Live
«Entseguetan ordenagailua piztuta izaten dut, beti anplifikagailua konektatuta eta grabatzen»
«Entseguetan ordenagailua piztuta izaten dut, beti anplifikagailua konektatuta eta grabatzen»
Gabon Arkaitz, zer moduz?
Kaixo Iker, ederki, mila esker gonbidapenagatik.
Ez dakit diskoaren izenburua proiektuari mila buelta emateagatik-edo izan den, baina behelaino arteko bidea, argazkia ateratzerainokoa, nola izan den jakin nahiko nuke.
Ibilbide pixka luzea izan du egia esanda. Ideia 2005ean bururatu zitzaidan baina lehen abestia 2008an kaleratu nuen. Bere garaia Gaztesarea proiektu komunikatiboa zegoen eta bertako webgunean zabaldu nuen abestia, gerora nire webgune propioa sortu nuen eta tantaka bertan zabaltzen nuen nire musika, radarretik pixka bat kanpo eta zuzenekorik eman gabe. Gero kolaborazio batzuk egin nituen jaietarako, argazki erakusketaren batetarako, hauteskundeetarako… eta zuzenekoren bat ere eman nuen taldea osatu eta martxan jartzeko saiakera horretan. Azken urteotan geldi samar egon da, lokalean lantzen, eta azkeneko bietan benetako dedikazio bat eskaintzeko aukera izan dut iritsi garen tokiraino iristeko.
‘Ase arte’ kantuak beste zerbaitetaz hitz egiten duen arren, asebeteta geratu zarela esan dezakegu?
Soberan, oso gustura geratu naiz lan asko egin eta gero gauzek funtzionatzen dutela ikusten duzulako. Soinuarekin eta Bonbereneako lagunek emandako babesarekin oso pozik.
Dena dela, kantari helduz, ase gabe geratu dena zein da, gizartea bera edota gizartea txotxongilotzat hartzen duen botere faktiko hori?
Batez ere botere faktiko horiek, jendearen izerdiaz elikatzen direnak. Baina tamalez gizarteari ere ase ezin bilakatzen erakusten diete. Bizitzan hainbat helburu jartzen dizkigute eta, nahiz eta horiek eskuratu, gehiago nahi izatearen sentsazioa ere sortzen zaigu.
Zuk halakorik ikusi duzu zure bizitokian, Egian. Proiektua hasi zenetik gaur eguneko Egiaraino argazkia asko aldatuko zen, ezta?
Bai, bai, auzoko argazkia dexente aldatu da. Garai hartan gazte mugimenduan ibiltzen ginen eta gaztetxea bagenuen, Amets-enea, eraitsi zigutena eta gaur egun halakoak ere faltan botatzen dira.
Dinamikak maite dituzu, baina abesti honetan bada halako bukle moduko bat baxuaren eta bateriaren artean.
Gitarra riff batetik abiatzen da kantua eta gero bigarren gitarra eraiki nuen, gero etorri zen baxua eta indartsu etorri zen gainera, pozik geratu nintzen horrekin.
Bonberenean bertan grabatu duzu Txapekin, pentsatzen dut erreferente izango zenuelako, eta bere marka presente geratu da.
Esan duzun moduan erreferente da eta Lisabö zale amorratua naiz. Adikunerekin pare bat abesti grabatu genituen berarekin eta proiektu luzeago eta serioago bat grabatzeko nahia ordutik izan dut. Bere marka utzi du soinuan nola ez eta, berezitasun moduan, baxuaren eta bateriaren arteko jolas eta harreman basati hori oso agerian geratu da.
Diskoari izena ematen dion kantua aurkitzen dugu bigarren tokian diskoan, ‘Segurtasun eza’. Atentzioa ematen didana bigarren gitarra hori da, alarma egoera moduko zerbait sortzen dit.
Badu halako ezinegon sentimendu bat bere baitan eta hori zen nahia, giro hori sortzea.
Zugan duzun segurtasun ezaz, gizarteak duenaz, saltzen diguten horretaz… Zerri buruz ari zara?
