko eta ez dakit hobera goazen edo ez.

Zuek oholtzan lau emakume izanda, oholtzan egoera aldatu da 1986tik hona. Baina, egoera aldatu da edo itxura gehiago da benetan aldatu dena baino.

Aldatu da baina pixkanaka. Hasi ginenean ez zitzaien ikusgarritasun gehiegi ematen Espainian emakumezkoen taldeei, eta une horretatik aurrera gehiago eman zaio eta oso nabaria da hori. Batez ere ikusita geroz eta emakume gehiago daudela taldeetan, musika oso ona egiten eta, aukera emanez gero hor egon gaitezkeela erakutsiz. Kalitate oso onarekin, bestelako proposamen oso interesgarriekin eta egin behar dena da emakumeei tokia uztea da. Eta ez soilik oholtzan, baita ere produkzioan edota bestelako arloetan ere musikaren sektorean.

Arrazoi duzu, ez zaie espaziorik ematen eta gainera bestelako ikuspegi batzuk, mezu batzuk eta soinu batzuk lortzen dira. Dena aldatzen da. Esaten nuen hori guztia, hasi zinetenean maskulinoagoa zen mundu batean hasi zinetelako eta hor ere bilatuko zenituztelako hainbat traba.

Bai, guztiz. Eta nabarmentzen duzu jotzera zoazenean begiratzen zaituztela zalantzarekin, mesfidati, ea zer egiteko gai garen bezala, konfiantzarik gabe zure proposamenarekiko. Baina lauka elkarrekin bat egin dugu eta horren aurkako erresistentzia egin dugu. Eta horri buruz ere badoa disko hau, edota ‘Bang’ abestia.

Oso berezia da ‘Dos pasajeros’ kantuaren sarrerako soinua. Bossanova erritmoa duela dirudi erritmo kutxak, casiotone soinua duena.

Pila bat gustatzen zaizkit eta diskoan erabili ditugu, gainera.

Baina hemengo soinuaren kalitatea beste bat da. Gurasoek zure musika ibibidean konfiantza minimo bat jarri eta teklatu hobea erosten dizutenean, bada teklatu horren soinua du. Beste sofistikazio bat du.

Jotzen dudan teklatua eta diskoan erabiltzen dudana, nire gurasoek nerabezaro atarian oparitu zidaten teklatua da. Erritmo kaxa hori ez da horretatik atera, baina bai aterako zela beste teklatu batetik. Sonoritate horiek pila bat gustatzen zaizkigu, badute lo-fi kutsu hori. Sekulako gogoa genuen baita ere estilo desberdinetako mix hau sartzeko diskoan eta hor ibili ginen erritmo kutxekin jolasean eta hortik sortzen dira abestiak.

Mezu aldetik asko gustatu zait abestia eta nahi gabe ematen diren elkarketak betirako izan daitezkeela esaten da. Ez dakit abestiaren atzean benetako istorio bat ote dagoen edo ez.

Ez du istorio espezifiko batetaz hitz egiten, baizik eta beti zurekin daramazun pertsona horri buruz hitz egiten du. Bakoitzak badu halako pertsona bat, edo bi edo hiru eta bizitzan eduki ditzakezu halako pertsonak gertu edo urrun, baina zurekin bidaiatzen ari dira. Horregatik ’Dos pasajeros’.

Segidan dator ’Flor de la frontera’, eta ez dakit pentsatu duzuen edo ez, baina western ukitu bat hartu diot guztiari, erritmoagatik batez ere. Desert synth-rock bezala bataiatu dut hau. Gero muga ere aipatzen da, baina ez dakit Pirinioetako mugaz ari zaren edota Bardeak eta Aragoi zeharkatzen dituenaz ari ote zaren.

Bada begira, amatxi Auritzen jaio zen eta guk txikitan denbora asko pasa genuen bertan. Letra abestia eta gero etorri zen. Baina badu misterio hori, laino arteko hori, egunez joaten direnak baina gauez berriz ere herri guztia hartzen dutenak… Mendien berdea, hotza… Badu misterio kutsu hori melodiak eta abestiak eta hortik doa westerna. Behin abestia geneukala pentsatu genuen letra eta momentu horretara eraman ninduen. Nire amatxik baditu orain 95 urte eta badauka berezitasun hori, oso indartsua delako eta sentsibilitate eta hauskortasun hori ere bai.

Lehen aipatu duzu ‘Bang’ abestia, eta abesti honek sekulako energia ona du. Nota bera bi zortzidunetan jota a zer nolako efektua lortzen duzuen sarrera horretan.

Super guaya da, baietz? Baina badakizu zergatik den? Korg Delta teklatua erosi nuenean ateratako abestia delako eta horrelako sonoritate hauek dituelako, sekulakoak direnak. Modulatu dezakezun sintetizadore bat da eta filtroekin eta abarrekin, sekulako emaitzak lortzen dira. Beraz, sarrera hori, teklatuari eskainitako sarrera da.

Hasieran harrapatzen zaitu, baina gainerako instrumentazio dena sartzen denean, hunkitzen du bat. Kantuaren mezua, berriz, oso indartsua da. Esaldi eder bat badu: «Sera mejor callarnos, ¡Ja!».

Abesti honek bi gauza esaten ditu aldi berean. Batetik esaten du ez, ez dudala kasurik egingo, eta, bestetik, dio goazen, jarraitu dezagun aurrera gure bidean, kasurik egin gabe komentario guzti horiei. Lehen hitz egin dudan horren inguruan da hori ezta? Gure borroka bat izan da urte guzti hauetan eta laurak batera hemen jarraitzen dugu, esan dizkigutenei kasurik egin gabe.

Iruzkin negatiboak zuzenean egin dizkizuete?

Beno, ez eta bai. Betikoa ezta? Twitterren norbaitek zerbait esaten duenean edota tokietara joaten zarenean nolabaiteko zalantzak ikusten dituzula. Zure balioa bi aldiz edo gehiago erakutsi behar izaten duzu eta horrek segurtasun eza areagotu egiten du. Ez zaigu okertzen uzten, okerren bat eginez gero segituan esaten digutelako emakumeoi ez dugula balio. Hori hasieratan pila bat nabaritzen genuen, dena perfekziora bideratzen genuen eta errua gainetik kentzen ibiltzen ginen. Baina lanketa askoren ostean gure buruari hankasartzeak egitea baimentzen diogu. Talde guztiei gertatzen zaie eta ikasketa prozesu hori bizi egin behar da.

‘Promesas’ kantuak badu sehaska kantu baten kutsua. Lo hartu aurretik norberak bere buruari esaten dizkion kontuak daudela hemen iruditu zait.

Ez zen hasierako ideia, baina orain esaten duzularik bai, hori ere bada, lasaitasun kantu bat da. Sekuentziagailu horrek bihotz taupadaren sentsazioa ere ematen dio kantuari, meditazio moduko batetara eramaten zaituena. Baina, berez betetzen ez diren promesen inguruan hitz egiten du, saiatu behar da halakoak ez egiten, baina momenturen batean gerta daiteke.

Kontrapuntua jartzen dio ‘Tú y yo’ abestiak. Egun eskas baten aurrean, pertsona batek nola eman diezaiokeen buelta egun horri, eta normalean badakizu nor den pertsona hori.

Zerbait egiteko gogoz zaudenean nori deitzen diozu? Bada pertsona horri, ezta? Laguntasunari omenaldi bat da eta abesti honekin atera genuen diskoa, laguntasuna ospatzeko eguna zelako diskoa kaleratu zen egun hura.

Diskoa aurresalmentan aspaldi samar jarri zenuten, Mushroom Pillow zigiluarekin kaleratu duzue, gainera. Zigilu oso garrantzitsua da hau. Nola hasi zen haiekin harremana?