Denetarik pixkat, baina abestiak jasotzen dugun informazio mordoaren artean egia bereiztea zaila dela aipatzen du. Janariarekin ere antzerako zerbait gertatzen da, horregatik «zer entzun, zer dasta», ezin baitzara fidatu gehiegi jaten duzun horretaz ere. Eta nik pertsonalki horiek ere sentitzen ditut, baina diskoa ateratzeko ere nire segurtasun ezak izan dira halako eragozpen bat, zorionez gainditzeko zortea izan dudala. Jon Olanok, nire lagun eta idazlea denak, gomendio bat egin zidan: «Zuk pentsa ibilbidea egina duzun musikaria zarela eta hau lan berri bat dela». Bada, horrek asko lagundu zidan azken erabaki hori hartzeko».
Askotan zerbaitek ‘klik’ egiten dizu, zoriz.
Bai, batzuetan gauzek funtzionatzen dute, besteetan ez; batzuetan lan asko egin behar duzu, besteetan hasieratik mahaia jarrita dago eta apenas egin behar duzu ezer… Askotan bada zorte kontua eta inspirazioaren zera hori ere hor dago. Esaten da batzuetan musikariei abestiak eginda etortzen zaizkigula eta halakoak ezta? Bada batzuetan erdi-egosiak datoz eta besteetan asko kozinatu behar da.
Dena dela, zuk kozinatze lanetarako, su txikian egitea aukeratu duzu guztia. Ez soilik pasa duzun denboragatik, baizik eta kantuek ere suaren bueltara eramaten gaituztelako. Kantu luzeak dira, babarruna lapikoan jarri eta hari begira entzuteko modukoak.
Kantuak luzatuz doaz, era progresiboan, baina ez da propio egindako zerbait izan. Ez dira erraz jateko kantuak, entzunaldi bat baino gehiago ere eskatuko dute seguraski, baina hori da estiloa eta hori da ni mugitzen naizen estiloetan topatzen dudana. Gustatzen zaionari ondo eta bestela pasa txanda.
Su txikitik, ‘Su grekoa’ kantura goaz. Harresiak eta halakoak aipatzen dira, ezinbestean Palestinara begira jartzen gaitu kantuak. Halako gairen bat zenuen buruan?
Bai, zehazki Donostiako 1813ko sarraskiari buruz hitz egiten du. Kantuaren letra idatzi nuenean 200. urteurrena zen eta orduan ere taldea osatu nuen eta abestia prestatzen ari nintzeneko horretan, Markel Ormazabal taldekideak esan zidan Donostiako sutea eta su grekoa konparatzen zituztela. Izenburu polita zenez, hortik atera zen letra eta izenburua.
Ez dakigunoi azalduiguzu mesedez zer den su grekoa.
Greziarrek bazuten halako arma oso potentea, likidoa, eta horrek su artzean sekulako tenperaturak eskuratzen ziren eta ez zen batere erreza itzaltzeko. Hortaz, beren armadek erasoetan eta erabiltzen zuten arma zen.
Dena erretzeko joera horretan ez da aldatzen gizakia gero.
Ez, egia da, badaukagu suntsipenerako halako tendentzia bat ez gaudenean zerbaitekin ados edota ondokoak guk nahi duguna egiten ez duenean.
Pausa moduko bat du kantuak, mina adierazteko izan da hori?
Bada, bai. Gaia errespetuarekin landu da eta halako solemnidade eta patxada batekin jokatu nahi izan nuen.
‘Berdin dio zer entzuten duzun, ez ireki begiak’. Kantuaren tituluak berak esaten digu nola entzun behar den.
Hasieran nahikoa leun eta gogortzen doa, nahikoa tenperatura altuetara.
Post-rockean normalean bi gitarren arteko elkarrizketak entzuten dira, baina gitarraren eta baxuaren artekoak ez hain agerian. Dena zuk bakarrik eraiki duzula jakinda, nola ordenatzen da hau guztia buruan?
Bai, egia esanda bai, arrazoi. Baxuak beste linea batean jokatzen du normalean. Honaino iristea hain zaila egin zaidan beste arrazoietako bat hori da, abestien egiturak nahikoa konplexuak direla eta gitarra geruza mordo bat badaudela. Baxua eta bateria normal samar daude, baina gitarrak batzuetan bost geruza dituzte eta besteetan hamabi ere bai. Etxean, lokalean… maketak egiten ibili naiz. Nire entsegu guztietan ordenagailua piztuta izaten dut eta beti anplifikagailua konektatuta eta grabatzen. Bakarrik egon naizenez eta beste batekin ezin izan dudanez interakziorik izan, looper eta halakoekin ibili naiz elkarrizketak sortzen. Probatzen, probatzen eta probatzen.