Aurreko diskoak Elsa Records eta Snap! Clap! zigiluekin atera genituen, oraintxe oso lagunak direnak eta Do It Yourself eszenakoak direnak. Hasieratik egon dira haiek gurekin. Bada, disko honekin Mushroom Pillow zigiluak bere interesa azaldu zigun eta hizketan hasi ginen. Haien proposamenak entzun genituen eta Espainiar estatura begira haiekin ari gara lanean eta oso pozik gaude, salto bat izan delako guretzat zentzu horretan. Nazioartera begira, berriz, Trouble In Mind zigiluarekin gabiltza, eta horrek ere ematen digu indar handia, batez ere bidaiatzea gustatzen zaigulako. Europan bira bat egin genuen duela bi urte eta oso ondo pasa genuen eta haiekin hasi ginen bezain pronto Austinen, Texasen, Ameriketako Estatu Batuetan, izan ginen South by Southwest festibalera. Zigilu honekin egotea laguntza handia da horretarako.

Bira berrian Euskal Herrian izan zarete Donostiako DabaDaban. Iruñeko Zentralen izango zarete orain azaroaren 4an eta 9an Bilboko Kafe Antzokian. Bira gehiago zabaldu da?

Pila bat data ditugu. 2023a bukatu arte astebururo badugu kontzerturen bat. Izan gara Bartzelonan, bagoaz Madrilera, Lanzarotera, Parisera… eta beste hainbat kontzertu ditugu. Eta 2024an beste Europako bira bat dugu eta Berlinera iritsiko gara, orain arte ez garela bertan inoiz egon taldearekin. Gogotsu gabiltza.

Kasu honetan ‘Mal’ ezin duzue esan, baina lanaren inguruko ezbai klasiko bat ekarri duzue abesti honetan. Zuek begira zer zigilurekin zabiltzaten, zer nolako bira aipatu diguzun… baina musikatik ez zarete bizi, afizioa ezin lana bihurtu oraindik.

Lauok badugu beste lan bat, hortaz, bi lan ditugu. Musika eta bestea, eta esfortzu handia eskatzen du honek guztiak, jakina. Baina beno, gutaz aparte orokorrean horrela izaten da. Abestiak dio, «lo mejor de trabajar es no trabajar» eta hori nola izan daiteke posible, hainbeste ordu sartzen baditugu lanean eta ez badugu beste aukerarik? Ez du zentzurik.

Aipatzen nuen hau, askotan Euskal Herriko talde bat kanpoan jotzen ikusten dugunean kontrakoa pentsatzera eraman gaitzakeelako.

Bai, hala da. Musikaren mundua oso prekarioa da eta gutxi batzuk bizi daitezke honetatik.

Festibalak eta zapaldu izan dituzue.

Lehen diskoarekin dagoeneko festibal pila bat zapaldu genituen. Primavera Sound, FIB, Low… eta abarretan jotakoak gara eta gustukoak ditugun txikagoetan ere bai, zeinetan kontzertu guztiak ikusi ditzakezun. Austinen, Texasen, esan dudan moduan South by Southwest jaialdian ere izan ginen eta Bretainian La Route du Rocken edota Frantziako Levitationen jotakoak gara. Etxekoetan DabaDabak antolatu izan dituen hainbat jaialditan egon gara, Santas Pascuasen izan gara eta BBK Live eta BIMEn ere jotakoak gara.

«Fuistes y serás siempre mi hit eterno», esaldi oso polita ‘Mil canciones’ kantuan. Pertsona bat kantu batekin lotzeko ohitura baduzu.

Bai, bai, noski eta kantu hori elkar ikusteko puntu bat da. Kantu bat horri buruz da, abestiei eta horiekin erlazionatzen dituzuen pertsonei egindako omenaldia da.

Bada, esandakoa, bira hasiera ona izan dadila eta ‘Ahora’ ez dadila momentuan soilik geratu, uneaz disfrutatzea garrantzitsua den arren.

Mila esker, aio!

Jaurlaritza Logoa