Zenbat giga edo tera eduki ditzake zure proiektuak disko gogorretan?
Esku tartean ditudanen artean, 150 gigabyte inguru dira, ‘Segurtasun eza’ proiektuaren bueltan. Baina orain arteko beste grabaketak ez dakit zenbateko tokia har dezakeen, beste 50 edo 100 gigabyte izango dira.
Audio proiektu bakoitza hasi bai, baina noiz bukatzen den ez baita jakiten.
Bai, askotan urteen arabera izendatzen dituzu eta akaso ez da ideiarik onena izaten.
‘Zuriuneak’ kantuan pianoa eta baxua besarkatzen ari direla esango genuke.
Poztekoa da halako jokoa ematen duela ikustea. Egia esan ez daukat hain presente horrelako zerbaiten bila joan izana. Badakit bukaeran pianoa desagertzen doala edota protagonismoa galtzen ari dela. Abesti hau 2009an edo sortu nuen, Nagore Lozano argazkilariarekin batera egindako erakusketa batetarako, Zestoako bainuetxeari egindako argazki batzuk egin zizkion berak eta nik abestia sortu nuen. Webgune bat ere eraiki genuen hori dena erakusteko, baina urteen poderioz hura ere desagertu zen. Kantuaren izena argazkiak zuri-beltzean zirelako dago jarrita, koloreen joko horretatik.
‘Zuriuneak II’ ere badator. Testura askoko kantuak dira, mihise zuri baten gainean margotzen aritu izan bazinete bezala.
Bai, hau ‘Zuriuneak’ kantuaren bukaerako riff batetik partitzen da abesti hau. Hori erabiltzen dut abesti guztia garatzeko oinarri bezala.
Zuriuneetan memorian lausotuta geratu diren pasarteak topatzen ditugu?
Bada, begira, horrelako pasarteetan ez nintzen pentsatzen jarri, baina horrek ere badu zentzua. Besterik gabe, eramaten uztea zen ideia letra apur hori idatzi nuenean. Zestoako bainuetxe horretan gertatu izan zitezkeen gauzak irudikatzen ibili nintzen, argazkietan jangela eta gainerako gelak hutsik ikusten direlako.
‘Bye, bye, woof woof!’ kantuaren sarreran entzuten dugun gitarraren riffak, hardcore melodikoan baxuak egin izan duen marrazkia gogorarazi dit.
Bada, musika horrek ez nau gehiegi erakarri, nahiz eta ziurrenik The Offspring bezalako taldeen oihartzunak izango ditudan hortik. Lagunen batek ere esan dit nahikoa poperoa dela, baina hori ez zen intentzioa.
Bigarren zati ilunago bat du abestiak, thriller ukitua ematen dio kantuari. Zer kontatu nahi izan diguzu honekin? Bi hankako zakurrei egindako erreferentzia da? Izan ere, «gu bakean ginean eta bazatozte zuek» hori etortzen zait burura.
Bada, egia esanda, ez dago misterio handirik abestiaren atzean. Ez dago helburu sekretu eta oso garaturik. Abestia horrela etorri zen eta kitto. Bi bloke nahikoa desberdin ditu, baina hari beretik sostengatzen dira. Eta bai, txakurren zaunkak daude, ingelesez, baina Mogwai taldeko Stuart Braithwaite gitarristari entzun nion taldeko abestien izenak lagunarteko txorakeriak izaten zirela, eta, oso zalea naizenez eta taldearen eragina bazuenez kantuak, erdi-omenaldi edo keinua egin nahi izan diot. Haiek ‘Gremlins’ pelikulako txakurraren izena eman zioten taldeari, bada, pelikula horren azken esaldia da nire kantuaren izenburukoa.
Hiru kantu disko fisikoan soilik topatuko ditu entzuleak, digitalean zazpi datozelako. Baina hiru horiek, ez dira biniloan entzungo, QR bidez digitalean baizik. Nostalgikoa zarela esango dizute, baina hautu politiko bat ere bada, ezta?
Bai, gainera ez zait hainbesterako iruditzen musika erostera bideratzea jendea. Interesik baldin baduzu, hori da normalena, nahiz eta sarean entzuteko aukera izan taldea babestu daitekeelako. Hortaz, nire diskoa fisikoan erosten duenari, opari txiki bat bezala eskuratzen dira beste hiru kantuak. Egia da biniloan hiru abesti horiek ez zirela kabitzen, binilo eta erdirako materiala nuela, eta, beraz, umezurtz geratzen zirela. Bi binilo ateratzea garestiegia zenez, diskoan zuzenean sartu gabe horrela argitaratzea iruditzen zitzaidan modurik egokiena. Aurrera begira nahiko nuke fisikoan ere ateratzea, baina, oraingoz behintzat, interesa duenari iritsiko zaizkio abestiak.
Zuzeneko taldea ere osatu duzu, Jon Agiriano, Fermin Mendaz, Iñigo Oza eta Iker Vazquezekin, egonkor nolabait ere. Noiz izango dira zuzenekoak?
Oraingoz azaroaren 12an Donostiako DOKA aretoan joko dugu, 18an Tolosako Bonberenean eta gainerakoak lotzen ari gara, abenduan, esaterako D’Elikatuzen izango gara. Azken bi horietan Modesto Newhousekin izango gara, hark ere Bonberenea Ekintzak zigiluarekin atera duelako.
Areto txikiei eta autogestionatuei garrantzia ematen diozu, nahiz eta azkenaldian haietan tokia izatea ere geroz eta zailagoa den. Musika esperimentalagoari tokia egitea asko kostatzen zaigu Euskal Herrian?
Bai, nik uste beti izan duela musika esperimentalak lurra askoz ere latzago bertan lanean aritzeko. Gaztetxeek badirudite eremu malguagoak direla, nolabait badira egia esanda, baina estilo hauek jende gutxiago erakartzen dute eta ulertzekoa da boluntario lanean aritzen direnek beren lana ere balioan jartzea eta aretoa jendez ikustea. Baina oreka hor dago beti, jendea erakartzearen eta artista txikiei laguntzearen arteko oreka.
Musika munduan inperio batzuk ere eraiki dira. Gainbeheran daude edota inperio handiagoak dira gutxiago izan arren?
Nik uste bigarrena dela, ezta? Inperio gutxi batzuen handitzea eman da eta haiek dute botere gehien. Interesgarria izan zen aurrekoan Jon Urzelairen ‘Su festak’ eta Nando Cruzen ‘Macrofestivales’ liburuen aurkezpena, Balio Dute kolektiboak egin zuena Egiako Teila Fabrikan. Interesgarriak iruditzen zaizkit eta espero dezagun inperio horiek gainbeheran etortzea.
‘Ziegan’ kantuko baxuak funk estilotik edaten du eta melodikak sekulako malenkonia ematen dio guztiari. Baina, mezuari helduz, bakoitza izan daiteke norberaren ziega?
Baita ere, eta gainera giltza ezkutuan eduki dezakegu atera ez gaitezen. Abestiaren berezko gaia espetxean dagoen pertsona baten eta bere bikotearen arteko elkarrizketa da. Ahots bakarrarekin grabatu dut, nahiz eta akaso bi ahotsetara ulerterrazagoa izan zitekeen. Elkar faltan sumatzeari eta bestearen tokian jartzeari buruz doa abestia.
Aipatuko dugun azkena, ‘Jaguar’ da. Kantu rockero konbentzionalena dela esan dezakegu?
Bada, agian. Zaharrena behintzat bai, riffak edukiko dituelako 18 urte eta abestia duela hamar bukatu nuelako.
Zergatik animalia hau?
Hemen ere ez dago istorio glamourosorik. Eduki nuen lehen gitarra Fender Jaguar bat izan zen eta gitarra horrekin egin nuen lehen abestia zelako.
Diskoaren azalean, behelainoan ez dakit, baina, ilunpean dagoen orein baten burua ikusten dugu. Ekaitz Zilarmendik egindako argazki bat.
Konturatu nintzen argazkiak eta diskoak gainera lotura dutela. Behelainoan eta iluntasunean dagoen orein horri diskoaren izenburua gehitzen badiogu, dramatismoa areagotzen dio. Albora begira dago, ez dakizu zerri begira dagoen, baina sekulako indarra hartzen du. Sare sozialetan fitxatu nuen argazkia, eta diskoa janzteko adina argazki argitaratu zituela ikustean, harremanetan jarri nintzen. Sekulako gustua eta begia du.
Zehar begiratuan, agina, jaguarrari begira dago.
Akaso izango du piztiaren bat inguruan.
Bada, mila esker gurekin izatearren eta gozatu kontzertuetan.
Mila esker zuri!